Zer egin okerreko hitzarmena aplikatzen badizute?
2026/05/13
Hitzarmen kolektiboak lan baldintzak jasotzen ditu: soldata, jardunaldia, oporrak, atsedenaldiak, eszedentziak, baimenak… Hala ere, enpresak, askotan, baldintza kaskarrago batzuk ezartzen ahalegiten dira. Honetarako, zenbaitetan, okerreko hitzarmena aplikatzen dute.
Enpresak ezin du aukeratu nahiago duen edo hobetoen datorkion hitzarmen kolektiboa. Izan ere, ez badauka hitzarmen propiorik, dagokigun hitzarmen sektoriala aplikatu behar digu. Ezin du erabaki, bere apetaz, ze hitzarmen aplikatu. Eremu geografikoari eta jarduera ekonomikoari dagokiona aplikatzera behartuta dago. Adibidez, ezin digu maila estataleko hitzarmen bat aplikatu, herrialde mailakoa baldin badagokigu eta ezin digu adibidez, merkataritza orokorreko hitzarmena aplikatu, metalaren merkataritza badagokigu.
Hitzarmen kolektiboaren inguruko hauek guztiak, baita ze hitzarmen aplikatzen zaigun nola jakin ere:
Iruzurrik ohikoenak
1. Baldintza kaskarragoak dauzkan hitzarmen bat aplikatzea
Beste sektore bati dagokion hitzarmena izan daiteke (adibide ohikoa “bulego eta despatxoen” hitzarmena izan daiteke, sarritan saski-naski moduan erabiltzen dena) edo beste esparru geografiko batekoa (adibidez, Estatu mailako metalgintza aplikatzea, Bizkaiko metalgintza aplikatu beharrean). Gurean negoziatzen diren hitzarmenek baldintza hobeagoak izaten dituzte langileentzat Estatuan sinatutakoek baino. Hau ez da kasualitatea, euskal gehiengo sindikal eta langileria aktibatu eta borrokalariaren emaitza baino.
2. “Enpresa honetan ez daukagu hitzarmenik, Langileen Estatutua aplikatzen dugu”
Akaso halakoren bat etzun duzu inoiz. Bada, seguruenik, iruzurra da. Langileen Estatutuak gutxienekoak bermatzen ditu, baina hitzarmenetan gutxieneko hauek hobetu egiten dira (gehiago ala gutxiago, hitzarmenaren arabera). Enpresak Estatutu hutsa aplikatuko balizu, gutxieneko soldata jasoko zenuke eta gehieneko jardunaldia egin beharko zenuke, besteak beste. Baina enpresa mailako hitzarmenik ez edukitzeak ez du esan nahi enpresa horrek hitzarmen zehatzik aplikatu behar ez duenik. Kasuren bat egon liteke, bai, baina hitzarmen probintzialak, autonomikoak eta estatalak badaude, edozelako jardueratakoak, eta oso posible da zure enpresako jarduera hitzarmen horietako baten aplikazio eremu barruan sartzea.
Bada, hala ere, hitzarmen kolektiborik ez daukan sektore bat: etxeko langileena. Ez dauka hitzarmenik oraindik, baina seguru gaude etxeko langileen borrokak laster izango dituela emaitzak.
Zer egin behar dugu halako kasuetan?
Ezer baino lehen, jakina, jar zaitez kontatuan sindikatuarekin, egoera aztertzeko eta prozesuan laguntzeko.
Enpresa okerreko hitzarmena aplikatzen ari bada, seguruenena da dagozkizun baino baldintza txarragoak eta soldata baxuagoa jasotzen egotea. Hau salatu ahal da. Ez kezkatu, aldez aurretik, hitzarmen horren pean arituko zarela adierazten duen dokumenturen bat sinatu baduzu, adibidez kontratua. Beste hitzarmen bat aplikatzen bazaizu eta hau zuretzat kaltegarria bada, adibidez gutxiago ordaintzen dizutelako, honek, berez, legea urratzen du. Halaxe dio, besteak beste, Langileen Estatutuak, 3. artikuluan: lan eskubideak lagaezinak dira eta, enpresak betetzera behartuta egoteaz gain, langileek ezin diote uko egin legeak (hitzarmen kolektiboa barne) aitortzen dizkien eskubideei.
Hau Lan Ikuskaritzan salatu ahal da, baita lan arloko epaitegietan ere, hitzarmen zuzena aplikatzeko eskatu eta, honekin batera, epaitegiak soldatetan izan diren galerak aitor ditzan. Esan nahi baita, jaso ez diren soldatak ere erreklamatuko lirateke edo, zehatzago esanda, enpresak soldata txikiagoak ordainduta, zor dizkigun kantitateak. Salaketa indibiduala izan ahal da ala salaketa kolektiboa; izan ere, baliteke langile bakanei edo enpresako langile guztiei hitzarmen okerra aplikatzea. Epaitegietara heldu baino lehen, lan gatazka gehienekin gertatu bezala, kontziliazio txartela aurkeztu beharko da. Adiskidetze ekimen hau zertan datzan hobeto jakin nahi baduzu
Adiskidetze ekimenean adostasunera heldu ezean, epaiketara joko litzateke eta honek ebatziko luke zein den aplikatu beharreko hitzarmena eta zeintzuk eskubide urratu dituen enpresak.
Azken 12 hilabetetako kantitateak baino ezin dira erreklamatu, nahiz eta okerreko hitzarmena lehenagotik ere aplikatu izana, horixe da legeak markatzen duen gehieneko muga. Kotizazioetan dagoen aldea ere erreklamatu ahal da (gogoratu, soldata baxuagoa, kotizazio txikiagoak); kasu honetan, lau urte atzerakoak erreklamatu ahal dira. Kotizazioen afera zuzentzeko, Gizarte Segurantza ere tartean sartu beharko da; hori dela eta, esan bezala, garrantzitsua da prozedura honetan zehar sindikatuaren laguntza izatea.
Bestetik, kaleratzerik izan bada, kalte-ordaina kalkulatzeko, hitzarmen zuzenaren arabera egin beharko litzateke.
Sektoreko hitzarmen kolektiboen zerrenda eta hitzarmen bilatzailea
Esan bezala, hainbat hitzarmen ezberdin daude. Hurrengo orrialdean lau herrialdeetako sektoreko hitzarmen nagusiak zerrendaturik dauzkazu eta, horretaz gain, Regcon plataforman erregistratu den edozein hitzarmen (enpresakoak, sektorekoak, estatalak, autonomikoak, herrialde mailakoak…) aurkitu ahal izateko bilatzailea:



