Ordainketa zuzena eta ordainketa delegatua (aldi baterako ezintasuna)
2026/02/17
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 170. eta 174. artikuluak
Aldi baterako ezintasun egoeran gaudenean, prestazioa jasotzeko eskubidea daukagu. Oro har, ordainketa enpresaren izenean egingo digute, nominarekin egin bezala. Hori bai, enpresak ingresatzen badigu ere, honek ez du esan nahi enpresa denik gastua egiten duena; aitzitik, ordainketa delegatuaz egiten ari da.
Garrantzitsua da jakitea zertan datzan hau eta ze kasutan ordaindu behar digun Gizarte Segurantzak (edo mutualitateak) zuzenean, zenbaitetan langileek eurek eskatu beharko dute eta.
Ordainketa zuzena eta ordainketa delegatua
Ordainketa delegatua: enpresak langileari aldi baterako prestazioa ordaintzen dio edo, hobeto esanda, aurreratzen dio, ordainketa, berez, Gizarte Segurantzari edo mutualitateari dagokiolako. Gerora, Gizarte Segurantzak edo mutualitateak enpresari diru hau itzuliko dio.
Ordainketa zuzena: aldi baterako prestazioa Gizarte Segurantzak edo mutualitateak zuzenean ordaintzen dio langileari.
Aldi baterako egoera edo baja gertakizun arruntengatik bada:
1. egunetik 3. egunera: ez da ezer jasotzen
4. egunetik 15. egunera: enpresak ordainduko digu, ordainketa propio moduan, egun hauetan zehar prestazioaren gastua enpresaren bizkar geratzen da eta.
16. egunetik aurrera: prestazioa Gizarte Segurantzak ordainduko digu, nahiz eta, lehen azaldu bezala, ingresoa enpresak egin. Bestela esanda, enpresak ordainketa delegatuaz abonatuko digu.
Aldi baterako egoera edo baja gertakizun profesionalengatik bada:
Prestazioa lehenbiziko egunetik jasotzen da. Kasu honetan, enpresak lehenbiziko egunaren gastua bere bizkar hartzen du eta, bigarren egunetik aurrera, mutualitateak egingo du. Edozelan, ordainketa enpresaren izenean azalduko zaigu, ordainketa delegatuaz egingo duelako.
Ikusteko ze nolako portzentajeak kobratzen diren eta aldi baterako ezintasunaren inguruko beste detaile batzuk:
Noiz dagokio Gizarte Segurantzari edo mutualitateari ordainketa zuzena egitea?
Horra hor kasurik ohikoenak:
• 10 langiletik beherako enpresak
10 langiletik beherako enpresa batean lan egiten baduzu eta zure baja sei hilabete baino gehiago irauten badu, enpresak Gizarte Segurantzari eskatu ahal dio momentu horretatik aurrera bajaren ordainketa zuzena egin dezan. Adi! hau ez da beti eta automatikoki egiten zer zerbait, enpresak eskatu ahal du ala ez.
• Enpresak ez badio langileari prestazioa ordaintzen
Ikusi dugunez, enpresak langileari prestazioa abonatu behar dio, nahiz eta ordainketa delegatuaz izan eta nahiz eta gerora diru hau berreskuratu. Hala ere, batzuetan ez du ordainketa egiten, ez du bere beharra betetzen. Honelako kasuetan langileak Gizarte Segurantzari (edo mutualitateari) eskatu ahal dio berak egin dezala ordainketa zuzenaz. Geroxeago ikusiko dugu zelan egin behar den eskaera.
• Lan harremana amaitzen bada
Hau egoera ohikoa da. Baja medikoan bazaude eta zure lan harremana amaitzen bada (kaleratu zaituztelako, kontratua amaitu delako…), enpresak prestazioa ordaintzeari utziko dio. Horrelakoetan ordainketa zuzena eskatu behar da, prestazioa jasotzen jarraitzeko.
Aldi baterako ezintasuna (baja medikoa) amaitzen denean, langabeziagatiko prestazioa edo subsidioa eskatu ahal izango duzu. Gainera, kaleratzea izan bada, salatu ahal izango duzu.
• Aldi baterako ezintasun egoeran 18 hilabete eman ostean (ezintasun iraunkorrerako espedientea)
Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ordainketa zuzenari ekingo dio ezintasun iraunkorrerako espedientea hasten denean. Hau gertatuko da aldi baterako ezintasun egoeran 18 hilabete (545 egun) eman ostean, Ezintasun iraunkorrerako espedientea hasi eta hurrengo hilabetean, zehazkiago.
Izan ere, 18 hilabete pasaturik, Gizarte Segurantzak ezintasun iraunkorrerako proposamena egingo du eta hiru ebazpen posible eman ahal ditu:
- Ezintasun iraunkorra eman ahal dizu
- Alta medikoa eman ahal dizu
- Kalifikazioa atzeratu ahal du (gaztelerazko “demora de calificación”). Hau oso gutxitan gertatzen da, baina Gizarte Segurantzak uste badu hoberantz egin ahal duzula, zelanbait esateko, baja luzatu ahal dizu. Luzapen hau, gehienez, sei hilabete gehiago izan daitezke (bajak, orotara, urte bi iraungo luke).
Baliteke denbora bat pasatzea espedientea ebazten den bitartean. Hala balitz, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ordainketa zuzenaz jasotzen jarraituko duzu. Gauza bera gerattuko da, Gizarte Segurantzak kalifikazioa atzeratuko balu.
Esan bezala, normalean, automatikoki pasatzen da ordainketa zuzenera, baina, ikusiko bazenu ez zaizula ordainketarik egiten, Gizarte Segurantzari erreklamatu ahal diozu.
Ezintasun iraunkorraz gehiago jakin nahi baduzu:
Etxeko langileak
Etxeko langileen kasuan, ordainketa honelaxe da:
1. egunetik 3. egunera: ez da ezer jasotzen
4. egunetik 8. egunera: enplegatzaileak ordaindu behar du.
9. egunetik aurrera: ordainketa zuzenaz egiten da. Enplegatzaile gehienek ez dute mutualitaterik kontratatzen; hortaz, kasu guztietan, izan gertakizun arruntengatik, izan gertakizun profesionalengatik, Gizarte Segurantzaren esku geratuko litzateke.
Langile autonomoak
Langile autonomoek ere, aldi baterako ezintasun egoeran daudenean, prestazioa jaso dezakete. Baina, jakina, kasu honetan ez dagoenez bitartekari lanik egingo duen enpresarik edo, bestela esanda, ordainketa delegaturik egingo duen enpresarik, kasu guztietan ordainketa zuzena izango da, izan kontrataturik daukazun mutualitatearen, izan Gizarte Segurantzaren aldetik.
Inoren konturako langileekiko beste alde bat da, autonomoek eskaera formala egin behar dutela kasu guztietan.
Adi! bajaren lehenbiziko 60 egunetan autonomoen kuota ordaintzen jarraitu behar duzu. Hala ere, 61. egunetik aurrera mutualitatea arduratuko da kuota ordaintzeaz, bajak 545 egun bete arte, gehienez.
Zelan eskatu ordainketa zuzena?
Esan dugunez, kasu gehienetan prozedura automatikoa bada ere, zenbaitetan, beharrezkoa da langileak berak eskatzea (autonomoen kasuan, beti).
Mutualitateari eskatu behar izatekotan, bulegoetan ez ezik, mutualitate bakoitzak badauka bere webgunean atalen bat izapide hau egin ahal izateko.
Gizarte Segurantzaren Institutuari eskatu behar izatekotan, honetan ere, beti bezala, bulegoetan aurrez aurre edo internetez egin ahal izango duzu.
1. Bulegoetan:
Orrialde honetan bilatu ahal duzu non dauden Gizarte Segurantzaren bulegoak:
Gogoratu, bulegora joan baino lehen, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela. Aldez aurretiko hitzordua eskatzeko:
ESKATU INTERNETEZ: HEMEN
ESKATU TELEFONOZ:
91 541 25 30
901 10 65 70 (901 guztiak bezala, tarifikazio berezikoa da; hortaz, tarifa laua izan arren, aparte kobratuko dizute)
2. Online:
Online eskatzeko, errazago eta arinago egingo duzu, baldin eta, identifikatzeko, cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala badaukazu. Ez bada horrela, ez kezkatu, Gizarte Segurantzak aukera ematen du identifikazio modu elektronikorik gabe ere egiteko.
Izapidea online egiteko orrialdean bertan beharrezko dokumentazioa kontsultatu ahal duzu. Edozelan, hemen utziko dizuegu eskaera-orri ofiziala. Hor ere dokumentazioa eta jakin beharreko zenbait azalduta dauzkazu.





