Nora jo desgaitasun ziurtagiria jasotzeko?
Desgaitasun ziurtagiria dokumentu administratiboa da. Desgaitasun mota eta maila zehazten ditu. Dokumentu hau ezinbestekoa da laguntzak sozialak, subentzioak edo hainbat zerbitzu jasotzeko. Era berean, babestutako enplegurako ere ziurtagiri hau beharko duzu derrigorrez.
Ziurtagiria urte osoan zehar eskatu daiteke.
Lehenengo eta behin, desgaitasuna aitortzeko eta baloratzeko eskaera egin behar duzu.
Non egiten da eskaera?
Zure udalerriko oinarrizko zentroan eskatu beharko duzu. Hau, normalean, udaletxean bertan egoten da. Hala ere, helbideak hemen kontsultatu ahal dituzu, kasu batzuetan beste eraikin batean dagoelako edo zenbait udalerri mankomunidadeetan antolatuta daudelako:
Ekintza sozialeko sailaren bulegoen helbideak hemen dauzkazu, edozein informazio edo kudeaketa behar izanez gero:
• Araban:
– Ebaluazio Eta Orientazio zentroan: Manuel Iradier 27 behea, Gasteiz
– Informazio eta Zerbitzu Sozialen bulegoan: Diputazio kalea 13, Gasteiz
• Bizkaian:
– Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalean: Uribirtarte 15, Bilbo
– Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren erregistroetan: Ugasko 3-bis, Bilbo.
– Gizarte Ekintza Sailaren beste erregistroetan:
Lersundi 14, Bilbo
Diputazio kalea 7, Bilbo
– Postaz ere bidali daiteke eskaera Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzura: Ugasko 5-bis, 1. solairua – 48014 Bilbo
• Gipuzkoan:
– Politika Sozialeko Sailean: Zarategi Pasealekua 99, Donostia
Gipuzkoan eskaera presentziala izan behar da
• Nafarroan:
– Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia: Gonzalez Tablas kalea 7, Iruñea
– Nafarroan internet bitartez ere egin daiteke eskaera: helbidea hemen.
Gogoratu internet bidezko tramiteak egiteko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa behar duzula
Ze dokumentazio behar duzu?
• Eskaeraren inprimakia
• NANaren fotokopia (eta familia liburua)
• Desgaitasunaren berri ematen duten txosten medikuak
Zelan egiten da balorazioa?
Eskaera jasotzen dutenean, desgaitasun maila baloratu behar dute. Ze zentrora eta noiz joan behar zaren jakinaraziko dizute.
Profesional talde bat arduratuko da ebaluazioaz. Batzuetan nahikoa izango da zuk aurkeztu dituzun txosten medikoekin, baina normalean azterketa eta froga gehigarriak egin edo agindu ohi dituzte.
Gero, ebazpen bat aterako dute, bertan diagnostikoa eta desgaitasunaren mota eta maila agertuko da eta, honekin batera baremoetan ematen duten puntuazioa. Baremo eta puntuazio hauek beste pertsona baten laguntza behar ote dugun edo garraio publikoa erabiltzeko zailtasunik ote daukagun finkatzeko balio dute. Ebazpen hau etxera bidaliko dizute.
Eta ados ez bazaude?
Ez bazaude ados ebazpenean azaldu dutenarekin, hau da, eman dizuten desgaitasun mailarekin, erreklamatu ahal da.
1. Lehenengo eta behin, administrazioari aldez aurretiko erreklamazioa egin behar diogu. Kasu egingo ez baligute, epaitegietara ere jo ahal izango dugu gerora.
Erreklamazio honen nondik-norakoak Jurisdikzio Soziala erregulatzen duen 36/2011 Legearen 71. artikuluan azaldurik daude. Jaso duzun gutunean erreparatzen baduzu, beheko partean, erreklamazio hau egiteko aukera azaltzen duen paragrafo bat aurkituko duzu.
Ea ba, zelan egin behar da aldez aurretiko erreklamazio hau?
Idatziz egin beharko dugu. Ez dago eredu finkorik honetarako, baina honako puntu hauek jaso beharko ditu:
• Tokia, data eta ze administraziori egiten diozun erreklamazioa
• Erreklamazioa aurkeztu duen pertsonaren izen-abizenak eta sinadura; hau da, zure datuak.
• Zure helbidea (jartzen duzun helbidera bidaliko dizkizuete notifikazioak)
• Gertaerak, alegazioak eta eskaerak
Ze administraziori zuzendu behar gatzaizkio? Balorazioa (desgaitasun maila aitortzen digun gutuna) bidali digun administrazioari erantzungo diogu. Gure kasuan, Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko Saila edo Pertsonen Autonomiarako Agentzia (Nafarroan) izango dira.
Zenbateko epea daukagu? 30 egun baliodun, notifikazioa egin digutenetik.
Zer azaldu behar dugu? Lehenengo eta behin, administrazioak desgaitasun maila arrazoitu behar du. Hortaz, bidali dizuten gutunean desgaitasun maila emateko zertan oinarritu diren azaldu behar du. Pairatzen duzun patologia bakoitzari puntuazio bat eman behar izan dio eta, horren arabera, maila bate do beste bat aitortu.
Hortaz, balorazio eta puntuazio horrekin ados ez bagaude, hainbat faktore kontuan hartu ez direlako edo puntuazio baxuegia delako, horixe azaldu beharko dugu geure alegazioetan.
Administrazioari erreklamazio hau egiteko ez da beharrezkoa ordezkari legala edukitzea, baina, hala ere, guztiz gomendagarria da norbaiten laguntza izatea. Batetik, guk geure alegazioak ere fundamentuz arrazoitu beharko ditugulako eta, bestetik, epaitegietara jotzen badugu, alegazio berberekin egin beharko dugulako. Honela, erreklamazioan ez da nahikoa esatea ados ez gaudela, baizik eta zergatik ez gauden ados eta ze desgaitasun maila egokitu beharko litzaigukeen. Bestela esateko, geure kalkulu propioak egin beharko genituzke. Honetarako 1971/1999 Dekretuan ematen diren balioak erabili beharko dira (Dekretuaren eranskinetan adierazita dauzkazue).
2. Erantzuna ezezkoa bada, epaitegietara jo dezakegu
Administrazioak 45 egun dauzka erantzuna emateko (hiru hilabete gehienez). Gure alegazioak onartuko ez balituzte, epaitegietara jotzeko aukera izango genuke. Baliteke administrazioak erantzunik ez ematea; kasu honetan, isiltasun administratiboak hiru hilabete ematen baditu, ulertu behar da ezezkoa eman digutela eta, hortaz, erreklamazioarekin aurrera jarraitu nahi badugu, epaitegietara jo beharko genuke.
Hortaz, lehen esan dugunez, kasurik egiten ez badigute, lan arloko epaitegietara jotzeko aukera daukagu. Hau azkenengo pausoa izango litzateke, baina izan kontuan auzitara eraman baino lehen, beharrezkoa dela administrazioari aldez aurretik erreklamatzea
Desgaitasun maila berrikusi ahal da?
Bai, baldin eta…
– Urte bi pasatu badira balorazioa egin zutenetik
– Zure egoera aldatu bada eta horren berri ematen duen txosten medikua badaukazu
Foru aldundiek ere, euren kabuz, desgaitasun maila berrikusteko eskatu lezakete.
Zeintzuk eskubide izango dituzu desgaitasun ziurtagiria behin jasota?
Hainbat onura izan ditzakezu (desgaitasun mota eta mailaren arabera). Hauek ez daude arau bakar batean bilduta, bazik eta hainbat legetan zehar barreiaturik, baina onura hauetako batzuk hemen bildu ditugu:
• Onura fiskalak (kenketak PFEZn, matrikulazio zerga ordaindu behar ez izatea, BEZaren jaitsiera automobilen bat erosten baduzu…)
• Pentsio eta prestazio ekonomikoak (ez kontributiboak, seme-alabengatiko prestazioak, ongizate sozialaren funtsako pentsioak…)
• Dibertsitate funtzionalduna 0-6 urteen arteko umea balitz, beraren zaintzarako laguntza ekonomikoa.
• Laguntza tresna eta produktuak erosteko diru laguntzak (betaurrekoak, audifonoak, ordenagailuak, etxeko erreformak, komunerako euskarriak…).
• Aparkaleku txartelak
• Beherapenak edo txartel bereziak garraioan
• Unibertsitateetan matrikula ez ordaintzea edota fakultatean plaza izatea, eskatzen den gutxieneko nota gainditua ez izan arren.