Etxeko langileen eskubideak eta berezitasunak

Teorian, etxeko langileek beste langile guztiek dauzkaten eskubide eta betebehar berberak dauzkate. Baina, praktikan, berezitasun asko ditu erregimen honek:

Proba aldia

Proba aldia ezin da hilabete bi baino luzeagoa izan

Lan osasuna

Lan osasunari dagokionez, ez zaie lan arriskuen prebentzio legea aplikatzen, baina enpleatzailea segurtasun eta osasun neurri eraginkorrak hartzera behartuta dago. Adibidez, produktu korrosiboren batez garbitu behar baduzu, horretarako egokiak diren guanteak eman behar dizkizu; edo leihoren bat kanpoko aldetik garbitu behar bada, ezin zaitu horretara behartu, jausteko arriskurik balego.

Lanean zauden bitartean istripurik badaukazu, hau lan istriputzat joko da. Hori dela eta, baja izan eta hurrengo egunetik aurrera kobratu ahal izango duzu aldi baterako ezintasun prestazioa (ikus. Etxeko langileen gaixotasun bajak)

Ordu presentzialak

Gehienezko jardunaldia 40 ordukoa da, baina ordu presentzialak adostu daitezke (esate baterako, pertsona nagusi bat bakarrik egon ez dadin). Ordu presentzialak, jardunaldi osoz aritzen den langilearen kasuan, ezin dira astean 20 baino gehiago izan. Ordu presentzialak lan orduak beste ordaindu behar dira, gutxienez, edo, bestela, bezainbesteko ordu libreekin. Hau da, adibidez, astean 40 orduz lan egingo bagenu, 1.000 euro kobratuta, eta, honetaz gain, astean 20 ordu presentzial egingo bagenitu, azken hauengatik 500 euro gehiago kobratu beharko genuke edo gure lan jardunaldia 20 orduz murriztu edo, bestela, 250 euro kobratu eta gure jardunaldia 10 orduz murriztu…

Atsedenak

Atseden ordu minimoak errespetatu behar dira:

• Hauek bi ordukoak izango dira otordu nagusietarako (hauek ez dira lan ordutzat hartuko) eta asteko atsedenaldian 36 ordu segidan disfrutatu ahal izango ditugu.
• Gainera, jardunalditik jardunaldira gutxienez 12 ordu pasatu beharko dira.
• Barneko langileen kasuan azken atseden hau 12 ordutik 10 ordura laburtu liteke, baina murriztutako ordu bi hauek hurrengo lau asteetan atseden ordu birekin konpentsatu beharko dira.

Oporrak

30 opor egun hartzeko eskubidea dago.

• 30 egun hauek segidan edo zatiturik har daitezke, hori bai, beti ere 15 egun, gutxienez, segidan hartzeko aukera izan behar dugu.
• Noiz hartuko ditugun adostu behar da eta, adostasunik egon ezean, 15 egun enpleatzaileak eta 15 egun langileak erabakiko dituzte.
Barneko langileak euren oporretan, jakina, ez dira zertan lan egiten duten etxean egon.

Langabezia

Etxeko langileek, azaldu dugunez, ez dute langabeziagatik kotizatzen eta, hortaz, ez daukate langabezia eskubiderik, ez bada aldez aurretik aurreko lanengatik kotizazioak pilaturik dauzkagula. (ikus. langabezia).

FOGASA

Etxeko langileen erregimenean FOGASAk ez ditu bere gain hartzen ordaintzen ez diren soldatak edo kalteordainak.