AUTODEFENTSARAKO GIDA
polizia gehiegikerien aurrean
Azken egunotan denok ikusi ahal izan dugu zelan areagotu den poliziaren presentzia gure herri eta auzoetan. Eta askotan ikusten ari gara zelako jarrera oldarkorra izaten ari diren, maiz, legearekin zerikusia ez daukaten interpretazio zalantzagarriekin eta salaketa arbitrarioekin. Hemen, modu erraz batez tresnak eman nahi dizkizuegu gehiegikeria horiei aurre egin ahal izan izateko.
Legearen ezagupena garrantzitsuena izango zaizu, aipatu ditugun eskabide diskrezionalak eta egin ditzaketen apetazko interpretazioei kontra egin ahal izateko eta zehapen mehatxuen aurrean zeure burua defendatzeko. Konprobatzen ari garenez, “legearen agenteak” omen diren horietako askok legea aplikatu baino, euren boterea arbitrarioki aplikatzen dihardute, kalean ikusten duten edonor susmagarri eta delitugiletzat hartuta, alarma egoera honek horretarako ahalmena emango balie bezala.
Eta gogoratu ondo gure jarrera ere garrantzitsua izango dela: isun guztiak mozal legearen bitartez eta desobedientziagarik jartzen ari dira (ez dago tipo penal berezi edo berririk momentu honetarako). Eta ez diegu aitzakiarik eman nahi.
Baina, batez ere, zaindu zeure burua eta zaindu besteak. Gorde egizu koarentena eta ez jarri inor arriskupean!
Zer arautu da mugimenduei dagokienez?
Nora edo zertara mugitu ahal garen (lanera, erosketak egitera, ospitalera…) eta norekin (bakarrik edo menpeko pertsona bat laguntzeko). Baina ez da arautu zelan edo ze garraiobide erabili behar dugun. Beraz, oinez, kotxez, garraio publikoz, bizikletaz… egin dezakegu. Hau da, normalean egiten dugun bezala.
Eta ordutegiak ere ez dira aratu. Gezurrak bolo-bolo dabiltza, ez dakit ze ordutatik ez dakit ze ordutara ezin dela kalera irten. Ez da horrela.
Non arautu dira neurriak?
463/2020 Dekretua, martxoaren 14koa, alarma egoera deklaratzekoa. Dekretu osoa BOEren HEMEN kontsulta dezakezue.
Dekretu hau zehazten joan da beste arau batzuen bitartez (horietako batzuk dokumentu honetan bertan azalduko dira).
Nora mugitu ahal gara?
– Erosketak egitera
– Osasun zentroetara
– Bankura
– Etxetik lanera eta lanetik etxera
– Laguntza eta zaintza: pertsona nagusiak, adin txikikoak, menpekoak, dibertsitate funtzionaldunak…
– Ezinbesteko kasuetan edo premia dagoenean
Beraz, denok dakigunez, ezin da paseoan ibili (salbuespenak badaude, hala nola preskripzio medikoz). Eta ezin da familia bisitatzera joan, ez bada, esan bezala, menpekotasunen edo desgaitasunen bat daukatela eta laguntza behar dutela. Honelako kasuetan, desgaitasun ziurtagiriaren edo dokumentu medikoen kopia bat lagungarria suertatu ahal zaizue.
Laguntza sareak
Laguntza sare bateko partaidea bazara, horrelaxe identifikatu. Zure mugimenduak legez babesturik daude: premiazko erosketak dira eta jende nagusia edo menpekoari laguntzeko helburua daukate.
Edozelan, eta segurtasun handiagorekin mugitu nahi izanez gero, hemen utziko dizuegu ziurtagiri bat (AKAB Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeak zabaldu duena). Udalaren sinadura eta zigilua beharko luke. (Dokumentua gazteleraz eta euskaraz dago)
Zaintza arrazoiengatik joan-etorria egin beharra egiaztatzen duen banakako ziurtagiria
Dokumentu hau baliagarria izan ahal zaizu, laguntza sarekoa ez izan arren, senideren baten etxera joan behar izaten bazara.
Bakarrik mugitu behar gara?
Bai, gure desplazamenduak bakarrik egin behar ditugu. Baina badira salbuespenak:
– Konfinamenduak bereziki kaltetzen dituen pertsonak
Puntu hau, martxoaren 19ko Xedapen batean zehaztu da. Honela, kaletik joan ahal gara desgaitasuna daukaten eta jokaera-aztoramenduak pairatzen dituzten pertsonak laguntzen, konfinamenduak kalte berezia egiten dienean (hau batez ere nabarmendu da autismoa duten umeen kasuan).
– Kotxez. Bakarrik joan behar gara, ez bada pertsona nagusi edo menpeko bat eraman behar dugula. Edo ezinbesteko kasu bat dela (“fuerza mayor”). Esate baterako, senide bat ospitalera eraman behar dugula. Honelakoetan, pertsona hori atzeko jesarlekuetan joan beharko da.
– Umeak, nagusiak, desgaitasuna duten pertsonak. 465/2020 Dekretuan, martxoaren 17koan, hasierako dekretuaren erredakzioa aldatu zen.
“Durante la vigencia del estado de alarma las personas únicamente podrán circular por las vías o espacios de uso público para la realización de las siguientes actividades, que deberán realizarse individualmente, salvo que se acompañe a personas con discapacidad, menores, mayores, o por otra causa justificada”.
Honek bide eman zuen ume txikiekin mugitu ahal izateko, baimenduta dauden jarduetan. Ez da zentzuzkoa ume txiki bat etxean bakarrik utzi behar izatea (horrek daukan arriskuarekin) erosketak egin behar baditugu.
Lanera joateko ziurtagiriak beharrezkoak dira?
Ez da derrigorra. Hainbat enpresak, batez ere handiek, horrelako ziurtagiriak eman dizkiete honezkero langileei. Ziurtagiri honek egoera erraztu ahal digu poliziak geldiarazten bagaitu. Hala ere, oraidnik ez badaukazu eta nahiago baduzu horrelako batekin joatea, HEMEN badaukazu eredu bat. Enpresak sinatu eta zigilua jarri behar dio.
Eta etxeko langileentzat BESTE EREDU HAU prestatu dugu Bizilanen.
Baina, berriro diogu, EZ DA DERRIGORRA.
⇒ EGUNERAKETA: martxoaren 30eko, asteleheneko, BOEn, honako hau argitaratu zen:
“Cuarto. Declaración responsable.
Las personas trabajadoras por cuenta ajena que no deban acogerse al permiso retribuído recuperable […] tendrán derecho a que la empresa les expida una declaración responsable reconociento tal circunstancia.”
Ikusten dugunez, honetarako ere ez dute enpresak ezertara behartu; baina, era berean, langileok ere ez gaitu ezertara behartzen. Aitzitik, enpresek dokumentu hau guri emateko eskubidea daukagula adierazten da bertan, gure mugimenduak erraztearren. Eskatu egizu, beraz. Honekin esan nahi dugu legeak ez dituela ezein momentutan enpresak behartzen ematera, baina gu ere ez gaitu behartzen eramatera (imajinatu, esaterako, etxean ahaztu duzuela). Edozelan, BOEn bertan, eranskinean, badaukazue adierazpen eredu bat; horixe da enpresak sinatu beharko lukeena.
Txakurra ateratzea
Txakurra kalera atera dezakegu, baina kaka eta txiza egitera besterik ez. Animalien Eskubideen Zuzendaritza Orokorrak plazaratutako gomendioetan paseo laburrak izan behar direla azaldu du. Hau da, ezin bagara paseoan ibili, txakurrarekin ere ez. Era berean, beste animalia edo pertsona batzuekiko kontaktua galarazi dute Irizpidea: etxetik hurbil.
Ez da ezarri, oro har, metro kopururik, ezta denbora zehatzik ere, baina udal batzuek bai argitaratu dituzte aginduak eta herritik herrira distantzien alde handia dago (esaterako Badalonan 100 metro eta Burgosen 250 metro). Ez dugu horrelako informazio zehatzik topatu gurean, baina egun batetik bestera atera dezakete. Hortaz, seguruago egon nahi baduzu, galdetu udalean. Ez badago zure herrian metro kopururik ezarrita eta irizpide orokorrak betetzen ari bazara, nahikoa izan beharko litzateke. Ez dezala poliziak asmatu legerik bere apetaz. Metro kopuru zehatzik aipatzen badizu, udal agindu bat egon beharko litzateke.
Gogoratu txakurren dokumentazioa ere eskatzen ari direla. Dokumentazio hau gurekin eramateko betebehar orokorra ez dugu inon topatu, baina baliteke zure udalean derrigorra izatea. Gainera, poliziari jokabide hori gomendatu egin zaio (txakurra geurea dela egiaztatzeko). Beraz, trankilago joateko, ez dago soberan.
Kalean topatu duzun norbaitekin hitz egitea
Ez dira jendearekiko harremanak galarazi eta, are gutxiago, hitz egitea. Hori bai, segurtasun distantziak gorde behar dira. Honelako kasuetan azaldu zuotako bakoitza nora zoazten, kasualitatez aurkitu duzuela elkar, hitz egitea ez dagoela inon debekatuta eta segidan zoaztela nor bere aldetik.
Zelan jokatu poliziaren galdeketen aurrean?
Nahiko izorraturik egon gaitezke, bai, eta denbora pasa ahala, are gehiago, baina ahalegindu trankil eta burua hotz jokatzen. Modu ez oso onean badatozkigu ere, azalpenak lasai eta zehatz.
Ez hasi eztabaidatzen. Ez dugu irabaziko. Hasieran esan bezala, eurek daukate boterea eta jakin badakite. Zuzen jokatzen ari bazara, azaldu legeak dakarrena betetzen ari zarela. Leporatzen diguna “asmatutakoa” bada, esan diezazula non oinarritzen den.
Bestetik, jendea zigortzeko erabiltzen ari den legea “Mozal legea” da eta, batez ere, desobedientzia leporatzen ari da. Berriro diogu, ez eztabaidatu. Ez dugu irabaziko eta, gerora, errekurritzea ere ez da erraza izango, polizia batek zerbait egin duzula esaten badu, prozedura juridiko-administratiboetan suposatuko da zerbait hori egin egin duzula, poliziek “egiazkotasun presuntzioa” izenekoa daukate eta.
Gogoratu poliziak, berez, identifikaturik joan behar direla. Gauzak okertzen badira, apuntatu agente zenbakia eta, agerian ez badauka, eskatu identifikatzeko. Nahiz eta badakigun honelako betebeharrak, euretako askok ez dituztela ondoegi hartzen.
Zigortzen bazaituzte
Ahalegindu zeure burua defendatzeko baliagarriak izan daitezkeen frogak batzen. Zeuk demostratu beharko duzu egiten egon zarena ez dela ilegala. Telefono mugikorrarekin irten bazara eta geolokalizazioa aktibatuta izan baduzu, baliagarria izan daiteke.
Gogoratu nahi dugu elkarrizketak grabatzea legala dela, beti ere zuk ere elkarrizketa horretan parte hartzen baduzu. Hori bai, hobe ez bazara hasten grabatzen euren muturren aurrean, badakigu horrek zure kontrako jarrera areagotu ahal duela.
Eta, jakina, eskatu laguntza juridikoa. Hemen daukazue AKAB, Askatasun Kolektiboetako Abokatuen kontaktua, behar duzuenerako.
AKAB, Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak
akabokatuak@gmail.com
Tf.:
Araba-Nafarroa: 688 613 530
Gipuzkoa: 672 239 433 / 616 557 141
Bizkaia: 676 579 193
Telegram: https://t.me/AKABokatuak