Zer da prestakuntza bidezko errotzegatiko erresidentzia baimena?

Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea. Figura hauen artean, bigarren aukerako errotzea da berri  bakarra. Beste lauak lehenagotik ere existitzen ziren, nahiz eta hainbat aldaketa izan diren.

Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea  erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta.

Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.

Aldi baterako baimena da: urtebete irauten du eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.

Prestakuntza bidezko errotzea eskatzeko:

  • Jadanik ikasten edo ikastaro batean matrikulaturik egon behar da. Legeak zehazten du zeintzuk diren barne sartzen diren ikastaroak. Apur bat aurrerago azalduko dizkizuegu.
  • Integrazio txostena aurkeztu behar da. Hau ere gerotxoago aurkituko duzue.

Zeintzuk baldintzak bete behar dira?

  • Aurreko BI URTEETAN Estatuan.

Eskatzaileak egiaztatu behar du aurreko urte bietan Estatuan bizitzen egon dela. ADI! urte bi segidan; hortaz, denbora honetan zehar, Estatutik kanpora irtenez gero, egonaldi hauek, guztira, ezin izan dute 90 egun baino gehiago iraun.

  • Asilo eskatzaileek ezin dute baimen hau eskatu.

Baimen hau eskatzen duen pertsona ezin da izan, aldi berean, asilo eskatzailea. Gainera, asilo eskatzailetzat ematen den denbora ez da kontuan hartuko erresidentzia baimena eskatzeko eta, beraz, asilo eskaera ukatzen badute edo eskatzaileak prozedura lagatzen badu, zerotik zenbatzen hasi beharko da. Azken araudiak ekarri duen aldaketa larria da hau.

  • Prestakuntza bidezko errotzea eskatzeko, ikasketak egin behar dituzu. 

Zehaztuko dugunez, ez da ezinbestekoa eskaera egiten den momentuan jadanik ikasten egotea, ikastaroren batean matrikulaturik egon zaitezke edo prestakuntzaren bat egiteko konpromisoa har dezakezu.

  • Integrazio txostena aurkeztu behar da

Integrazio txostenaren ingurukoak aurrerago daude azalduta.

  • Aurrekari penalik ez.

Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.

  • Tasa bat ordaindu behar da (790 eredua, 052 kodea).

Tasa hau eskaera egiten denean (eta, hortaz, tramitera onartzen denean) ordaindu behar da. 10 egun daude honetarako. 2025. urtean 38,28 euro dira. Tasa hau ONLINE ere ordaindu ahal da.

Ikasketak

Zeintzuk ikasketa izan daitezke?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketak:

  • Batxilergoa
  • Lanbide Heziketako Erdi mailako prestakuntza zikloak
  • Erdi mailako Arte Plastikoen eta Diseinuaren ikasketak
  • Erdi mailako Kirol Ikasketak 
  • Lanbide Heziketako Espezialista tituluak

Profesionaltasun ziurtagiriak (1., 2. eta 3. mailakoak). 26 lanbide arlo ezberdin daude. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu:

PROFESIONALTASUN EGIAZTAGIRIAK

Helduen Heziketaren barruko derrigorrezko ikasketak (gaztelerazko EPA)

— Era berean, baimena eskatu ahal izango da, baldin eta SEPEk eskaintzen duen prestakuntzaren bat egiteko konpromisoa hartzen bada. Ikasketa hauek Estaldura Zaileko Katalogoko postuak betetzera bideratuta egon behar dira. Informazio zabalagoa honetaz, HEMEN kontsulta daiteke.

Ikasketa hauek bi modutan egin daitezke:

  • Presentzialki
  • Erdi presentzialki. Honela eginez gero, klaseen %50, gutxienez, aurrez aurre izan behar dira.

⇒ ADI! Prestakuntza bidezko errotzeagatiko baimena ematen badizute, ikasketetan benetan matrikulaturik zaudela egiaztatu beharko duzu. Hiru hilabete dauzkazu horretarako; bestela, baimena kendu ahal dizute.

Integrazio txostena

Errotze sozialerako bezala, prestakuntza bidezko errotzerako ere integrazio txostena aurkeztu behar da. Txosten honek eskatzaileak “jendartean integraturik” dagoen edo horretarako ahaleginak egiten ari ote den ebazteko balio omen du. Hala ere, azken batez, beste izapide burokratiko bat baino ez da, eskaera zaildu eta atzeratu baino ez duena egiten, batez ere prestakuntza bidezko errotze kasuetan. Izan ere, errotze sozialean azaldu dugunez, txosten honetan bereziki balioztatzen den puntuetako bat da eskatzaileak hizkuntzak ikasi ote dituen edo beste prestakuntzarik egin ote duen. Eta hau, berez, ondo frogaturik legoke prestakuntza bidezko errotzea eskatzen bada.

Txosten hauek honako tokietan eskatu behar dira:

  • NAFARROA: udaletxeetan
  • ARABA, BIZKAIA eta GIPUZKOA: Zuzenean, herritarrentzako arreta zerbitzuaren bulegoetan (hiriburuetan baino ez daude). Bilboko, Donostiako eta Gasteizko bulegoetako helbideak eta hara heltzeko dauden garraio publikoak HEMEN kontsultatu ahal dituzu.

Prestakuntza bidezko errotzea eta lana

Errotze modu honen helburua, azaldu dugunez, ikastea da; hala ere, ikasten ari izaren bitartean, lan egin zenezake:

— Jardunaldia: gehienez, 30 ordu astean.

— Soldata: gutxienez, lanbidearteko gutxieneko soldata jaso behar duzu (edo hitzarmenak ezartzen duen soldata). Hemen zehaztapen bat egin behar da: gutxiago ordaintzea ilegala da, baina ondo dakigu denok zelan dauden gauzak, bereziki langilea beste jatorri batekoa bada.

— Sektorea: edozein sektoretako lana izan daiteke. Esan nahi baita, nahiz eta zure prestakuntza lanbide zehatz baterako izan, ez da derrigorra lortzen duzun kontratua lanbide zehatz horretakoa izatea. Adibidez, soldatzailerako ikasten egon zaitezke eta, bien bitartean, ostalaritzan aritu.

Gainera, errotze hau aldatu ahal izango duzu (eta errotze soziolaborala eskatu, adibidez) lan kontraturen bat badaukazu. Gainera, esan bezala, ez da beharrezkoa kontratua ikasi duzun prestakuntzarekin lotuta egotea.

Azkenik, baimen hau luzatu edo prorrogatu ahal izango duzu, baldin eta kurtsoa gainditu eta hurrengo kurtsoa egin nahi baduzu (oinarrizko maila edo erdi mailako prestakuntza zikloetan). Honetarako, hau egiaztatzen duen ikasketa zentroaren txostena aurkeztu beharko duzu.

Era berean, urtea amaitu baino lehen, prestakuntza amaitu baduzu, baimena luzatu ahal izango duzu, baldin eta titulua atera baduzu eta lana bilatzen ari bazara. ADI! Lana bilatzen ari zarela ulertuko da, baldin eta SEPEn izena eman baduzu.

Dokumentazioa

Eskaera-orria (EX10 eredu ofiziala)

Identifikazioa: pasaportearen kopia osoa, inskripzio zedularen kopia edo bidaia tituluaren kopia

— Estatuan, gutxienez, bi urteko egonaldia egiaztatzen duen dokumentazioa. Modurik zuzenena errolda da, jakina, baina, ondo dakigunez, migranteek gero eta arazo eta oztopo gehiago pairatu behar dituzte erroldatu ahal izateko. Oso garrantzitsua da, beraz, bestelako dokumentu batzuk gordetzea egonaldia egiaztatu ahal izateko. Eskatzailea hemen bizitzen egon dela egiaztatzen duen edozein dokumentu atxiki ahal da, hala nola fakturak edo diru bidalketak (dokumentuan eskatzailearen datuak agertu behar dira) eta bereziki kontuan hartuko dira administrazio publikoren batek emandakoak, hala nola ospitalizazioak, kontsulta medikoak, udalarekin egindako izapideak edo kontsultak…

Aurrekari penalen egiaztagiria

Integrazio txostena 

Prestakuntza hartzeko konpromisoa. Hau eskaera orrian bertan bete daiteke. ADI! hainbat datu eman behar dira, hala nola ikastetxearen helbide osoa eta Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (NIF) edo Kodea (CIF), egingo den kurtsoaren kodea, zenbat ordu iraungo dituen, hasiera eta amaiera datak… Eskaera orriaren dokumentu ofizialean kontsultatu ahal duzu.

⇒ ADI! Oro har, dokumentuen kopiak eman behar diren arren, izapidea egiteko momentuan dokumentu originalak ere erakutsi behar dira. Hortaz, kopiak ez ezik, eraman bulegora jatorrizkoak ere bai. Izan kontuan beste herrialde batzuetako dokumentuak direnean, gaztelera edo euskarara itzulita egon behar direla (zinpeko itzultzaile batek egin behar du).

Dokumentazioaz eta betebehar hauetaz informazio zabalagoa Ministerioaren azalpen orri honetan kontsultatu ahal duzu:

Nora jo prestakuntza bidezko erresidentzia eskatzeko?

Herrialdeko atzerritarren bulegoak:

                      ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 480 (informazioa eta aldez aurretiko hitzordua)

Ordutegia: 9:00etatik 14etara

                      BIZKAIA:
Berroeta Aldamar 1 (Bilbo).
944 509 435

Informazioa (aldez aurretiko hitzorduen inguruan)
Informazioa (eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko)

Ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 9:00etatik 17:00etara; ostiraletan: 9:00etatik 14:00etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 9:00etatik 14:00etara (astelehenetik ostiralera)

                      GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 -sarrera Javier de Barkaiztegitik- (Donostia)
943 989 110
Posta-e: oficina_extranjeros.gipuzkoa@correo.gob.es

Ordutegia:
– 9:00etatik 17:30etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 8:00etatik 15:00etara

                      NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri) (Iruñea)
948 979 200

Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara

⇒ Gogoratu bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua hartu behar dela. Hau internetez egin daiteke, hurrengo helbide honetan:

⇒ Kontsultarik edo zalantzarik izanez gero, galderak online egin daitezke, honako helbide hau erabilita:

Prestakuntza bidezko erresidentzia baimena ONLINE ere eskatu ahal da. Hemen utziko dizkizuegu honetarako sarrera zuzena eta izapide honen argibide liburua jaisteko lotura:

Erresidentzia eskuratuta, TIE eskatu behar da

⇒ ADI! Erresidentzia baimena jaso ostean, TIE eskatu behar da. Hau da, kalean hatz markaren izapidetzat ezagutzen den hori egin behar da.

TIE atzerritarren identifikazio txartela da eta hobeto azalduta daukazu beste artikulu honetan.

Honako hauek behar dira identifikazio txartela ateratzeko:

  • Eskaera-orria (EX-17 eredu ofiziala)
  • Tasa bat ordaindu beharko duzu (790 eredua 012 kodea). 2025ean 16,08€ dira.
  • Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria (dokumentu hau beharrezkoa da, baldin eta lanean hasi behar bazara, bai inoren kontura, bai autonomo moduan)
  • Nortasun agiri tamainako hiru argazki (argazki dendan atera)

Izapide hau polizia komisaldegian egiten da (helbideak HEMEN)  eta aldez aurretiko hitzordua behar da. Bertan hatz marka hartuko dizute eta frogagiri bat emango dizute. Handik hilabetera txartel fisikoa hartu ahal izango duzu.