Nora jo EBeko herritarren erregistroaren ziurtagiria (“NIE berdea”) eskuratzeko?
2021/12/10
Europako Batasuneko herritarra bazara, hiru hilabetez egon zaitezke Estatu espainolean aparteko dokumentaziorik atera barik; hau da, hiru hilabete baino gutxiago geratuko bazara, pasaportearekin edo zure herrialdeko nortasun agiriarekin nahikoa izango duzu.
Hala ere, hiru hilabete baino gehiago eman nahi badituzu Estatuan, Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria (edo, normalean deitzen den moduan, “NIE berdea”) atera beharko duzu.
Erregistroan izena ematen dugunean, honek esan nahi du, Europako herritarrak izanda, Espainiako biztanle moduan erregistratu garela. Hori egindakoan, identifikazio zenbaki bat jasoko dugu, “NIE” bat, alegia. Identifikazio zenbaki honetaz gehiago jakin nahi baduzu, jo hurrengo artikulu honetara: Zer dira “NIE” eta “TIE”?
Beraz, eskaera Estatura sartu eta hurrengo hiru hilabeteetan zehar egin beharko da. Erregistroan izena ematen dugunean, kolore berdeko ziurtagiri bat emango digute (horregatik esaten zaio “NIE berdea”). Ziurtagiri horretan hainbat datu azalduko dira: izena, nazionalitatea, helbidea, identifikazio zenbakia eta erregistroaren data.
Bete beharreko baldintzak
Estatuan hiru hilabete baino gehiago eman ahal izateko, beharrezkoa da honako egoera hauetakoren batean egotea:
— Inoren konturako langilea izan (lan kontratua eta nominak)
— Norberaren konturako langilea izan (autonomo moduan izena emanda egon behar zara eta, gutxienez, hiru hilabete kotizaturik izan behar dituzu)
— Baliabide ekonomiko nahikoak eduki behar dira (norberarentzat eta senideentzat). Honetaz gain, osasun aseguru pribatua kontratatu behar da. Baliabide ekonomikoak nahikoak ote diren egiaztatzeko, eskatzen da pentsio ez kontributiboa jasotzeko eskubidea ematen duen diru-muga gainditzeko. Muga hau, 2021. urterako 5.639,20 euro dira; hortaz, oro har, eskatuko lukete diru kopuru hori baino gehiago izan dezazun. Hala ere, baldintza hau modu pertsonalizatuan aztertuko da, eskatzailearen egoera kontuan hartuta eta, hortaz, baliteke beste kopuru bat eskatzea. Adi! Diru hori ez duzu ordaindu behar; eskatuko dizutena da kopuru hori kontu korrontean izan dezazun.
— Estatuan ikasten egotea. Nolanahi ere, kasu honetan ere baliabide nahikoak eta osasun asegurua badaukazula egiaztatu beharko da.
Beraz, Europatik bazatoz ere, Estatuan geratu ahal izateko, baliabide nahikoak izan behar dituzu, bai lanean zaudelako, bai dirutxo bat badaukazulako. Legeak berak, lotsagabeki, dioenez, hau eskatzen da pertsona hori Estatuarentzat “zama” izan ez dadin (!).
Dokumentazioa
Oro har, dokumentuen kopiak eman beharko dituzu, baina eskaera egiten duzunean, eraman originalak ere bai, erakutsi beharko dituzu eta.
- Eskaera orria (EX -18 eredua). HEMENDIK jaitsi ahal duzu. Ale bi beharko dituzu.
- Pasaportea edo zure herrialdeko nortasun agiria. Dokumentu hauek iraungita baleude, dokumentuaren kopia eta berriztapen-eskaeraren kopia ere eman beharko duzu.
- Inoren konturako langilea bazara: lan kontratua edo Gizarte Segurantzan alta emanda zaudela egiaztatzen duen dokumentua.
- Zure konturako langilea bazara (autonomoa bazara): jarduera ekonomikoen zentsoan edo erregistro merkantilean izena eman duzula egiaztatzen duen dokumentua edo Gizarte Segurantzaren altaren berri ematen duen dokumentua.
- Ez baduzu lanik egiten: osasun asegurua badaukazula egiaztatzen duen dokumentua eta diru sarrera nahikoak badituzula egiaztatzen duten dokumentuak (kontu korronteen datuak, ondasun tituluak.
- Ikaslea bazara: ikastetxeko matrikula, osasun asegurua badaukazula egiaztatzen duen dokumentazioa (nahikoa izango da Europako Osasun txartela, baldin eta Estatuan egongo zaren denbora guztirako baliogarria bada), diru-sarrera nahikoa dituzula egiaztatzen duen dokumentazioa. Europako Batasuneko ikasle-trukeen programaren batean baldin bazaude, hori nahikoa izango da baldintzak betetzeko.
Tasak
Beste izapide askotarako bezala, erregistroan izena emateko ere tasa bat ordaindu beharko duzu, 790 tasa, 012 eredua, hain zuzen.
Tasa hau aldez aurretik ordaindu behar da (12 euro dira 2021erako).
Orrialde HONETATIK jaitsi ahal duzu. Hor ikusiko duzun dokumentu azpian sakatu eta beste orrialde bat zabalduko zaizu. Datuak behin sartuta (online), dokumentua jaitsi ahal izango duzu “Descargar impreso rellenado” botoian sakaturik.
Ikusiko duzunez, hainbat izapide edo hainbat aukera azaltzen dira dokumentuan. “NIE berdea” ateratzeko, aukeratu behar duzuna “Certificado de registro de residente comunitario o Tarjeta de residencia de familiar de un ciudadano de la Unión” da.
Edozein banku edo kutxatan ordaindu ahal duzu. Ez da beharrezkoa bertan kontu korrontea edukitzea. Ikusiko duzunez, tasaren agirian, beheko aldean, esku-dirutan ordaintzeko aukera ere ematen da. Beraz, bankura tasen dokumentuarekin joan beharko zinateke eta hantxe ordaindu. Ordainketaren egiaztagiri bat emango dizute. Egiaztagiri hori aurkeztu beharko duzu komisaldegian erregistro eskaera egiten duzunean.
Non tramitatzen da?
Beste izapide batzuk herrialdeko atzerritarren bulegoetan egin daitezke. Hala ere, Europako Batasuneko herritarren erregistroa (“NIE berdea”) polizia nazionalaren komisaldegietan baino ezin da egin.
Hemen utziko dizkizuegu helbide eta telefonoak:
- Araba: Oñate kalea 17, Gasteiz.
945 20 95 00 - Bizkaia: Gordoniz kalea 8, Bilbo
944 70 91 51 - Gipuzkoa: Jose Maria Salaberria kalea, 16
943 44 98 00 - Nafarroa: Gipuzkoa kalea 40, Iruñea
948 97 92 00
Hauetaz gain, HEMEN daukazu komisaldegien bilatzaile bat, hurbilen daukazuna topatzeko eta mapan ikusi ahal izateko non dagoen beren-beregi.
ADI! Goizez baino ezin da egin. Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara.
Hitzordua aldez aurretik eskatu behar da. Hau internetez ere egin daiteke, HELBIDE HONETATIK. Horra sartuta, aukeratu zure herrialdea (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo Nafarroa) eta izapidea: “Trámites cuerpo nacional de policía” barruan, “Certificado de registro de ciudadano de la UE”.
Telefonoz ere egin daiteke, 060 zenbakian.