Pentsio erreformak

Azken urteotan, krisia aitzakiatzat, Espainiako Estatuan pentsioek erreforma latz bi jasan dituzte: 2011 urtean –PSOEren eskutik- eta 2013an –PP gobernuan zela-.

Lehenengo eta behin esan behar da hartu diren neurri guztien (erreforma eta murrizketen) helburua ez dela izan sekula “krisitik irtetea”, baizik eta sistema sozioekonomikoa aldatzea eta langileen ustiapena areagotzea sasoi berri bat prestatu ahal izateko. Esan genezake honezkero lortu egin dutela: herritarrok askoz eskubide gutxiago dauzkagu orain eta askoz pobreagoak gara, kapital handiek, multinazionalek eta bankak bide horretan ezer ez galtzeaz gain, irabaziak biderkatu dituzten bitartean. Hau esanda, ikus dezagun pentsioen atalean zelan jo gaituzten:

2011ko erreforma:

PSOEren gobernuak, CEOE eta Cepyme patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lotu zuten Madrilen pentsiorako gure eskubidea murrizteko eta zailtzeko. Erreforma honi euskal langileriak greba orokor arrakastatsuaz erantzun zion urtarrilaren 27an, gehiengo sindikalak deituta.

2011ko erreformak aldatu zituen puntu nagusiak:

– Erretiro adina atzeratu zen, 65 urtetatik 67 urtetara eta, pentsioaren %100 jasotzeko, gutxienez 37 urte kotizaturik eduki beharra ezarri zuen. Erretiro adina atzeratzeak, gure osasunean eragiteaz gain, gazteak lan mundura sartu ahal izatea galerazten du guztiz.

– Lehen, azken 15 urteak hartzen ziren kontuan pentsioaren kopurua kalkulatzeko. Erreformaz geroztik, azken 25 urteak dira aintzat hartzen direnak. Oro har, zenbat eta atzerago egin, orduan eta soldata kaskarragoak dauzkagu gure bizi laboralean. Beraz, honek jasotzen dugun diru kopuruan guztiz eragiten du (gogoratu behar dugu aurreko erreforma batean 8 urtetatik 15 urtetara luzatu zela, beraz, argi dago azken asmoa bizi laboral osoa aintzat hartzea baino ez dela, Espainiako Gobernuak honezkero aurreratu duenez).

– Aldez aurretik jubilatzeko aukera: lehen 61 urte betetakoan eska genezakeen, erreformaren ostean, 63 urtetatik aurrera.

2013ko erreforma:

2011ko erreforma pentsioa eskuratu ahal izateko baldintzak guztiz gogortu bazituen, 2013koa pentsioak murriztera bideratu zen. Honetarako aldaketa nagusi bi egin zituzten.

Alde batetik, pentsioen igoera KPItik deslotu zituzten. Honek esan nahi du prestazioak ez direla igotzen bizi kostua igotzen den neurrian eta, hortaz, eros ahalmena urtez urte galtzen ari garela. Gutxieneko igoera, jadanik pairatzen ari garen bezala, miseriazko %0,25ean ezarri zuten.

Bestetik, prestazioaren kopurua kalkulatzeko formula maltzurra asmatu zuten, “factor de sostenibilidad” izendatu zutena. Honen arabera, pentsioak bizi itxaropenari eta finantza publikoen egoerari lotzen zaizkie. Laburbilduz, kalkulu zail bat asmatu zuten helburu bakar batekin: urtez urte kobratzen dugun pentsioa jaitsi ahal izatea. Koefiziente hau 2019tik aurrera hasiko da aplikatzen.

Pentsio publikoen deuseztapenaren atzean bankaren interesa dago. Berriro ere herritarron eskubide bat aseguru etxeen negozio bilatu nahi dute (osasunarekin egiten ari diren bezala). Baina eskubideen merkatilizazioa izateaz aparte, langile gehienok gure soldata urriarekin ezin ditugu plan pribatu horiek kontratatu eta, kontratatu ahal dutenei ere, ez diete gerora erretirorako diru sarrera nahikorik bermatzen.