Prestakuntza eta ikasketa kontratua

2021/10/14an eguneratuta

Nori dago zuzenduta?

Gazteei zuzendutako kontratu mota da. Teorian gazteek formazioa jaso eta lan munduan hasi ahal izateko kontratuak dira, baina, praktikan enpresek ez dute gazteei formazio hori emateko interes handirik izaten; aitzitik, lanpostuak askoz merkeago betetzeko erabili ohi dute. Izan ere, kontratu hauengatik lan kostu gutxiago daukate eta Gizarte Segurantzaren hobari eta murriztapen handiak jasotzen dituzte.

16-25 urte bitarteko gazteak. Honetaz gain, Espainiako Estatuan langabezia %15 baino handiagoa bada, 30 urte arteko gazteei ere aplikatu ahal zaie kontratu mota hau. Era berean, langileak desgaitasunen bat badauka edo bazterketa sozial egoeran badago, ez dago adin mugarik.

Langileak duen formazioa garrantzitsua da jakiteko prestakuntza eta ikasketa kontratua edo praktika kontratua aplikatu ahal diguten. Prestakuntza eta ikasketa kontratua aplikatzeko, langileak ezin du izan lanposturako aldez aurretiko formaziorik. Hau da, lanpostu horretarako ikasketak burutu baditugu, berez, praktika kontratua aplikatu beharko lukete eta ez prestakuntza kontratua edo, areago, lan kontratu arrunta, jakina.

 

Jardunaldia

Prestakuntza kontratua denez, suposatzen da enpresak lanpostu horretarako formazio praktiko eta teorikoa eman behar digula (azken hau ikasketa zentro batean edo enpresan bertan -horretarako bitartekorik badauka-.)

Honela kontratatzen gaituztenean, jardunaldi osoz egin behar dute, sekula ez jardunaldi partzialaz. Lanean emango dugun denbora jardunaldiaren %75 izango da lehenbiziko urtean (beste %25ean prestakuntza teorikoa jaso beharko genuke) eta %85 bigarren eta hirugarren urteetan (hortaz, %15a prestakuntza teorikoa izan beharko litzateke).

Formazio zentrora joateko ematen dugun denbora lan denboratzat hartuko da.

Kontratu honen pean ezin da gauez lan egin ezta aparteko ordurik sartu ere.

 

Iraupena

Gutxienez urtebete eta gehienez 3 urte.
– 3 urte baino gutxiagoko iraupena badauka kontratua, birritan luzatu ahal izango da. Luzapen bakoitza ezin da 6 hilabete baino gutxiagokoa izan eta kontratazio mota honen pean gauden denborak ezin ditu hiru urteak gainditu.

 

Soldata

Hitzarmenaren araberakoa izan beharko litzateke; hori bai, lan egindako jardunaldi ehunekoa baino ez litzateke kobratuko. Hau da, lehen urtean soldataren %75 eta hurrengo urte bietan %85.

Baina praktikan honelako kontratuak aplikatzen dituzten enpresa gehienek, hitzarmenak ez badu kontrakoa zehazten, lehen urtean lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 eta hurrengo urte bietan (baldin baleude) %85 ordaindu ohi dute. Hau da, 2021eko irailetik aurrera lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 965 euro direnez, 723,50 euro izango lirateke lehen urtean eta 820,25 hurrengo bietan.

 

Enpresen mesedetan egindako kontratua

Ikusi dugunez, langileari askoz gutxiago ordaintzeaz gain, eman ohi duten formazioa benetan da zalantzagarria. Hala ere, esan bezala, hobari handiak jasotzen dituzte:

– Enpresak jardunaldiaren %75 edo %85 baino ez du kotizatzen.

– Kuota hauek murriztu ahal dizkiote enpresari (%100ean enpresa txiki eta ertainetan eta %75ean 250 langile baino gehiagoko enpresetan). Hau da, ez dute gugatik apenas dirurik kotizatzen, eta enpresek ordaintzen ez duena herritar guztion artean ordaintzen dugu.

– Murrizketa hau erabili ezin badute, kuota murritz finkoa ordaintzen dute.

– Tutorizazio kosteengatik ere hobariak jasotzen dituzte: 1,5 euro langile eta ordu bakoitzeko, eta euro 2, enpresa 50 langile baino gutxiagokoa bada.

– Kontratua amaitzen denean, kontratu mugagabe eginez gero, enpresari kotizazioa murriztuko zaie hiru urtez: urtean 1.500 euro gutxiago kotizatuko dute, gizonezkoa bada, eta 1.800 euro gutxiago emakumezkoen kasuan.