Bigarren aukerako errotzea (2025)
2025/12/10
— 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa (“LOEX”)
— 1155/2024 Dekretua, azaroaren 19koa, 4/2000 Lege Organikoaren Arautegia onartu duena (“RELOEX”)
— Errotzeagatiko erresidentzia baimenen inguruko argibideak (SEM 1/2025, Migrazioen Estatu Idazkaritza)
Zer da bigarren aukerako errotzegatiko erresidentzia baimena?
Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea. Figura hauen artean, bigarren aukerako errotzea da berri bakarra. Beste lauak lehenagotik ere existitzen ziren, nahiz eta hainbat aldaketa izan diren.
Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta.
Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.
Aldi baterako baimena da: urtebete irauten du eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.
⇒ Bigarren aukerako errotzeak, bere izenak argi uzten duenez, bigarren aukera bat ematen du egoera erregularizatzeko. Hau da, atzerritar bat Estatuan legalki bizitzen egon bazen eta erresidentzia baimena galdu bazuen (beti ere arrazoi larriengatik ez bada izan), aukera dauka bere egoera berriro erregularizatzeko.
Bestela azalduta: demagun pertsona batek erresidentzia baimena lortu duela eta, hala, Estatuan bizitzen egon dela, baina baimen hori ezin izan duela berriztu. Kasu horretan bigarren aukerako errotzea eska lezake.
Bigarren aukerako errotzeagatiko erresidentzia baimenak, berarekin batera, lan egin ahal izateko baimena ere badakar.
Nork eskatu ahal du?
Aipatu dugunez, jadanik legalki bizitzen egon diren pertsonak, baimen hori galdu eta euren egoera berriro erregularizatu nahi dutenak.
Beraz, erresidentzia baimen baten titularra izan behar izan zara eta zure erresidentzia iraungi bazen, berriztapena ukatu bazizuten edo arrazoiren batengatik erresidentzia galdu bazenuen, bigarren aukerako errotzea eska zenezake.
Noiz EZIN da eskatu?
Baimena aurreko urte bietan galdu behar izan da. Honek esan nahi du EZIN dela bigarren aukerako errotzerik eskatu pertsona Estatuan modu legalean bizitzen egon bazen, baina hau urte bi baino lehenago izan bazen.
Bigarren aukerako errotzea EZIN da eskatu, baldin eta pertsonak aurretiaz izan duen baimena ohiz kanpoko zirkunstantziengatik izan bada. Ohiz kanpoko zirkunstantziengatiko baimenak errotze baimenak dira; hortaz, lagun horrek aurretiaz errotze sozialagatiko edo errotze soziolaboralagatiko baimena izan badu, adibidez eta besteak beste, ezingo luke bigarren aukerako errotzerik eskatu.
Estatuan ikasle moduan egon direnek ere EZIN dute eskatu, ikasketengatiko baimena egonaldi baimena delako eta ez erresidentzia baimena.
Legeak dioenez, aurreko baimena EZIN izan da galdu ordena publiko, segurtasun edo osasun publikoko arrazoiengatik. Edozein kasutan, epaiketa izan bada eta absolbitu bazaituzte edo kasua artxibatu bada, bigarren aukerako errotzea eska zenezake.
Noiz eska daiteke?
⇒ Bigarren aukerako errotzea lortu ahal izango da, baldin eta ezin izan bada erresidentzia baimena berriztu edo luzatu, eskaera epea pasatu zaigulako edo ukatu digutelako baldintzaren bat ez betetzeagatik.
Adibideak. Hobeto ulertzeko, horra hor adibide batzuk:
- Txartela sasoiz berriztatzea ahaztu baduzu
- Iraupen luzeko erresidentzia izan baduzu, baina erresidentzia hori Estatutik kanpo behar baino denbora luzeagoa emateagatik galdu baduzu
- Lan eta erresidentzia baimena berriztera joan bazara, baina kotizazio nahikorik ez baduzu izan
- Lana bilatzeko erresidentzia baimena izan baduzu eta ez baduzu denbora horretan lanik aurkitu
- Kualifikazio handiko erresidentzia baimena izan baduzu eta arrazoi laboralengatik galdu baduzu
Zeintzuk baldintzak bete behar dira?
- Aurreko BI URTEETAN Estatuan.
Eskatzaileak egiaztatu behar du aurreko urte bietan Estatuan bizitzen egon dela. ADI! urte bi segidan; hortaz, denbora honetan zehar, Estatutik kanpora irtenez gero, egonaldi hauek, guztira, ezin izan dute 90 egun baino gehiago iraun.
- Asilo eskatzaileek ezin dute baimen hau eskatu.
Baimen hau eskatzen duen pertsona ezin da izan, aldi berean, asilo eskatzailea. Gainera, asilo eskatzailetzat ematen den denbora ez da kontuan hartuko erresidentzia baimena eskatzeko eta, beraz, asilo eskaera ukatzen badute edo eskatzaileak prozedura lagatzen badu, zerotik zenbatzen hasi beharko da. Azken araudiak ekarri duen aldaketa larria da hau.
- Aurrekari penalik ez.
Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.
- Tasa bat ordaindu behar da (790 eredua, 052 kodea).
Tasa hau eskaera egiten denean (eta, hortaz, tramitera onartzen denean) ordaindu behar da. 10 egun daude honetarako. 2025. urtean 38,28 euro dira. Tasa hau ONLINE ere ordaindu ahal da.
Dokumentazioa
— Eskaera-orria (EX10 eredu ofiziala)
— Identifikazioa: pasaportearen kopia osoa, inskripzio zedularen kopia edo bidaia tituluaren kopia
— Estatuan, gutxienez, bi urteko egonaldia egiaztatzen duen dokumentazioa. Modurik zuzenena errolda da, jakina, baina, ondo dakigunez, migranteek gero eta arazo eta oztopo gehiago pairatu behar dituzte erroldatu ahal izateko. Oso garrantzitsua da, beraz, bestelako dokumentu batzuk gordetzea egonaldia egiaztatu ahal izateko. Eskatzailea hemen bizitzen egon dela egiaztatzen duen edozein dokumentu atxiki ahal da, hala nola fakturak edo diru bidalketak (dokumentuan eskatzailearen datuak agertu behar dira) eta bereziki kontuan hartuko dira administrazio publikoren batek emandakoak, hala nola ospitalizazioak, kontsulta medikoak, udalarekin egindako izapideak edo kontsultak…
— Aurrekari penalen egiaztagiria
⇒ ADI! Oro har, dokumentuen kopiak eman behar diren arren, izapidea egiteko momentuan dokumentu originalak ere erakutsi behar dira. Hortaz, kopiak ez ezik, eraman bulegora jatorrizkoak ere bai. Izan kontuan beste herrialde batzuetako dokumentuak direnean, gaztelera edo euskarara itzulita egon behar direla (zinpeko itzultzaile batek egin behar du).
Dokumentazioaz eta betebehar hauetaz informazio zabalagoa Ministerioaren azalpen orri honetan kontsultatu ahal duzu:
Nora jo bigarren aukerako errotzeagatiko erresidentzia eskatzeko?
Herrialdeko atzerritarren bulegoak:
ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 480 (informazioa eta aldez aurretiko hitzordua)
Ordutegia: 9:00etatik 14etara
BIZKAIA:
Berroeta Aldamar 1 (Bilbo).
944 509 435
Informazioa (aldez aurretiko hitzorduen inguruan)
Informazioa (eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko)
Ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 9:00etatik 17:00etara; ostiraletan: 9:00etatik 14:00etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 9:00etatik 14:00etara (astelehenetik ostiralera)
GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 -sarrera Javier de Barkaiztegitik- (Donostia)
943 989 110
Posta-e: oficina_extranjeros.gipuzkoa@correo.gob.es
Ordutegia:
– 9:00etatik 17:30etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 8:00etatik 15:00etara
NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri) (Iruñea)
948 979 200
Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara
⇒ Gogoratu bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua hartu behar dela. Hau internetez egin daiteke, hurrengo helbide honetan:
⇒ Kontsultarik edo zalantzarik izanez gero, galderak online egin daitezke, honako helbide hau erabilita:
Bigarren aukerako errotzeagatiko erresidentzia baimena ONLINE ere eskatu ahal da. Hemen utziko dizkizuegu honetarako sarrera zuzena eta izapide honen argibide liburua jaisteko lotura:
Erresidentzia eskuratuta, TIE eskatu behar da
⇒ ADI! Erresidentzia baimena jaso ostean, TIE eskatu behar da. Hau da, kalean hatz markaren izapidetzat ezagutzen den hori egin behar da.
TIE atzerritarren identifikazio txartela da eta hobeto azalduta daukazu beste artikulu honetan.
Honako hauek behar dira identifikazio txartela ateratzeko:
- Eskaera-orria (EX-17 eredu ofiziala)
- Tasa bat ordaindu beharko duzu (790 eredua 012 kodea). 2025ean 16,08€ dira.
- Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria (dokumentu hau beharrezkoa da, baldin eta lanean hasi behar bazara, bai inoren kontura, bai autonomo moduan)
- Nortasun agiri tamainako hiru argazki (argazki dendan atera)
Izapide hau polizia komisaldegian egiten da (helbideak HEMEN) eta aldez aurretiko hitzordua behar da. Bertan hatz marka hartuko dizute eta frogagiri bat emango dizute. Handik hilabetera txartel fisikoa hartu ahal izango duzu.
