Alokairu askerako laguntzak (EAE)
2020/05/05
Diru-laguntza zuzenak dira eta euren helburua errenta ordaintzea edo Estatuak eskaini dituen kredituak (11/2020 Dekretua) ordaintzea da.
Neurri hau 2020ko apirilaren 30eko Aginduan azaldurik dator (maiatzaren 5eko EHAAn argitaratua).
Nori dago zuzenduta?
Norbanako edo elkarbizitza unitateak, covid-19k sorrarazitako krisia dela eta, ahuldade edo kalteberatasun ekonomikoan daudenak
Elkarbizitza unitatea: etxebizitza berean bizi diren pertsona bi edo gehiago. Ezkonduta edo ezkontza pareko harreman iraunkorra daukatenak zein etxebizitza berean bizi diren laugarrren gradura arteko odolkidetasun edo bigarren gradura arteko ahaidetasun harremana daukatenak .
Kalteberatasun ekonomikoa
⇒ Inoren kontura lan eginez gero (soldatapekoak): bizikideren bat langabezian geratu bada edo jardunaldia murrizturik badauka (enpresak murriztu diolako edo zaintza betebeharrengatik berak murriztu badu.
– Langabezia edo jardunaldi murriztua: 2020 urtarrilaren 31tik aurrera eta arrazoia covid-19ak sorrarazitako krisia izan behar izan da.
Zuzenean ulertuko da arrazoia horixe dela ERTE bat aplikatu badizute. Era berean, kaleratu bazaituzte edo jardunaldia murriztu badizute eta alarma egoera deklaratu zenean itxi behar izan zuten sektoreetako batean aritzen bazara.
Beste egoeraren batean bazaude, zure lan egoera krisi sanitarioarekin lotuta dagoela frogatu beharko duzu.
⇒ Norberaren kontura lan eginez gero (autonomoak): diru-sarrerak edo salmentak %40 jaitsi badira.
– Alarma egoera deklaratu zenean ixtera behartuta egon bazinen, ez da beharrezkoa diru-sarrera jaitsiera egiaztatzea.
Beste kasuetarako, diru-sarreren jaitsiera apirila edota maiatza edota ekaina edota uztailekoak izan beharko dira eta aurreko seihilabeteko naturalean izandako diru-sarrerekin konparatuko da.
⇒ Errenta gehi oinarrizko hornikuntzak gehi komunitate gastuak elkarbizitza unitatearen diru-sarrera guztien %30 izan behar da, gutxienez.
– Oinarrizko hornikuntzak eta komunitate gastuak honelaxe kalkulatuko dira: 79 euro pertsona bakoitzeko edo 187,4 euro, oro har (hau da, pertsona bakarra edo pertsona bi bazarete, onuragarriagoa da zuen gastuak 187,4 euro direla kalkulatzea, baina hiru lagun edo gehiago bazarete, hobeto datorkizue pertsona bakoitzeko 79 euro zenbatzea).
Bete beharreko baldintzak
— Adin nagusikoa edo emantzipatutako adin txikikoa izatea
— Urtebetez, gutxienez, EAEn bizi izana
— 2020ko martxoaren 14 baino lehenago sinatutako alokairu kontratua izan behar duzu.
— Ezin duzu higiezinik (etxerik edo lokalik) eduki. Salbuespenak: autonomoa bazara eta lokala zure lantokia bada edo etxeren bat zuren izenean badago, baina ezin baduzu erabili, esaterako, banandurik zaudelako.
— Elkarbizitza unitatearen gehienezko ondarea: 50.000 euro (dirutan ez ezik, ibilgailuak eta edozelako jabetzak ere hartuko dira kontuan).
— Urteko diru-sarrera gordinak: 39.000 euro baino gutxiago.
— Errentaren zenbatekoa: ordaintzen duzun errenta ezin da izan lurralde eremu horretako batezbesteko errenta baino 1,5 handiagoa. Familia ugaria bazarete, muga hau 1,75 izango da. Hau kalkulatzeko, Alokairu-merkatuaren estatistika erabiliko da. Taula hemen daukazue:
Herriaren tamaina | Ohiko etxebizitza (€/hilean) | Ohiko etxebizitza. Kolektiboa (€/hilean) | Ohiko etxebizitza. Familia bakarrekoa (€/hilean) |
2.500 biztanletik behera | 794,9 | 756,2 | 960,2 |
2.500 eta 5.000 biztanle artean | 816,9 | 803,3 | 984,2 |
5.001 eta 10.000 biztanle artean | 858,6 | 848,4 | 1.308,0 |
10.001 eta 20.000 biztanle artean | 900,3 | 892,1 | 1.253,1 |
20.001 eta 40.000 biztanle artean | 947,7 | 943,7 | 1.260,2 |
40.001 eta 100.000 biztanle artean | 1.012,8 | 1.005,9 | 1.513,4 |
Bilbo | 1.113,2 | 1.113,2 | 1.112,7 |
Donostia | 1.324,5 | 1.320 | 1.589 |
Gasteiz | 924,8 | 918,3 | 1.448,9 |
Zenbatekoa
250 euro hilean eta, gehienez, 6 hilabetez jaso ahal izango da.
Eskatu ahal duzun lehen hilabetea apirila da.
Etxea lagun batek baino gehiagok alokatuta badaukazue, zenbateko hau murriztuko da zuk ordaintzen duzun errentaren portzentajearen arabera.
Bateraezintasunak
– Ezin duzu laguntza hau eskatu zure etxebizitza babes ofizialekoa bada.
– Zure etxebizitza merkatu askekoa bada, baina programa ofizialen baten bitartez (Bizigune edo Alokairu seguru, arrazoizko prezioa programen bitartez, alegia) alokatzen ari bazara ere ezin duzu eskatu.
– Alokairua ordaintzeko beste diru-laguntzarik jasotzen baduzu: Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (PCV), Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (PEV), udal laguntzak, alokairua ordaintzeko Larrialdi Sozialerako Laguntzak (AES), Gaztelagun…
– 11/2020 Dekretuak adierazten dituen honako neurriak aplikatu bazaizkizu: arrendatzaileak errenta osoa edo zati bat barkatu badizu edo ordainketa atzeratu badu; jabe handia bada eta errenta %50 jaitsi badizu. Aitzitik, bankuari kreditua eskatu badiozu errenta ordaindu ahal izateko, laguntza hau eska zenezake. Neurri hauen guztien azalpena “Alokairuei begirako neurriak” orrialdean daukazu.
Eskaerak
Alokabidek kudeatuko du.
Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hau da, maiatzaren 6tik aurrera, egin daitezke eskaerak.
Alokabidek martxan jarri duen informazio-orrialdea eta eskabideak bideratzeko plataforma HEMEN.
Eskaera, batez ere, online bideratuko da. Hala ere, hau ezinezkoa balitz, telefono zenbaki bat luzatu dute. Bertara deitu eta, internetik ez badaukazu, ze bidetatik egin dezakezun jakinaraziko dizute: 946 62 03 06.
Eskaera orria HEMENDIK jaitsi dezakezu. Ez badaukazu aukerarik eskera orria jaisteko edo inprimatzeko, eurek bidaliko dizute posta arruntaz etxera eta, horrekin batera, atxikitu behar duzun dokumentuen zerrenda.
Dokumentazioa
ADI! Ez badauzkazu dokumentu hauek -ezta paperean ere- eta ezin badituzu lortu, eskaera orrian bertan erantzunkizunpeko adierazpenen atal oso bat dago (azken partean). Ez da beharrezkoa ezer markatzea, koadroak beteta daude eta. Honekin nahikoa izango litzateke eskaera egiteko. Hori bai, baliteke, gerora, dokumentazio hori atxikitu behar izatea.
• PFEZ aitorpenaren kopia (errenta aitorpena)
• Prestazio ez kontributiborik jasotzen baduzu, honen egiaztagiria
• Errenta aitorpenik egiten ez baduzu (ez bazaude behartuta eta, hortaz, ez badaukazu horren kopiarik), beste dokumentu hauek atxikitu beharko dituzu:
– Bizi laboralaren egiaztagiria (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari eskatu behar diozu).
– 10T dokumentua
– Bekarik edo ikerketa-laguntzarik jasotzen baduzu, horren egiaztagiria
• Hirugarrenaren alta agiria (“alta a terceros”). Zurea edo, horren ezean, arrendatzailearena edo bankuarena. Dokumentu honek datu bankarioak jakinarazteko balio du.
• Alokairu kontratuaren kopia (alokairuaren fidantza etxebizitza Delegaritzan ez badago)
• Diru-sarreren inguruko dokumentazioa: nominak; langabezia prestazioaren egiaztagiria; autonomoen kasuan, diru-sarreren eta gastuen informazio kontablea, zerga aitorpenak, autolikidazioak… Hau da, diru-sarrerak egiaztatzen dituzten dokumentuak.
• Kalteberatasun ekonomikoa egiaztatzen duten dokumentuak
• Diru laguntza hau kreditua ordaintzeko erabili behar baduzu, maileguaren dokumentazioa.