Pentsio ez kontributiboak

2018/02/26
Azken eguneraketa: 2024/01/18

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko VI. Tituluko II. Kapitulua (Pentsio ez kontributiboak)
2/2023 Lege Dekretua, pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero arrakala  murrizteko eta pentsio sistema publikoaren iraunkortasunerako esparru berria ezartzeko premiazko neurriena
8/2023 Lege-Dekretua (Pentsioen eta bestelako prestazio publiko batzuen inguruko neurriak, VI. Tituluko I. Kapituluko 2. Atala)

 

Pentsio ez kontributiboak kotizatu ez duen edo gutxieneko kotizaziora heltzen ez den jendeari daude bideratuta. Subsidio izaera daukate, hau da, kopuru finkoa jasotzen da. Kopuru hau Madrilgo Gobernuak ezartzen du urtero Aurrekontu Orokorretan. Esan beharrik ez dago 500 eurotara ozta-ozta heltzen den kantitate honek ez duela inondik inora oinarrizko premiak asetzea bermatzen.

Gainera, nabarmendu behar da pentsio ez kontributibo gehienak emakumezkoek jasotzen dituztela. Izan ere, soldatapeko enplegua, kapitalismoaren bitarteko moduan, ezkutuko beste lan batzuk ditu beharrezkoak, lan indarra birproduzitzeko. Lan erreproduktiboak edo zaintza lanak ezinbestekoak dira sistemarentzat, beraz, baina, hala ere, eskubide sozial eta ekonomikoetatik kanpo uzten dituzte bizi osoa edo tarte handi bat lan horretan eman duten lagun guztiak edo, etxetik kanpo ere lan egin izan arren, kotizatu ez dutenak, ezkutuko ekonomian egin dutelako edo familiaren negozioan edo baserrian aritu direlako, adibidez.

Gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio arrakala latzaz hitz egiten denean, hauxe da arrazoietako bat, nahiz eta bakarra ez izan.

 

Pentsio mota bi daude: erretiroagatik eta baliaezintasunagatik. Estatuaren aurrekontuetan zehazten badira ere, hauen kudeaketa EAE eta Nafarroako gobernuen esku dago; hori dela eta, geroxeago ikusiko dugunez, eskaera Foru Aldundietan egin behar da.

Hego Euskal Herrian, 2023ko abenduko datuen arabera, 16.414 lagunek jasotzen dute prestazio hau, 9.475ek erretiroagatik eta 6.939k baliaezintasunagatik.

 
Bete beharreko baldintzak

Baliaezintasunagatik:
            – 18 eta 65 urte bitarte izatea
            – Estatuan gutxienez 5 urtez bizi izana. 5 urte hauetatik, eskatu aurreko bi urteetan Estatuan jarraian bizitzen egon behar izan zara.
            – Gutxienez %65eko desgaitasun maila aitortuta izan behar duzu.
            – Diru sarrera nahikorik ez daukazula egiaztatu behar duzu.

Erretiroagatik:
            – Gutxienez, 65 urte izatea.
            – Estatuan gutxienez 10 urtez bizi izana. 10 urte hauetatik, eskatu aurreko bi urteetan Estatuan jarraian bizitzen egon behar izan zara.
            – Diru sarrera nahikorik ez daukazula egiaztatu behar duzu.

 
Zenbateko diru sarrerak izan ahal dituzu, gehienez, pentsio ez kontributiboa eskatu ahal izateko?

7.250,60 euro urtean (2024. urterako). Hala ere, izan kontuan kantitate hau baino gutxiago irabazten baduzu ere, familia unitate osoaren diru sarrerak aintzat hartzen direla. Hau da, elkarbizitza unitate ekonomikoa hartzen da kontuan. Unitate honetan elkarrekin bizi diren senideak sartzen dira, odolkidetasun bigarren mailara arte (eskatzailearen gurasoak, aitaita-amamak, seme-alabak, ilobak, neba-arrebak).

Honela, familia osoaren diru sarrerak ezin dira honako kopuruak baino altuagoak izan:

2 senide: 12.326,02 euro urtean
3 senide: 17.401,44 euro urtean
4 senide: 22.476,86 euro urtean

Senide horien artean zure gurasoren edo seme-alabaren bat badago:

2 senide: 30.815,05 euro urtean
3 senide: 43.503,60 euro urtean
4 senide: 56.192,15 euro urtean

Hasieran esan dugunez, pentsio ez kontributiboa ez da pertsonaren eskubide indibiduala, bere helburua ez da gutxieneko errenta bat bermatzea pertsona hori bere kabuz bizi ahal izan dadin. Izan ere, zure familiak diru-sarrerak baldin badauzka, Estatuak erabakita dauka eurak arduratu behar direla zure mantenuaz.

 
Zenbat jasotzen da?

2024an pentsio ez kontributiboek kontributiboek baino igoera handiagoa izan dute: %6,9. Izan ere, KPIaz gain (%3,8), aparteko %3,1eko igoera izan dute.

Zenbatekoak:

urterako 7.250,60€ urtean. Hau da, 517,90 euro hilean (8/2023 Lege-Dekretuaren 78.5 artikulua). Izan kontuan 14 ordainsaritan jasotzen direla: 12 paga gehi aparteko paga bi.

Kasu bakoitzean senide kopurua eta familiaren diru sarrerak aintzat hartzen dira eta, horren arabera, oinarrizko zenbateko hau alda daiteke. Edozein kasutan, ezin da izan %25 baino gutxiago.

Baliaezintasun pentsioa jasotzen baduzu, zure desgaitasun maila %75 baino altuagoa bada eta beste norbaiten laguntza behar duzula egiaztatzen baduzu, %50eko osagarria jaso dezakezu (3.625,30 euro gehiago urtean edo, bestela esanda, 258,95 euro gehiago hilean).

Oinarrizko zenbatekoak honako hauek dira:

Familia berean lagun batek baino gehiagok jasotzen baduzue pentsio ez kontributiboa:

Hau da, demagun zuk eta zure senarrak pentsio ez kontributiboa jasotzen duzuela, erretiroagatiko pentsioa eta baliaezintasunagatiko pentsioa hurrenez hurren, adibidez. Kasu honetan, zuotako bakoitzak 6.163,01 euro urtean (440,22 euro hilean, 14 ordainsaritan) baino ez zenukete jasoko. Bion artean, guztira, 12.326,02 euro urtean.

 
Legez pobrezia mugatik behera

Pentsio ez kontributiboak miseriazkoak izan dira euren sorreratik, gutxieneko duintasunetik oso urrun. Subsidio edo laguntza izaera daukatenez, Madrilgo Gobernuak urte bakoitzean igo nahi izan duen portzentajearen pentzura gelditu dira. Eta duintasuna ukatzea gutxi balitz, hainbat igoera irain hutsak ere izan dira, hala nola PPren zorioneko %0,25 (euro ziztrin eta bakar bat gehiago hilean).

Hala ere, pentsio ez kontributiboak kontributiboek egiten duten hein berean igo behar dira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 62. artikuluak ezartzen duen bezala, eta azken hauek berriro KPIarekin lotu direnez (21/2021 Legea), ez kontributiboak ere, gutxienez, KPI beste igo beharko dira.

Horra hor azken urteotako igoeren taula:

URTEA

ZENBATEKOA (URTEAN)

ZENBATEKOA (HILEAN)

IGOERA

2013

5.108€

364,90€

%2

2014

5.122,60€

365,90€

%0,25

2015

5.136,60€

366,90€

%0,25

2016

5.150,60€

367,90€

%0,25

2017

5.164,60€

368,90€

%0,25

2018

5.321,40€

380,10€

%3

2019

5.488€

392€

%3,10

2020

5.538,40€

395,60€

%0,9

2021

5.639,20€

402,80€

%1,8

2022

5.808,60€

414,90€ – 484,61€

%2,6 – %15*

2023

6.784,54€

484,61€

%0 (%15)*

2024

7.250,60€

517,90€

%6,9

Lehen esan dugun bezala, 2024an, KPIaz gain, %3,1eko aparteko igoera aplikatu da. Izan ere, legez ezarri da 2027. urtean pentsio ez kontributiboak pobrezia mugaren %75ean kokatu behar direla. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53. Xedapen Gehigarria).

Gaurko datuetara estrapolatzen badugu, Bizi Baldintzen Inguruko Inkestaren arabera (INEk atera duen azkena 2022koa da), pobrezia muga 10.088 eurotan kokatuta dago; honen %75 7.566€ dira. Beraz, gaurtik Gobernuaren helburua beteko balitz, 540,42€ jasoko lirateke hilean. Ikusten duzuenez, 22,52 euroko aldea baino ez dago gaur jasotzen denarekin alderatuta.

Esan nahi baita, igoerak igoera, pentsio ez kontributiboak pobreziaren mugaren oso azpitik utziko dituztela eta ez dagoela asmorik gaurko egoera askoz gehiago hobetzeko. Horixe da legez markatu duten helburua.

* 2022ko ekainean Madrilgo Gobernuak Bildurekin adostu zuen %15eko aparteko igoera bat aplikatzea.

 

Baliaezintasun pentsioa eta lan egitea

Pentsioa eta lana bateragarriak dira, hau da, baliaezintasun pentsio ez kontributiboa jasotzen duten lagunek lan egin dezakete.

Pentsioa jasotzen baduzu eta lan egiten hasten bazara, lehen lau urteetan soldata eta pentsioa bateratu ahal izango dituzu, baldin eta diru sarrerak, guztira, 14.450,60€ baino altuagoak ez badira. Muga hau honelaxe ezartzen da: urteko IPREM (7.200€ 2024an) gehi baliaezintasun pentsioa (7.250,60€ 2024an). Muga hau gaindituz gero, pentsioa mugaren zenbatekora arte murriztuko da. Adibidez, lan jardueragatik 10.000€ irabazten badituzu, pentsioa 4.450,60 eurotara jaitsiko dizute, orotara 14.450,60€ jasotzeko.

Lau urte horiek pasatuta, lanean jarraitzen baduzu, pentsioa jasotzeari utziko diozu. Lan egiteari uzten diozunean, pentsioa kobratzen hasiko zara berriro eta lan jarduerak sortu dituen diru sarrerak ez dira kontuan hartuko.

 

Bateraezintasunak

Diru laguntza hau jasotzeko, ezin duzu bestelako pentsiorik jaso (INSS, MUFACE, gizarte ongizatearen funtsa), ezta bestelako diru laguntzarik ere (gutxieneko errenta bermatzeko diru laguntza, desgaitasuna duten seme-alabengatiko familia laguntza…).

Bestalde, langabezia subsidioa jasotzen ari bazara, hau diru sarreratzat joko da pentsioa eskatzen duzunean.

 
Etxebizitzarako osagarria

Alokairuan bizi bazara, etxebizitzarako osagarria eska zenezake. Hala ere, 525 euro baino ez dira urtean, alokairuari aurre egin ahal izateko ezdeusa. Gainera, alokairuek etengabean gora egiten duten bitartean, etxebizitzarako osagarri hau ez da igo 2010. urtetik hona euro bakar batean ere.

Osagarri hau jaso ahal izateko, etxea ezin da senide batena izan. Bestela esanda, senideren batek alokatuko balizu etxea, ezingo zenuke eskatu. Hirugarren gradura arteko senideak hartzen dira kontuan.

Bestetik, lagun batek baino gehiago jasotzen baduzue pentsio ez kontributiboa (lehengo adibideari jarraiki, esaterako, zuk eta zure senarrak), bakar batek jasoko luke osagarria.

Hala ere, pentsio ez kontributiboa jasotzen baduzu eta alokairuan bizi bazara, diru hori jasotzeko eskubidea daukazu.

Informazio gehiago eta dokumentuak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA

 
Nora jo behar duzu?  

Aldundietako politika edo zerbitzu sozialen atalean eskatu behar da

ARABA:
Diputazio kalea 13, Gasteiz
Tf. 945 15 10 15

BIZKAIA:
Lertsundi kalea 14, Bilbo
Tf. 944 06 71 63

GIPUZKOA:
Zarategi kalea 99, Donostia
Tf. 943 11 25 88

NAFARROA:
González Tablas kalea 7, Iruñea
Tf. 948 42 69 00

Edo zure udalari dagokion oinarrizko zerbitzu sozialen atalean. Non dauden bilatzeko:

ARABAN
BIZKAIAN
GIPUZKOAN
NAFARROAN

 
Ze dokumentazio behar da?

– Eskaera orria
– Laguntza jasotzeko bankuaren kontu korrontea adierazten duen orria (Aldundiak emango dizu bete beharreko dokumentua)
– NAN edo NIEren fotokopia. Migrantea bazara, pasaportearen fotokopia ere bai.
– Zurekin bizi diren senideen NAN edo TIEren fotokopia. 14 urtetik beherakoak badira, familia liburuaren (edo honen baliokidearen) fotokopia ere bai.
– Erroldatze egiaztagiria. Migrantea bazara, gutxienez 5 edo 10 urtez Estatuan bizitzen egon zarela ziurtatu behar duzu.
– Desgaitasun agiria, baliaezintasun pentsioen kasuetarako

ADI! Pentsio ez kontributiboa jasotzen jarraitzeko, urtero-urtero errenten edo diru-sarreren berri eman behar da. Foru Aldundiak bidaltzen du formularioa etxera. Formulario hau bete eta aurkeztu behar da. Honetarako epea: urteko lehen hiruhilekoa (urtartila-otsaila-martxoa).

Informazio gehiago dokumentazioaz eta izapideaz:

Webgune hauetatik jaitsi ahal dituzu aurkeztu beharreko dokumentu guztiak. Era berean, nahi izanez gero, eskaera online ere egin daiteke. Gogoratu izapideak online egin ahal izateko, ziurtagiri digitala beharko duzula edo, bestela, BakQ EAEn edo Cl@ve Nafarroan.

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA