Kontingentzia arruntak eta kontingentzia profesionalak
Hilabetero Gizarte Segurantzari kotizatu behar zaio. Hau langileok zein enpresak egin behar dugu. Gure ordainketa enpresak bideratzen du. Horregatik ikusiko dugu gure nominatik hainbat kontzeptu kendu direla (PFEZ eta Gizarte Segurantzari dagozkionak). Ikus. soldata gordina eta soldata garbia.
Nominan honako kotizazio kontzeptuak agertuko dira:
• Kontingentzia arruntak: gaixotasun arruntagatik edo lanekoa ez den istripu baten ondorioz, ezin baduzu lanik egin, babes ekonomiko bat jasotzeko balio dute.
• Langabezia: langabezian geratzen bagara, prestazioak eskatu ahal izateko
• Lanbide heziketa: ikastaroak burutu ahal izateko
• Kontingentzia profesionalak: lan gaixotasun edo istripu baten ondorioz, ezin baduzu lanik egin, babes ekonomikoa jasotzeko balio dute. Kotizazio hauek enpresak egiten ditu. Nominan agertuko zaizuna da kontintzengia profesionalen kotizazio oinarria zein den (nominaren beheko aldean)
Zer hartzen dute barne kontingentzia arruntek?
Kontingentzia arruntengatik kotizatzen dugun horrek gaixotasun arrunten bajetan kobratzeko balio du. Baina, honetaz gain, beste kontu batzuetarako ere kotizatzen dugu: amatasuna eta aitatasuna; haurdunaldian arriskurik dagoenean, prestazioa jasotzeko; lanekoak ez den gaixotasun edo istripu baten ondorioz ezintasun iraunkorra suertatzen bada; jubilaziorako eta heriotzagatiko pentsioetarako (alarguntza eta umezurtza pentsioak, alegia), azken hauek ere heriotza gaixotasun edo istripu arruntaz gertatzen bada.
Kasu hauetako prestazioen kopurua, kontingentzia arrunten kotizazio oinarritik ateratzen den oinarri arautzailearen arabera kalkulatuko da.
Kontingentzia profesionalak
Kontingentzia arruntek ez bezala, kontingentzia profesionalek laneko istipu eta gaixotasunak hartzen dituzte barne.
Kontingentzia profesionalak enpresak kotizatzen ditu eta, hortaz, guri ez digute soldatatik ezer kendu behar kontzeptu honengatik. Enpresak kontzeptu bi kotizatu behar ditu:
• Aldi baterako ezintasunagatik (IT siglak, gaztelerazko “incapacidad temporal”, alegia)
• Baliaezintasun, heriotz eta heriotzetik eratortzen diren pentsioetarako (alarguntza eta umezurtza). IMS siglak dira (hau da, invalidez, muerte y supervivencia).
Baja kasuetan ez dugu berdin kobratuko kontingentzia arruntengatik edo kontingentzia profesionalengatik izan bada:
• Kontingentzia arruntengatik – bajaren lehen 3 egunetan ez da ezer kobratzen; 4. egunetik 20. egunera oinarri arautzailearen %60 kobratzen da, eta 21. egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75.
• Kontingentzia profesionalengatik – oinarri arautzailearen %75 bajaren hasieratik.
Adi! Ehuneko hauek gutxienekoak dira, baina hitzarmen kolektibo askotan kopuru hauek hobetzen dira, %100era hel daitezkeen osagarriak aitortuta.