ERTEengatiko prestazioa eta jardunaldi partziala. Konpentsazio ekonomikoa.

2021/02/12

Langile askok, batez ere emakumeak, jardunaldi partzialeko hainbat kontratu bateratu behar izaten dituzte. Honelako kasu batzuetan gertatu da kontratuetako batekin ERTEan egotea, baina ez besteetan. Langile hauek ERTEagatiko prestazioa jaso dute enplegu batengatik eta lanean jarraitu dute jardunaldi partzialaz bestean edo besteetan.

Prestazio hauetarako, SEPEk ERTEak eragindako kontratuaren kotizazio oinarriak hartu dizkiete kontuan (oinarri berez txikituekin), baina, honetaz gain, prestazioa are gehiago txikitu dizkiete, murriztapen portzentaje bat aplikatu dielako (beste lan batean aritzeagatik). Hortaz, kolektibo honek zigor bikoitza pairatu du.

LABek erreklamazio kolektibo bat gauzatu zuen hau salatzeko eta 2020ko irailaren 30ean BOEn argitaratu zen 30/2020 Dekretuaren bitartez bidegabekeria honi erantzuna eman zitzaion. Dekretu horretaz zera ezarri zen:

— Momentu hartatik aurrera bateragarria izango zela jardunaldi partzialaz aritzea eta ERTEagatiko langabezia prestazioa jasotzea, arrazoi honengatik prestazioan murrizketarik pairatu barik.

— Harrezkero murrizketa pairatu zuten langileek SEPEtik konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango zutela, prestazioan kendu zitzaien kopurua berreskuratzeko.

Lehen puntua ordutik aurrera hasi zen aplikatzen, baina prestazioa murriztua zuten langileei, ordea, esan zitzaien gauza bakarra izan zen konpentsazio hori eskatu beharko zutela egoitza elektronikoaren bitartez 2021eko ekaina baino lehen. Besterik ez. Baina SEPEk ez du horretarako aukerarik eman orain arte. Ez du eskaera egin ahal izateko formularioa martxan jarri atzora arte, hau da, BOST HILABETE MANDO pasatu diren arte.

Zenbateko konpentsazioa izango da?

SEPEk prestazioari aplikatu zion murrizketaren bestekoa.
Ordainketa bakarra izango da.

Zelan eskatu behar da?

Ez da automatikoki aplikatuko. Langileak berak eskatu behar du internetez.

Izan ere, egin behar dugun bakarra da aurre-eskaera bat bidaltzea, SEPEren orrialdean dagoen formulario baten bitartez. Nahiko erraza da eta, interneteko konexioaz gain, ez da apartekorik behar, ez pasahitzik, ez NAN elektronikorik, ez ezer ere ez.

Lehenengo eta behin formulariora sartu behar gara. Covid-19 neurrien orrialdetik sar daiteke, baina lotura zuzena hementxe daukazu, errazago heltzeko:

Orrialde horretara sartzen garenean, hauxe azalduko zaigu pantailan:

Ikusten duzuenez, nortasun agiriaren zenbakia sartu behar dugu lehenengoz:

Eta segidan, “Pre-solicitud de prestación individual” aukeratu eta “Empezar tramite” sakatu.

Hori behin eginda, beste orrialde hau zabalduko zaigu:

Ikusiko duzuenez, “Subtrámite” aukera sakatzen dugunean menú zabalgarri bat azalduko da. Bertan “Compensación trabajo a TP durante prestación ERTE Covid-19” aukeratu beharko dugu.

Gure datu pertsonalak sartu behar ditugu gero. Ez ahaztu, seme-alabarik izanez gero, horien datuak ere sartu behar ditugula eta bikotekidearenak ere bai.

“Observaciones” atala betetzea ez da beharrezkoa, baina kontratuen edo prestazioaren inguruko daturik ematea egoki ikusten baduzu, hor idatzi ahal duzu.

Eta, azkenik, ez ahaztu, eskaera bidali baino lehen, segurtasun karaktereak ere sartu behar dituzula (behe-behean dauden 8 letra larri eta zenbakien errenkada).

Eskaera bidaltzen dugunean, SEPEk jaso eta datuak ondo dauden konprobatuko du. Zerbait falta balitz, zurekin jarriko dira kontaktuan; bestela, dena ondo badago, dirua itzultzeko prozedurari ekingo diote.

Epeak

Eskaera egiteko epea: 2021eko ekaineko 30era arte daukazu denbora.

SEPEren erantzuna: eskaeren inguruan, beranduen, 2021eko uztailean eman beharko du ebazpena.

 

Eta edozein zalantzarik daukazula, jarri kontaktuan sindikatuarekin!