Bekarioa bazara, zelan jakin zure egoera iruzurrezkoa ote den?
• Iruzurrezko egoeraren funtsa: enpresak bekario moduan hartu zaitu langile baten lanpostua ordezkatzeko.
• Hortaz, garrantzitsuena da ikustea ea langile bat ordezkatzen ari zaren edota lanpostu bat betetzen ari zaren. Hau oso ohikoa da uda sasoian, esaterako, enpresek bekarioak hartzen baitituzte langileen oporrak betetzeko.
• Benetan praktiketan bazaude, praktika hitzarmena sinatu behar duzu. Honen kopia bat izan behar duzu. Honetaz gain, enpresan tutore bat izan behar duzu eta ezin duzu egin ez aparteko ordurik, ez gaueko txandarik e.a.
• Oso garrantzitsua da ahalik eta informazio gehien batzea, bai lan harremana frogatzeko, bai zure funtzioak zeintzuk diren zehazteko: barne dokumentuak, enpresaren mezuak (SMS, whatsapp, posta elektronikoak…), zure jardueraren frogak (albaranak sinatu, txostenak egin, albisteak idazten badituzu… edo bezero zein beste enpresa batzuei posta elektronikoak bidaltzen badizkiozu). Batu ahal duzun guztia, hobe da informazioa soberan izatea faltan baino, enpresa salatzekotan.
• Enpresa arrazoi birengatik salatu zenezake: bai kaleratu zaituelako, bai lanpostu arrunta betetzen egon zarelako, hau da, iruzurrezko bekario edo bekario faltsutzat erabili zaituelako. Langile arruntaren funtzio berberak betetzen egon bazara baina langile arrunt batek baino askoz gutxiago kobraturik, lanean egon zaren denborako kantitateen erreklamazioa egin zenezake. Kantitateak erreklamatzeko denbora urtebetekoa da. Kaleratzea erreklamatzeko, ordea, 20 egun baino ez dituzu.