Etxeko langileen gaixotasun bajak
Etxeko langileek, edozein langilek bezala, bajak har ditzakete, gaixotasun edo istripuagatik.
Baja motak:
• Kontingentzia arruntengatik: gaixotasun edo istripu arrunta denean (hau da lanean edo lanagatik izan ez dena).
• Kontingentzia profesionalengatik: lan gaixotasuna edo lan istripua izan denean.
Zenbat kobratzen da?
• Kontingentzia arruntak:
Lehenbiziko 3 egunetan ez da ezer kobratzen
4. egunetik 20. egunera erregulazio oinarriaren %60 kobratzen da
21. egunetik aurrera erregulazio oinarriaren %75
• Kontingentzia profesionalak:
Baja hartzen den egunean soldata osoa kobratzen da, nahiz eta lanik ez egin edo egun osoan ez aritu.
Hurrengo egunetik aurrera erregulazio oinarriaren %75 kobratzen da
Erregulazio oinarria kotizazioaren araberakoa da. Ikus. Etxeko langileen erregimena
Nork ordaindu behar du baja?
• Kontingentzia arruntak: 4. egunetik 8. egunera enpleatzaileak ordaintzen du. Bajak 8 egun baino gehiago irauten badu, Gizarte Segurantzan eskatu behar da bajaren ordainketa.
• Kontingentzia profesionalak: baja hartu eta segidan eskatu behar da bajaren ordainketa Gizarte Segurantzan.
Zelan eskatzen da baja?
Ezer baino lehen, baja kobratu ahal izateko, Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar da. Honetaz gain, baja kontingentzia arruntengatik bada, aurreko bost urteetan zehar gutxienez 180 egun kotizatuta izan behar ditugu. Kontingentzia profesionalengatik bada, ez da beharrezkoa aldez aurretiko kotizaziorik.
Baja egiaztagiria edo “partea” behar da. Hau medikuak ematen du. Hasierako baja parteaz gain, konfirmazio parteak ere jaso eta enpleatzaileari helarazi beharko dizkiogu.
• Kontingentzia arruntengatik bada, enpleatzaileak hemen deskargatu ahal den dokumentua bete behar du, langileak Gizarte Segurantzan 8. egunetik aurrerako ordainketa eskatu dezan.
• Kontingentzia profesionalengatik bada eta Gizarte Segurantzari segidan eskatu behar bazaio prestazioa, honako dokumentu hau bete beharko du enpleatzaileak. Honetaz gain, langilearen NANa, baja partea eta konfirmazio parteak beharko ditu eta, batzuetan, Ogasunaren eredu hau betetzea ere eskatuko zaio.
60 ordu baino gutxiagoz aritzen diren langileen kasuan, ikusi dugunez, eurek egin ditzazkete tramitazioak. Honelako kasuetan, aipatutako dokumentuetaz gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean aurkeztu dugun alta eskaera eta baja hartu baino hilabete lehenagoko kotizazioak ingresatu izanaren egiaztagiria ere behar da (ikus. etxeko langileen erregimena)
Amatasun baja
– Hamasei asteko atsedena hartzeko eskubidea. Erditze anitza balitz, aste bi gehiago izango ditu ume bakoitzeko.
– Hamasei aste hauetatik, 6 derrigorrez hartu beharko ditu amak erditzearen ostean. Beste 10 asteak erditu baino lehen edo erditu eta gero banatu litezke. Ohikoena da, hala ere, medikuak erditu baino lehenago baja arrunta ematea (zorabioengatik, lepoko minagatik…), honela, amatasun bajari dagozkion 16 asteak erditu eta gero hartuko genituzke.
– Amatasun bajak irauten duen bitartean kotizazio oinarriaren %100 kobratzen da
– Eskubide hauetarako amatasun baja hasten denean Gizarte Segurantzan altan egon behar zara. Eta gutxieneko kotizazioa izan behar duzu:
• Langileak 21 urte baino gutxiago badauzka, ez da kotizazio eperik behar
• 21 eta 26 urte bitartean: 90 egun kotizatuta azken zazpi urteetan edo 180 egun kotizatuta bizi laboral osoan zehar.
• 26 urtetik gorakoak: 180 egun kotizatuta azken zazpi urteetan edo 360 egun kotizatuta bizi laboral osoan zehar.
Zenbait zalantza:
Langilea bajan dagoen bitartean enpleatzaileak beste langile bat kontratatu ahal du?
Bai. Kontratu honek bajak irauten duen bitartean iraungo du.
Barneko langilea izanez gero, etxean bizi ahal naiz bajan nagoen bitartean?
Bai. Etxe hori zure bizilekua da. Baina ez zaude horretara behartuta. Nahiago baduzu, zeure etxera edo senideren baten etxera joan zaitezke.
Lanetik bota ahal naute bajan nagoen bitartean?
Bai, bajan zauden bitartean kaleratu zaitzakete, baina ez bajan egoteagatik. Honela balitz, kaleratzea ez litzateke legezkoa. Komenigarria da aholkularitza eskatzea. Ikus. Kalerau ahal zaituzte bajan egon bitartean?.
Jardunaldi partzialaz lan eginez gero?
Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileek jardunaldi osoz aritzen diren langileen eskubide berberak dauzkate. Ezberdintasuna: kontingentzia arruntengatik baja eskatu behar bada, kotizatutako egunak kalkulatzeko modua. Azken bost urteetako koefizientea edo portzentajea kalkulatu behar da, hau da, jardunaldi osoarekiko portzentajea. Honetarako, gomendatzen dugu kalkulua egiten lagunduko digun norbaitengana jotea. Edo INSSen kontsultatu nahikoa kotizatu ote duzun.
Eta Gizarte Segurantzan alta emanda ez banago?
Oso garrantzitsua da lan harremanaren frogak edukitzea. Komentatu dugunez, eskura kobratzen badugu, onena da bankuan segidan ingresatzea soldata edo nomina kontzeptuarekin. (ikus. zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?). Baja kobratzeko arazoak izan ahal ditugu.
– Lan istripu kasuetan, Gizarte Segurantzan altan emanda balego bezala joko da egoera hau eta baja jaso ahal izango da.
– Gaixotasun edo istripu arrunta izanez gero, esan bezala, lan harremana frogatu beharko da. Enplegatzailea salatu ahal da eta isuna ekarri ahal dio. Edozelan, onena aholkularitza bilatzea da kasua aztertzeko eta biderik eraginkorrena jorratzeko. (ikus. egoera irregularrean dauden etxeko langileak)