Etxeko langileen eskubideen (balizko) parekatzea: 16/2022 Lege Dekretua

2022/09/12

– 16/2022 Lege Dekretua, etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantza hobetzen dituena (2022ko irailaren 8ko BOEn argitaratua)

– 1620/2011 Dekretua, etxeko langileen lan harreman berezia arautzen duena
– 8/2015 Dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra
– 505/1985 Dekretua, Soldatak Bermatzeko Funtsaren antolamendu eta funtzionamenduaz

 

Behin eta berriro salatu izan dugun bezala, etxeko langileen sektorea baztertua izan da historikoki. Lan harreman berezia delako aitzakiapean, gainontzeko langileoi aitortzen zaizkigun eskubideak ukatu izan zaizkie langile hauei guztiei eta, azken urteetan hainbat aurrerapen egin diren arren, parekatze edo ekiparazio betera ez da heldu oraindik.

Apirilean aurreratu genizuen bezala, bazirudien Madrileko Gobernutik hainbat aldaketa prestatzen ari zirela ekiparaziora hurbiltzeko. Gure artikuluan azaldu genizuen: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmenak estatu sinatzaileak horretara behartzen ditu. Hala ere, Espainiako Estatua, 2011n sinatu zuen arren, betebehar hau atzeratzen eta luzatzen egon da, 2022 ekainean, azkenik, hitzarmena berretsi arte. 

Honen guztiaren azalpen sakonagoa beste artikulu honetan daukazue:

Bestetik, Europako Justizia Auzitegiak behin baino gehiagotan ohartarazi dio Espainiako Estatuari etxeko langileei aplikatzen zaien lan araudia diskriminatzailea dela. Azkena 2022ko martxoan izan zen, etxeko langileei langabezia prestazioa ukatzeagatik. Bada, azkenik, etxeko langileen baldintzak hobetzen dituen Legea argitaratu da. Baina, ondo dakizuenez, ez da urregorria argi egiten duen guztia. Horra hor lege honek ekarri dituen moldaketak:

 

Langabezia prestazioa eta subsidioak

Arestian esan bezala, etxeko langileek ezin zuten langabeziagatik kotizatu eta, hortaz, langabezia prestazioa ukatua izaten zuten. Egoera horretan zegoen langile kolektibo bakarra zen. Gainera, honi gehitzen badiogu etxeko langileak arrazoirik gabe eta kalte-ordain baxuagoarekin kaleratuak izan ahal zirela (geroxeago ikusiko dugun “desistimiento” izeneko figuraren bitartez), ez da harritzekoa esplotazio egoerak sektore horretan biderkatzea.

Hemendik aurrera, ordea, langabeziagatiko kotizazioak derrigorrak izango dira.

Baina, kontuz! 2022ko urriaren 1etik aurrera langabeziagatik kotizatzen hasiko den arren, honek ez du esan nahi data horretatik aurrera langabezia jasotzeko aukera izango dugunik. Izan ere, prestazioa jaso ahal izateko, aldez aurretik hainbat kotizazio pilatu behar ditugu (gutxienez, 360 egun kotizaturik izan behar ditugu).

Gogora ditzagun zeintzuk diren prestazioa jasotzeko baldintzak (langile guztiok bete behar ditugunak):

  • Gizarte Segurantzan altan egon.
  • Langabezia egoera legalean egon (Zer jotzen da langabezia egoera legaltzat?).
  • SEPEn enplegu eskatzailetzat apuntaturik egon.
  • Esan bezala, gutxienez 360 egun kotizaturik izan behar dituzu -langabeziarako kotizaturik, alegia-.
  • Ezin zara egon erretiro adinean.

Prestazioaren zenbatekoa azken 180 egunetako (6 hilabeteetako) kotizazio oinarriaren araberakoa izango da; hau da, denbora horretan jaso duzun soldataren araberakoa. Honetaz gain, denbora pasa ahala prestazioaren zenbatekoa jaitsiko da: lehen 6 hilabeteetan oinarri arautzailearen %70 jasoko duzu eta, honen ostean, oinarriaren %50.

Langabezia prestazioaren inguruko informazio zehatzagoa nahi baduzu, bota begirada bat honako artikulu honi:

Edozelan, ez ahaztu, langabezia prestazioaz gain, langabezia subsidioak ere badaudela, prestazioa jasotzeko baldintzak betetzen ez ditugunerako. Hurrengo artikulu honetan existitzen diren langabezia subsidio guztiak kontsulta ditzakezu:

Fogasa

Fogasa, gaztelerazko akronimoak “soldatak bermatzeko funtsa” esan nahi du (fondo de garantía salarial). Oro har eta edozein langileren kasuan, lan epaitegiak enpresak kaudimenik ez daukala adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean, hau da, enpresak langileei zor dizkien soldatak edo kalte ordainak ordaindu ezin dituela esaten duenean, soldatak bermatzeko funts hau erabiltzen da. Langileak ezer kobratu gabe gera ez daitezen balio du.

Fogasaren babesa jasotzeko, kotizatu behar da. Kasu honetan, enplegatzaileek ez zuten kontzeptu honengatik kotizatu behar eta, hortaz, langileak estaldura honetatik kanpo geratzen ziren. Hemendik aurrera, etxeko langile bat kaleratzen badute eta enplegatzaileak ez badio kalte-ordaina pagatzen, kaudimenik ez duelakoan, Fogasak gutxieneko batzuk bermatuko lituzke:   

  • 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, 6 hilabeteko mugarekin.

Hau da, lan egindako urte bakoitzeko, 12 eguneko soldata ordainduko du. Adibidez, bost urtez egon bazara lanean, 60 eguneko soldata jasoko zenuke (hilabete bi).

6 hilabeteko mugak esan nahi du, gehienez, 6 hilabetetan kobratuko zenukeen soldata jasoko duzula, berdin zenbat urte egon zaren lanean eta berdin zenbateko kalte-ordaina egokituko litzaizukeen.

Fogasaz gehiago jakin nahi izanez gero:

Adi! Fogasagatik kotizatu arren, etxeko langileak ez dira gainontzeko langileekin parekatu:

Batetik, lehen ikusi dugunez, gainontzeko langileon kasuan, Fogasak zor guztien kargu hartzen du: kalte-ordainak zein soldatak. Etxeko langileen kasuan, kalte-ordainak baino ez ditu bermatzen. Beraz, enplegatzaileak soldatarik zorretan utziz gero, ez litzateke ezer jasoko.

Bestetik, kalte-ordainak bere kargu hartu arren, legeak ezartzen dituen kopuruak baxuagoak dira etxeko langileentzat, gainontzeko langileentzat ezartzen dituenak baino:

Etxeko langileak:

  • 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, edozein kasutan

Gainontzeko langileak:

  • 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, aldi baterako kontratuaren amaieragatik
  • 20 egun lan egindako urte bakoitzeko, kaleratze objektibo edo kolektiboen kasuan
  • 30 egun lan egindako urte bakoitzeko, kaleratze bidegabe edo baliogabeen kasuan

Beraz, etxeko langileak oraindik daude egoera kaskarragoan.

 

Kotizazioak

Ikusi dugunez, urriaren 1etik aurrera langabeziagatik eta Fogasagatik ere kotizatu beharko da derrigor.

Hauexek dira hemendik aurrera egin beharreko kotizazioak. Ikusiko duzuenez, gertakizun arruntengatik eta langabeziagatik bai enplegatzaileak bai langileak kotizatu behar dute; gertakizun profesionalengatik eta Fogasagatik, ordea, enplegatzaileak baino ez du kotizatzen:

  • Gertakizun arruntak: %28,3 (enplegatzaileak 23,6% eta langileak %4,7).
  • Gertakizun profesionalak: %1,5 (enplegatzaileak).
  • Langabezia: %6,05 (enplegatzaileak %5 eta langileak %1,05)
  • Fogasa: %0,2 (enplegatzaileak)

Hauek kotizazio tipoak dira. Zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko hauek kotizazio oinarriaren gainean aplikatu behar dira.

Horra hor momentu honetako kotizazio oinarriak:

Eta hauxe da 2023rako taula:

Hobariak kotizazioetan

Murrizketa bi aplikatuko dira enplegatzaileak egin beharreko kotizazioetan:

  • %20 gutxiago gertakizun arruntengatik
  • %80 gutxiago langabezia eta Fogasagatik

⇒ ADI! Orain arte, hilean 60 lan ordu baino gutxiago egiten ziren kasuetan, posible zen langileak hainbat zeregin bere gain hartzea: Gizarte Segurantzaren altak eta bajak kudeatu, kotizazioak Gizarte Segurantzan sartu… 2023ko urtarriletik aurrera, ordea, zeregin hauek enplegatzaileak hartu beharko ditu bere gain kasu guzti-guztietan.


“Desistimiento” delakoa

Jadanik esan dugunez, langile kolektibo honek pairatzen zuen beste diskriminazio lazgarri bat kaleratze askea zen. Honi “desistimiento” deitzen zitzaion eta esan nahi du enplegatzaileak edozein momentutan langilea kalera zezakeela arrazoirik eman beharrik gabe.

Kalte-ordainak ere baxuagoak ziren figura hau erabiltzen denean (edo, hobeto esanda, baxuagoak dira, figura hau ez baita guztiz ezabatu): 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, 6 hilabeteko mugarekin. Gogora dezagun gainontzeko langileen kasuan kaleratze objektiboetako kalte-ordaina 20 egun direla, lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin.

Ministeriotik zabaldu da figura honekin amaitu dela, komunikabideek jaso eta errepikatu duten bezala. Hala ere, hau ez da guztiz-guztiz egia. “Desistimiento” delakoak indarrean dirau, nahiz eta erabiltzeko aukerak murriztu diren.

Lege berriaren arabera, lan harremana bertan behera uzteko kasuak Langileen Estatutuko 49.1 artikuluan ezartzen direnak izango dira. Hainbat arrazoi zerrendatzen dira bertan: dimisioa, heriotza, erretiroa…

Baina, honetaz gain, etxeko langile bat kaleratzeko, espresuki, beste hiru arrazoi gehitzen ditu Lege Dekretuak. Eta hona dator tranpa:

  • Familia unitatearen diru-sarrerak jaitsi direlako edo gastuak handitu direlako bat-bateko arrazoiren batengatik. Adibidez, enplegatzaileak lana galtzen badu edo lanerako ezinduta gelditzen bada.
  • Familia unitatearen premietan funtsezko aldaketa egon bada eta honek kaleratzea justifikatzen badu. Adibidez, erakunde publikoren batek zaintza lanak bere gain hartzen baditu edo zaintza premiak aldatzen badira.
  • Langilearen jokamoldeagatik. Delako jokamolde honek enplegatzailearen konfiantza galera ekarri beharko luke. Hau arrazoiturik egon beharko litzateke eta zentzukoa zein proportzionala izan.

Lehenbiziko puntu biak ez daude behar bezala zehazturik, prologoan azaldu ditugun adibideak eman arren. Kontzeptu anbiguoak izan daitezke eta ez du argitzen egoeraren larritasuna zenbaterainokoa izan behar den, aldi baterako edo behin-betiko aldaketa izan behar ote den… 

Eta hirugarren puntua bereziki labainkorra da, konfiantza galera arrazoi lar zabala delako (nahiz eta zehaztu justifikaturik egon behar dela). Ezin da diziplinazko kaleratzearekin konparatu. Diziplinazko kaleratzearen arrazoiak Langileen Estatutuaren 54. artikuluan zerrendaturik daude eta jokabide larrietara mugatzen da. Hala ere, balizko konfiantza galera hau ez da gertaera zehatzetan oinarritzen. Hortaz,  zalantza barik, iruzurrerako zirrikitua izan daiteke.

Beraz, eta esan bezala, aldaketa nagusia da kaleratzea arrazoiturik egon behar dela. Bestalde, kaleratze modu honekin (hau da, lehengo “desistimiento” delakoarekin) lotutakoak ez dira aldatu:

  • Idatziz izan behar da
  • Kalte-ordaina: 12 egun lan egindako urte bakoitzeko, sei hilabeteko mugarekin. Kalte-ordain hau kaleratzea komunikatzen den momentuan jaso behar da.
  • Aurreabisua: lan harremanak urtebete baino gehiago iraun badu, aurreabisua, gutxienez, 20 egunekoa izan behar da; urtebete baino gutxiago eman badugu lanean, aurreabisu hau 7 egunekoa izango da.
  • Denbora tarte honetan, langileak eskubidea izango du astean sei orduko lizentzia hartzeko, lan berri bat bilatzeko. Soldata berbera jaso behar da, nahiz eta sei orduko lizentzia hau hartu. Hau jardunaldi osoz aritzen diren langileen kasuan baino ez da aplikatzen.
  • Enplegatzaileak aukera dauka aurreabisurik ez emateko. Kasu honetan, aurreabisuko egunak (20 edo 7 egunak, alegia) ordaindu beharko lituzke.
 
Lan osasuna

Orain arte etxeko langileak espresuki geratzen ziren lan arriskuen prebentziorako legetik kanpo. Izan ere, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 3.4. artikuluak  hala ezartzen zuen: “Lege hau ez da aplikatuko etxeko langileen lan harreman berezian. Edozelan, familia etxeko titularra behartuta egongo da enplegatuentzat behar bezalako lan segurtasun eta higiene baldintzak zaintzera”. Beraz, teorian enplegatzaileak segurtasun eta higiene neurriak zaindu behar zituen, baina badakigu deialdi hutsal hauek praktikan ezerezean geratzen direla.

Honen ordez, Lan Arriskuen Prebentziorako Legean xedapen gehigarri berri bat txertatu da (Hamazortzigarren Xedapen Gehigarria). Bertan lan osasun eta segurtasun eskubidea onartu eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioa bereziki zaindu behar dela gehitu dea. Hala ere, hau guztia ez dago oraindik arauturik; beraz, suposatzen da erregulazio zehatz bat osatu beharko dela.

Negoziazio kolektiboa eta legeak alboratu dituen beste puntu batzuk

Azken lege hau aurrerapausoa bada ere, berandu dator. Berriro diogu: Espainiako Estatuak, 189. Hitzarmena sinatu arren, hamaika urte luze eman ditu berrespena atzeratzen. Eta lege hau azkenik etorri bada, Europak hala behartu duelako izan da. Gainera, ikusi dugunez ez du benetako parekatzerik ekarri eta hainbat puntutan etxeko langileak oraindik pairatuko dituzte gainontzeko langileok baino baldintza txarragoak.

Sektore hau txaplataz doa arautzen, planteamendu orokorrik gabe. Honela, hainbat gai daude konpondu beharrekoak, hala nola, lan kategoriak zehaztea. Gaur egun etxeko lana garbiketa eta zaintza lanak nahasten dituen saski-naskia da, non zeregin eta funtzioak pilatzen diren soldata berberagatik. Era berean, gehienezko jardunaldia mugatzea premiazkoa da: gaur egun lan jardunaldia 60 ordutara hel daiteke.

Bestetik, 189. Hitzarmenak beste eskubide batzuk errespetatzera behartzen badu ere, gobernuak muzin egin die, hala nola etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzeari eta arautzeari.

Honela, askatasun sindikalerako eskubidea, negoziazio kolektiborako eskubidea eta greba eskubidea bezalako eskubide kolektiboak, araudiak debekatu ez arren, ez ditu aitortzen ezta arautzen ere. Honek, praktikan, suposatzen du eskubide kolektibo hauek galarazita daudela.

Eta edozein sektoretan eskubide hauek premiazkoak badira, are gehiago etxeko lanaren sektorean, non langileak isolaturik aritzen diren. Langile hauen autonomia kolektiboa sustatzea funtsezkoa da enplegatzaile/langileen arteko harremana orekatzeko. Aitzitik, Madrilgo Gobernuak argi utzi du etxeko langilek subjektu kolektibotzat aitortu ere egiten ez dituela. Izan ere azken lege hau aurrera ateratzeko ez ditu etxeko langileen erakundeak kontuan hartu, ez eurekin adosteko, ezta informazioa helarazteko ere. Ez omen dira existitzen.

Hala eta guztiz ere, Hego Euskal Herrian etxeko langileak hitzarmen kolektiboa lortzeko borrokan dabiltza tinko eta, patronala mahaian jesartze hutsari ere uko egin arren, seguru gaude berandu baino lehen borroka honek emaitzak izango dituela. Egoeraz gehiago jakin nahi baduzue, begirada bat bota ahal diezue hurrengo albisteei:

 
Atzerritarren Legea

Bestetik, sektore honen baldintzak benetan hobetu nahi badira, lan legediaz gain, atzerritarren legea ere erreformatu beharra dago.

Izan ere, atzerritarren legearen arabera, langile migranteek hiru urte eman behar dituzte Estatuan erroldatuta, lan kontratu bat eskuratu baino lehen. Esan barik doa egoera administratibo irregularrean dauden langile hauetako asko eta asko ia esklabotza egoeran egoten direla, hainbat enplegatzaileren bidegabekerien menpe.

Baina enplegatzaileak langile hauek kontratuarekin eta Gizarte Segurantzan izan nahi baditu ere, ezinezkoa zaio, Legeak ez baitio uzten. Honela, langile hauek guztiek ezin dute kotizatu eta, hortaz, lege berriak dakartzan eskubideak -langabezia, esaterako- ezin izango dituzte eskuratu.

Gurpil zoroa da: paperik gabe, ez dago kontraturik eta, kontraturik gabe, ez dago paperik. Hortaz, emakume hauek guztiak klandestinitatean aritzera behartuta daude.

Esan bezala, ezinbestekoa da atzerritarren legea erreformatzea, baina, ezer baino lehen aparteko erregularizazio prozesu bat da beharrezkoa, gurean dauden langile hauek guztiek legeak aitortzen dizkien eskubideak eskura ditzaten eta bidegabekeria hau behingoz amaitu dadin.