Lan errotzeagatiko baimena, baita legalki lan eginda ere (Auzitegi Gorenaren ebazpena)
2021/04/21
Auzitegi Gorenaren 1184/2021 ebazpena
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salak lagun askorentzat oso garrantzitsua izango den ebazpen bat eman du. Lan errotzeagatiko baimena eskatzeko ez da beharrezkoa izango, hemendik aurrera, derrigorrez ezkutuko ekonomian lan egin izana eta enplegatzailea salatzea. Modu legalean lan egin badugu ere, eskatu ahal izango dugu eta nahikoa izango da bizi laboralaren txostena aurkeztea.
Honela, ebazpen honi esker, lan errotzeagatiko baimena egoera gehiagotara zabaldu da. Gutxienez sei hilabetez modu erregularrean (Gizarte Segurantzan alta emanda) lan egin duten lagunek lan errotzeagatiko baimena eskatu ahal izango dute, nahiz eta edozein arrazoigatik, pertsona hori, gerora, irregulartasun administratiboan egon. Kasu honetan, baimena eskura lezakete, bizi laborala erakutsita eta Estatuan urte bi bizitzen egon direla egiaztatuta. Eta ez litzateke beharrezkoa izango lan kontratu berri bat edukitzea (lan errotzeagatiko baimena eskatzeko ez da beharrezkoa; errotze sozialagatiko baimena eskatzeko, ordea, bai).
Kasurik ohikoenak:
- Asilo edo nazioarteko babesa eskatu duten lagunak (txartel gorria eskuratu dutenak eta horrekin modu erregularrean lanean egon direnak)
- Edozein arrazoirengatik baimena berriztu ezin izan duten lagunak
Beti ere honako baldintza hauek betez gero:
- Sei hilabeteko bizi laborala (Gizarte Segurantzan sei hilabetez altan)
- Gutxienez bi urtez Estatuan
- Aurrekari penalik ez edukitzea
Kasu honetan, nahiz eta lan eskaintza berririk ez izan, baimena eska dezakete.
Lan errotzeagatiko baimena. Atzerritarren Legeak eskatzen zituen baldintzak
Lan errotzeagatiko baimena emateko, Atzeritarren Legeak baldintza nagusi bi jartzen ditu, aurrekari penalik ez edukitzea gain:
- Estatuan bi urtez bizitzen egon zarela egiaztatu behar da
- Gutxienez sei hilabetez lanean egon zarela egiaztatu behar duzu
Esan dugunez, errotze sozialagatiko baimena eskuratzeko lan kontratua beharrezkoa bada ere, lan errotzeagatikoa lortzeko hau ez da ezinbestekoa. Aldez aurretik lan egin izana da frogatu behar duguna.
Eta, jakina, burura segidan datorkigun galdera da ea zelan den posible, lan eta erresidentzia baimena eskuratu baino lehen lan egitea eta, areago, denbora hori egiaztatzea.
Atzerritarren Legearen Araudiak honelaxe dio: (124.1 artikuluan)
“A los efectos de acreditar la relación laboral y su duración, el interesado deberá presentar una resolución judicial que la reconozca o la resolución administrativa confirmatoria del acta de infracción de la Inspección de Trabajo y Seguridad Social que la acredite.”
Zer esan nahi du honek? Modu irregularrean lan egiten egon bagara, hau da, kontraturik gabe eta Gizarte Segurantzan alta eman barik, lan harremana frogatzeko modua dela enplegatzailea epaitegietan edo Lan Ikuskaritzan salatzea. Hau benetan da kontu zaila, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonek Estatutik kanporatuak izateko arriskupean daudelako, enpresarioak mehatxatu dituelako edota ez dutelako, berez, enplegatzailea salatu nahi.
Araudian esplizituki azaltzen diren dokumentu bakarrak dira modu irregularrean lan egiten egon garen kasuetan lan harremana frogatzeko balio dutenak, baina ez da ezer esaten legalki lan egin dugun kasuetarako. Hau erabili izan da hainbat laguni erresidentzia ukatzeko.
Aurrera jarraitu baino lehenago, berriro esan behar dugu Estatuko lan legediak langile guztiei eskubide berberak aitortzen dizkiola, euren egoera administratiboa edo euren jatorria edozein dela ere. Eta berriro diogu: “paperik ez edukitzea” hutsegite administratiboa da, ez da delitua. Baina enpresa gure egoera irregularraz aprobetxatzea gure eskubideak ez errespetatzeko bai da delitua: besteak beste, langileen eskubideen kontrako delitua.
Ebazpen berriak ezarri duena
Atzerritarren Legearen Araudiak lanean modu irregularrrean aritu izan diren langileak baino ez zituen aintzat hartzen eta modu legalean aritu direnak, ordea, kanpoan uzten zituen, aurkezten zuten dokumentazioa beste bat izateagatik.
Auzitegi Gorenak, ordea, zera dio: araudiak lan harremana ilegala izan den kasuak barne hartzen eta esplizituki aipatzen baditu ere, honek ez duela esan nahi lan errotzeagatiko baimena egoera horietara murriztu behar denik eta ezin dela salaketa jartzera behartu egoera hori pairatu duen langilea. Honela, lan errotzeagatiko baimena ezin da izan ezkutuko ekonomian lan egin duenentzat, besterik ez.
Edonor konturatu ahal denez, ez da zentzuzko gauza. Administrazioak Legearen artikulu hori aitzakiatzat baino ez zuen erabiltzen, baimenak ukatu ahal izateko.
Hortaz, lan harremana beste bide batzuetatik ere frogatu ahal izango da, hala nola, bizi laborala aurkeztuta. Honek isla zuzena izango du hainbat kasutan, batez ere aldez aurretik lan baimena izan badugu eta denbora tarte horretan lanean aritu bagara.
Izan ere, epaitegietara heldu den kasua horrelako bat izan da: lagun honek aldi baterako baimena bazeukan eta 8 hilabetez lan egina zuen (modu legalean). Baimena erregimen orokorretik berrizteko eskatu zuenean, ukatu egin zioten, ez zituelako baldintzak betetzen. Orduan, lan errotzeagatiko baimena eskatu zuen eta froga moduan bizi laborala eman zuen.
Ikusteko dago zelan inplementatuko duten erabaki hau Atzerritarren Bulegoek, baina, edozelan, aplikatzera behartuta daude, Auzitegi Gorenaren ebazpen honek jurisprudentzia sortu du eta, hortaz, legea da.
Asiloa ukatu badigute
Asiloa edo nazioarteko babesa eskatu duten hainbat lagun Estatuan lanean egon dira, kontratuarekin eta Gizarte Segurantzan alta emanda, pertsona hauek honetarako aukera ematen duen txartel gorria izan baitute.
Gogoratu txartel gorria asiloa eskatzen denean ematen dela, administrazioak gure eskaeraren inguruan erabakitzen duen bitartean. Asilo eskatzaile hauetako askok, azkenik, ezetza jaso dute eta, honela, egoera irregularrean geratu dira. Momentu honetara arte, lan eta erresidentzia baimena lortzeko zeukaten aukera bakarrenetako bat errotze sozialagatiko baimena eskatzea zen, ikusi dugunez, modu legalean lan egindako denbora ez zitzaielako aintzat hartzen.
Hemendik aurrera, posible izango da honelako kasuetan lan errotzeagatiko baimena ere eskatzea.
Baimenaren berriztapena ukatu badigute
Beste erresidentzia baimen bat izan badugu eta arazoak izan baditugu baimen hori berrizteko, baldintzaren bat betetzen ez dugulako, adibidez, posible izango dugu lan errotzeagatiko baimena eskatzea. Beti ere, hasieran esan dugun bezala, Estatuan urte bi bizitzen eman baditugu, ez badaukagu aurrekaririk penalik eta gutxienez sei hilabetez lan egiten egon bagara, modu irregularrean edo modu legalean.