Lan egitea jubilatu eta gero

Urtez urte erreforma guztiek pentsio sistema publikoarekin amaitzea baino ez dute bilatu izan. Pentsio zenbat eta urriagoak pentsio plan pribatuak kontratatu ditzagun eta urtez urte generatu dugun eskubidearekin bankuek negozioa egin dezaten.

Gauzak honela, jubilatutako hainbat eta hainbat lagun ozta-ozta heltzen dira hilabete amaierara eta, horregatik, ez dira gutxi diru sarrerak zelanbait osatzeko lanen bat egitea pentsatzen dutenak. Langileok erretirorako daukagun eskubidea ukatzen zaigu, bai jubilazio adina atzeratuta, bai eta honelako mugako egoetara bultzatuta ere, eta honek, gazteei lan mundura sartzea galarazteaz gain, gure osasunean ondorio larriak ere badauzka, ez dezagun ahaztu.

Hala ere, kasu honetan bazaude, garrantzitsua da jakitea ze egoeratan egin daitekeen, pentsioa ez galtzearren.

Berez, arau orokorra da jubilazio pentsioa kobratzen ari bazara ezin duzula lanik egin ez beste norbaitentzat ezta autonomo moduan ere, baina arau honi apurka-apurka salbuespenak egiten joan dira, lehen esan bezala, langileon bizi laborala gero eta luzeagoa egiteko helburuaz (nahiz eta egoera guztiak parekagarriak ez izan, hala nola errelebu kontratua).

Salbuespen nagusienak ondoko hauek dira:

Jubilazio partziala: kasu honetan ez zaio lan egiteari guztiz uzten, baizik eta jardunaldiaren zati batean lanean jarraitzen da eta gainontzekoari dagokionez jubilazioa kobratzen dugu
Jubilazio malgua: lan egiten da jubilatuta egon arren eta pentsioa lan jardunaldiaren iraupenaren arabera murrizten da.
Norberaren kontura lan egin ahal da, diru sarrera kopuru zehatz bat gainditzen ez bada.

Pentsioa eta lana bateratzea

2013ko martxoaren 17tik posiblea da jubilazio pentsioa jasotzea eta, aldi berean, lan egitea, jardunaldi osoz zein partzialaz. Beti ere hurrengo baldintza hauek betez gero:

– Dagokizun adinean jubilatu izana; hau da, bonifikaziorik gabe eta aldez aurretik jubilatu izan gabe.
– Oinarri arautzailearen %100 kobratzen egotea
– Estatuko klase pasiboen jubilatua ez izatea (funtzionarioa izateagatik, alegia). Kasu honetan arautegi berezia dago.
– Inoren kontura lan egingo baduzu, enpresak ezin izan du aurreko 6 hilabeteetan zehar talde profesional bereko ezein langile bidegabeki kaleratu (hots, kaleratze bidegabe edo inprozedenteaz).

Jasotzen den pentsioa %50era murriztuko da lan egin bitartean. Lana utzita, berriro %100 jasoko da

Jubilazio partziala (errelebu kontratua)

Jubilazio partzialaz inoren kontura lan egiten duen pertsona jubilatu ahal da eta, aldi berean, lanean jarraitu. Jardunaldia %25 edo %50ean murriztu ahal du eta, hortaz, soldata ere proportzio berean jaitsiko da.

Jubilazio partziala bi eratara egin daiteke. Lehenbizikoan, enpresak errelebu kontratua egin lezake ala ez, eta bigarrenean, enpresa errelebu kontratua egitera behartuta dago, hitzarmen edo akordio bidez. Bete beharreko baldintzak ezberdinak dira kasu bakoitzean:

• Errelebu kontratuaz edo errelebu kontratu barik:

– Jubilazio adin arrunta eduki
– Jardunaldi osoz edo partzialaz kontratatuta egon
– Jardunaldia %25 edo %50ean murriztu
– Gutxienez 15 urte kotizaturik izan, hauetatik 2 jubilazioa eskatu aurreko 15 urteetan zehar

• Errelebu kontratuaz:

-Enpresak errelebu kontratua sinatu izana

– Jardunaldi osoz kontratatuta egon. Jardunaldi partzialaz kontratu bat baino gehiago edukiz gero, enplegu guztietako jardunaldiak batuta, emaitza jardunaldi oso arrunt baten bestekoa balitz, egin liteke, baina enplegu guztietan antzinatasuna, eskatzen den jardunaldi murriztapena eta errelebista kontratatzea bete beharko litzateke. Ia-ia ezinezkoa. Berriro ere, paperak dena agoantatzen du, baina jardunaldi partzialaz aritzen garenok, batez ere emakumeok, beti galtzaile.

– Jardunaldi murriztapena %75era hel liteke (hau da, jardunaldiaren %25 egingo genuke lan), errelebu kontratua jardunaldi osoz eta mugagabea bada.

– Enpresan gutxienez 6 urteko antzinatasuna izan behar dugu.

– Aldez aurretiko jubilazio partzial honetarako legeak ezartzen duen adina izan behar duzu. Erreformaren ostean hauexek dira adinak eta beharrezko kotizazioak:

URTEAADINAKOTIZATUTAKO DENBORA (gutxienez)
201761 urte eta 5 hilabete34 urte eta 3 hilabete
201861 urte eta 6 hilabete34 urte eta 6 hilabete
201961 urte eta 8 hilabete34 urte eta 9 hilabete
202061 urte eta 10 hilabete35 urte
202162 urte35 urte eta 3 hilabete
202262 urte eta 2 hilabete35 urte eta 6 hilabete
202362 urte eta 4 hilabete35 urte eta 9 hilabete
202462 urte eta 6 hilabete36 urte
202562 urte eta 8 hilabete36 urte eta 3 hilabete
202662 urte eta 10 hilabete36 urte eta 3 hilabete
2017tik aurrera63 urte36 urte eta 6 hilabete
Jubilazioa eta norberaren kontura lan egitea

Behin jubilaturik, norberaren kontura egin daiteke lan, beti ere irabaziek ez badute lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen, urte osoa kontuan hartuta. Hau da, urteko irabaziak ezin dira 13.300 euro baino handiagoak izan (2020ko kopurua). Muga hau gainditzen ez denez, ez da beharrezkoa Gizarte Segurantzari kotizatzea, nahiz eta bestelako betebehar fiskal batzuk eduki fakturatzen denean. Kopuru hori gainditzen bada, pentsio eskubidea galtzen da.

Arte eta espektaluku sektorean aritzen diren langileek salatu izan dute egoera hau. Hainbat lagun, jubilatuta eta pentsioa jasotzen ari direnak, beren ekinbide artistikoari uko egitera behartuta daude, pentsioa galdu nahi ez badute. Aktore edo idazle batek, adibidez, ezingo litzateke aritu, urte bakar batean izan ditzakeen diru-sarrera puntualengatik prestazioa galdu lezakeelako.

Honetaz gain, jubilazioa eta negozio bateko titularra izatea bateragarria da, beti ere ez bada negozio horretan lan egiten. Hots, titularitateak eskatzen dituen funtzio edo tramiteak baino ezin dira burutu. Esate baterako, demagun negozio familiarra daukazula eta jubilatu zarela, edozein arrazoigatik ez badizu komeni titulartasuna aldatzea ez duzu zertan egin, baina ezin izango duzu kudeaketa, administrazio edo zuzendaritza lanik egin.