Osasun eta segurtasun neurriak enpresetan (oinarrizkoa ez den jarduerara itzulera)
2020/04/16
Asteartean (apirilaren 14an) oinarrizkoa ez den industria jarduera abian jarri dute berriz, eta milaka langile behartu dituzte lanera itzultzera.
Koronabirusak eragindako heriotza kopurua oraindik jasangaitza denean, presa izan dute oinarrizkoa ez den industria jarduera abiatzeko. Etetea beranduegi iritsi zen eta oso gutxi iraun du eta, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, erabaki goiztiarrek heriotzen hazkundea ekar dezakete. Hala ere, Madrilgo Gobernuak, alarma egoera luzatu arren, CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask bikotearen presioei men egin die.
Behar besteko osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuko zirela zabaldu zuten lau haizeetara, baina jasotzen ari garen informazioaren arabera, patronalak ez dauka interes handirik honetan. Aitzitik, gehienbat, jarduna nola aktibatu, orduak nola errekuperatu edo ERTE berriak proposatzen ari da patronala. Oso gutxi dira prebentzio planak aurkeztu dituzten enpresak, eta aurkeztu den tokietan, gobernuek argitaratu dituzten irizpideen kopia hutsa egin dute, lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko egin dute, ez langileen osasuna zaintzeko. Gainera, ez da inolako prestakuntzarik ematen ari.
Prebentzio neurrien plangintza enpresan
Jaurlaritzak argitaratutako gidan zein Nafarroako Gobernuak emandako jarraibideetan (orrialde amaieran dauzkazue denak atxikiturik) zera azaltzen da:
– Enpresa bakoitzak bere jarduerarako beharrezkoak diren NEURRI ESPEZIFIKOAK ZEHAZTU behar ditu.
– Neurrien plangintza hau PREBENTZIO ZERBITZUAREKIN ELKARLANEAN osatu behar da.
– Neurriak langileen ordezkaritzarekin edo langileekin ADOSTU behar dira.
Beraz, hiru puntu hauek bete egin behar dira: neurriak egokiak eta espezifikoak izan behar dira (gure lantokian beharrezkoak direnak eta ez nonbaitetik moztutako zera bat). Prebentzio zerbitzuak parte hartu behar du eta langileok oniritzia eman behar diegu. Hortaz, LANGILE GUZTIOI eman behar digute INFORMAZIOA eta, honetaz gain, KONTSULTATU behar digute eta gurekin ADOSTU behar dute.
Enpresan ez badago ordezkaritza sindikalik, prebentzio ordezkaririk edo lan osasun eta segurtasun batzorderik, hala eta guztiz ere, kontsultatu egin behar digute. Hau da, ordezkaritza handiena dituzten sindikatuekin adostu beharko litzateke, hala adierazten da, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren gidan. Prozedura ERTEn negoziazioetarako edo berreskuratu beharreko baimen ordainduaren kasuetan bezala izan beharko litzateke eta enpresak egin beharko luke deia, enpresa mailan edo patronalen bitartez.
Nafarroako Gobernuak ez du horrelako zehaztapenik eman, baina “ordezkaritzarekin edo langileekin” adostu behar dela esaten du. Edozein kasutan, zure enpresan ez badizuete informaziorik eman eta ez badizuete ezer kontsultatu edo zuekin adostu, jarri kontaktuan sindikatuarekin.
Enpresak ez badu plangintzarik egin
Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren Lan Sailean salatuko dugu eta ahaleginduko gara gure enpresan PLANTOa bultzatzen. Hau da, ez da nahikoa maskara ziztrin bana ematea segurtasun plantak egiteko edo langileak balizko segurtasun itxura faltsu batekin lasaitzeko.
Neurri eraginkorrak inplementatzen dituen plangintza egin eta plangintza hori gurekin adostu behar dute eta, egin ezean, salatuko ditugu. Lan sailen esku hartzearekin ez bada egoera zuzentzen, Lan Ikuskaritzan ere aurkeztuko dugu salaketa bat.
Zure enpresan ez badago ordezkaritza sindikalik, jarri kontaktuan sindikatuarekin.
Baldin eta plangintza egin bada, baina adostasunik ez badago
Adostasunik ez badago, hau da, aurkeztu diguten plana ez bada nahikoa edo ez bada espezifikoa eta ez badago gure beharrei egokitua:
– Osalanen edo Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan salaketa sartu eta esku hartzeko eskatuko diogu. Erakunde honek esango du, bere iritziz, plangintzak beharrezko neurriak jasotzen dituen ala ez, eta saiatuko da adostasunik ezako arrazoiak ekiditen (edo hala izan beharko litzateke).
– Osalanen edota Nafarroako lan Osasunaren Institutuaren esku hartzearekin konpontzen ez bada, Lan Agintaritzak (Eusko Jaurlaritzako edo Nafar Gobernuko Lan Sailak) ebatzi beharko luke zer egin behar den enpresa horretan. Horretarako, beste salaketa bat sartu beharko genuke Lan Agintaritzan.
Enpresaren jarduera eteten ahalegindu
Prozedura bitartean ENPRESARI AUKERA EMAN ZAIO MARTXAN JARRAITZEKO, gure osasuna arriskuan jartzen badu ere. Hau oso larria da eta langileoi uzten diguten aukera bakarra Lan Agintaritzara edo Lan Ikuskaritzara jotzea da. Baina, esan bezala, bien bitartean, gure osasunak arriskuan dirau.
Horregatik saiatu beharko ginateke enpresaren jarduera eteten. Jakin badakigu hau oso zaila dela eta, askoz zailagoa enpresa txikietan, indar askoz gutxiago baitaukagu patronalari aurre egin ahal izateko. Baina eten ezin badugu ere, ez gelditu besoak gurutzaturik, eskatu laguntza zuen egoera salatu ahal izateko eta jarri kontaktuan sindikatuarekin. Edo, nahi izanez gero, erabili gure salaketa txokoa.
Zenbait kasu zehatz
– Prebentzio neurriak hartzen direnean eta babes indibidualerako ekipamenduak ematen dizkigutenean, ezinbestekoa da horiek guztiak erabiltzeko informazioa eta prestakuntza ere ematea, egoki erabiltzen ez badugu, berdin-berdin kutsatu ahal garelako. Demagun guanteak eman dizkizutela, baina ba al dakizu zelan jarri eta kendu behar diren? Inork eman al dizu horren inguruko prestakuntzarik? Eta hau adibiderik sinpleenetako bat da. Lehen esan bezala, honek segurtasun itxura faltsua emateko baino ez du balio.
Gobernu guztiek, Madrilgoak, EAEkoak eta Nafarroakoak aitortu eta “saldu” digute prestakuntza premia, baina HAU EZ DA INON GERTATZEN ARI!
– Olarra edo Alconza bezalako enpresetan Jaurlaritzaren gomendioak bere horretan aurkeztu dituzte inolako egokitzapen eta langileekin adostu gabe. Zer gertatuko da enpresa horietan COVID-19arekin kutsaturen bat dagoen momentuan? Norena izango da erantzukizuna? Nork ordainduko du?
– Laminados Losal edo Sidenor bezalako enpresetan ez dute inolako planik aurkeztu.
– Hainbat enpresatan patronalak bere kabuz eta aldebakarrez erabakitako neurriak ezarri dituzte.
– Enpresa txikietan babes indibidualerako ekipamendurik gabe dabiltza, enpresa batzuetan maskara bakarra eman diete langileei aste osorako…
Osasun eta segurtasun neurriak
Esan bezala, neurriak ezin dira orokorrak izan, baizik eta jarduerara eta lantokira egokituak. Hemen utziko dizkizuegu enpresei eta prebentzio zerbitzuei begira gomendioekin argitaratu diren hainbat dokumentu:
- Pasos a seguir por el empresariado para reducir el riesgo de exposición al Covid19 en los centros de trabajo (Osalan)
- Procedimiento de actuación para los servicios de prevención de riesgos laborales frente a la exposición al SARS-cov-2 (Osasun Ministerioa)
- Fichas de prevención del coronavirus según tipo de actividad (Osalan)
- Información de interés por actividades o sectores (Nafarroako Lan Osasun Institutua)
- Recomendaciones del ISPLN para la actuación de los Servicios de Prevención de Riesgos Laborales ante la pandemia de COVID-19 (Nafarroako Lan Osasun Institutua)