Hitzarmen motak
Hitzarmenak askotarikoak dira, hainbat klasifikazioren arabera bereizten dira eta:
Aplikazio eremua
— Sektore mailako hitzarmenak: sektore zehatz bateko enpresa eta langileei eragiten diete.
— Enpresa mailako hitzarmenak: enpresa zehatz bati baino ez diote eragiten.
Eremu geografikoa:
Hitzarmenak barne hartzen duten eremu geografikoaren arabera ere bereizten dira. Honela, erkidego mailakoak, herrialde mailakoak edo Estatu mailakoak izan daitezke.
Honela, baliteke, sektore berbererako hitzarmen ezberdinak egotea (eduki ezberdinekin), eremu geografikoaren arabera. Esaterako, metalgintza sektorean, herrialdeko hitzarmenak dauzkagu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erkidego mailakoa Nafarroan eta, hauetaz gain, metalgintza hitzarmen estatala ere badago.
Esan beharra dago Madrilen negoziatzen diren hitzarmen estatalak Hego Euskal Herrikoak baino okerragoak eta prekarioagoak izaten direla. PSOE eta PPk inposatutako lan eta negoziazio kolektiboaren erreformek, besteak beste, negoziazio kolektiborako gure eskubidea urratu eta hainbat hitzarmenen estatalizazioa ekarri dute, ondorio oso larriekin euskal langileon lan eta bizi baldintzetan.
Eraginkortasuna:
Eraginkortasunaren arabera ere bereiz daitezke, hau da, barne hartzen duten langile kopuruaren arabera. Honela, hitzarmenak estatutuaren araberakoak edo estatutuz kanpokoak izan daitezke:
— Estatutuaren araberakoak: Langileen Estatutuaren arabera egindakoak. Enpresa edo sektore osoko langileei eragiten diete, hau da, eraginkortasun osoa daukate.
— Estatutuz kanpokoak edo eraginkortasun mugatukoak: Ez daude Langileen Estatutuak ezartzen dituen baldintzen arabera negoziatuta eta ez diete eragiten sektore edo enpresako langile guztiei.
Negoziazioetan gehiengoak errespetatzen ez direnean, hau da, gutxiengo batek sinatzen dituenean, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak izaten dira. Horrelako hitzarmenek sindikatu sinatzaileetako kideak baino ez dituzte barne hartzen, beste langile guztiak albo batera utzita. Jokabide hau ohikoa izaten da gurean, batez ere, CCOO eta UGTren aldetik. Enpresa eta sektore askotan gehiengoa ez izan arren, patronalarekin honelako hitzarmenak sinatzen dituzte, agian soldata igoera edo eguneraketaren batekin, baina hainbat funtsezko gai ikutu barik eta langileen borroka desaktibaturik (askotan langileen asanbladaren erabakiaren kontra egiten da). Opari borobila patronalarentzat, ogi papurrak langileentzat.
Honelako hitzarmen bat sinatzen denean, esan dugunez, sindikatu sinatzaileen kideei baino ez zaie aplikatzen. Beste langileek, hitzarmena eurei ere aplikatzea nahi izanez gero, banan-banan eskatu behar diote enpresari atxikitzeko eta banan-banan sinatu (zenbaitetan, enpresak honela borrokan izan diren langileei sorraraz diezaiekeen umiliazioekin).