Zer da autonomo faltsua?
Autonomo faltsuena ez da gauza berria, baina azken urteotan iruzur modu hau biderkatu egin da. Enpresek, honela, kotizazio gastu guztiak aurrezten dituzte eta autonomo izatera behartu dituzten langileek gastu guztiak ordaindu behar izateaz gain, enpresak ezartzen dituen behar guztiak bete behar ditu, baina ez dauka, betebehar horiek beraiekin batera dakarten eskubiderik bat ere ez.
Hau da, enpresarentzat edozein langilek egiten duen lan berbera egiten dute, jardunaldi, ordutegi eta, askotan, soldata berberarekin. Honela, gerta liteke lankide bik lan baldintza berberak izatea, baina bata soldatapekoa izatea eta bestea autonomoa. Beste kasu lazgarri batzuetan enpresak langileak kaleratu ditu eta, segidan, langile horietako asko berriro kontratatu ditu baina autonomo moduan.
Enpresak kontratu merkantila eskaintzen duenean
Lan eskaintza batzuetan, komertzial lanetarako adibidez, enpresak “kontratu merkantilaz” aritzea eskaintzen du. Kontratu merkantila ez da lan kontratua. Kontratu merkantila merkataritza ekintzen gaineko kontratua da, non enpresari profesional moduan zerbitzu bat ematen diozun, hau da, bere produktuak saltzen dituzu eta portzentaje bat kobratzen duzu horrengatik, hau da, zerbitzua eskaintzen duen autonomoa zara. Honelako kontratuei ez zaie lan legedia aplikatzen, merkantila eta zibila baino. Oso ohikoa da, esan dugunez, komertzial lanetarako, baita garraio, asesoria, mantenimendu… lanetarako ere.
Kontratu merkantil bat sinatu baino lehenago, oso ondo aztertu behar dira horrek ekarriko dizkizun gastuak, autonomoen erregimenean ekarriko dizkigun gastuak, alegia: BEZaren urteko eta hiru hilabeteetako deklarazioak, PFEZ kenketak (Ogasunean), autonomoen erregimenean egoteagatik hilabetean zenbat ordainduko duzun (Gizarte Segurantzan), baimen berezirik beharko duzun jarduerarako (udaletxean). Honetaz gain, zeure bitartekoak erabili behar badituzu, zeure ibilgailua, gasolina eta abarrak, 1.500 euroko balizko kontratu bat 500 eurotan geratu liteke. Gainera, autonomo moduan eskubide gutxiago izango dituzu (aurrerago ikusi)
Zelan jakin dezakezu autonomo faltsua ote zaren?
Oraintxe azaldutako lanen atzean, gehienetan, autonomo faltsuen figura ezkutatzen da. Kontratu merkantila eskaintzen delako edota, arestian azaldu dugunez, enpresak autonomo moduan aritzera behartzen gaituelako.
Funtsezko lau ezaugarri daude: borondatea, ordainketa, menpekotasuna eta besteren baten kontura lan egiten ote den.
Esaterako, enpresarioaren aginduen menpe bazaude, hau da, sarrera eta irteera ordutegia badaukazu, bezeroak enpresak ezartzen badizkizu, non, nori eta noiz saldu behar duzun inposatzen badizu… Edota enpresaren baliabideak erabiltzen badituzu: bulegoa, telefonoa, material informatikoa… edo zure eguneroko jardueraren berri eman behar baduzu, urtean 12 faktura berdin-berdinak kobratzen badituzu eta abuztuan oporrak badituzu… ezaugarri hauek guztiek erakusten dute seguruenik autonomo faltsua zarela, hots, plantilan egon beharko zinatekeela, lan harreman arruntaz.
Zeintzuk eskubide galtzen dituzu autonomo faltsua bazara?
• Autonomo faltsuari ez zaio aplikatzen Langileen Estatutua ezta hitzarmena ere eta, hortaz, bertan jasotzen diren eskubideak ere ez. Autonomo faltsuari zuzenbide zibil eta merkantila aplikatzen zaio, benetako autonomoa bailitzan, eta horko babes maila askoz txikiagoa da.
• Autonomo faltsuak ez du soldata bat jasotzeko eskubiderik, enpresari fakturak egin behar dizkio. Hau da, ez dago nominarik, fakturak baizik.
• Enpresak ez du autonomoagatik kotizatzen. Autonomoak berak tramitatu behar du bere alta eta autonomoen erregimenean kotizatu.
• Egiten dituen fakturengatik BEZa ordaindu beharko du eta PFEZean gehiago tributatu. Ogasunean hiru hilabeteetako deklarazioak egin beharko ditu.
• Ez dauka soldata minimorik
• Lanetik botatzen badute, berez, ez dauka kalteordain eskubiderik.
• Ez dauka ordaindutako baimenik, hala nola edoskitze sasoirako, ezta jardunaldi murrizketarik edota langileentzat aurreikusita dauden bestelako egoera batzuk ere.
• Normalean aldi baterako ezintasun kasuetan gutxiago kobratuko du. Bajak kobratzen dira segun eta autonomoaren kotizazio maila eta, normalean, autonomo gehienek gutxienekoaz kotizatzen dute. Honetaz gain, oinarriaren %60 edo %75 kobratzen da eta langile arruntak %100 kobratzera hel daitezke. Desabantaila berberak dauzka ezintasun irunkorraren kasuetan edo jubilazioari begira.
• Ez dauka langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik, ez bada autonomoak berak jarduera amaieragatik kotizatu badu. 2019ko urtarriletik kotizazio hau derrigorra da eta, hortaz, prestazioa jaso beharko luke, hala eskatuz gero. Aitzitik, urte honetan egin diren eskaera gehienak atzera bota dituzte. (Ikus. Autonomoen “langabezia”)
Hala ere, legeak autonomoentzat oraintxe zerrendatu duguna ezarri arren, gogoratu behar dugu automo faltsuak ez direla benetan autonomoak, baizik eta enpresaren iruzurraz langileak horretara behartuta daudela. Hainbat kasu daude eta bakoitza aztertu behar da. Beraz, onena litzateke zeure kasu berezia sindikatuaren laguntzaz aztertzea, horren aurrean zer egin daitekeen ondo jakiteko.
Izan ere, egoera irregular guztien artean autonomo faltsua zarela frogatzea lortzen bada, ondorio probetxugarriak izan daitezke langilearentzat, kaleratua izanez gero, adibidez:
– kaleratze bidegabeagatiko kalte ordaina jaso zenezake
– azken lau urteetan zehar autonomoetan ordaindu duzunaren itzulketa exijitu zenezake
– egiaztatu dezakezun lan denbora osoa zure bizi laboralean agertuko da
– langabezia prestazioa eskatu ahal izango duzu