Enplegu zentro bereziak

2021/10/14an eguneratuta

Enplegu zentro bereziak, teorian behintzat, dibertsitate funtzionaldun langileak lan munduratzen laguntzeko, hau da, zubi lana egiteko, balio beharko luketen enpresak dira. Teorian diogu, praktikan langile hauen esplotaziorako zentro bihurtu direlako kasu gehienetan.

Enplegu zentro berezien ezaugarriak:

Enplegu zentro berezietako plantilaren %70, gutxienez, dibertsitate funtzionaldun langileek osatu behar dute eta langile hauen desgaitasun ehunekoa %33koa izan behar da, behinik behin. Honelako zentro batean aritu ahal izateko, desgaitasun ziurtagiria beharrezkoa da. Ikus. Nora jo desgaitasun agiria lortzeko?

Zentro hauek administrazio publikoek sortu ahal dituzten arren, eta irabazi asmorik gabeko erakundeak izan ahal badira ere, zentro hauetako gehien-gehienak enpresa pribatuak dira eta, enpresa guztiek bezala, ahalik eta irabazi gehien lortu nahi dute.

Ezaugarri nagusietako bat: langileentzako laguntza unitateak izan behar dituzte. Arrazoi honexegatik, han zuzen, jasotzen dituzte laguntza publikoak. Hala ere, zentro gehienetan ez dago honelako unitaterik eta, dauden tokietan ere, ez dira batere egokiak. Askotan, funtzio hauetan trebatuak ez diren eta enpresan bestelako lan batzuk dauzkaten langileek ematen dute zerbitzu hau. Gainera, burutzen diren jarduerek ez dute laguntzen dibertsitate funtzionala duten langileak enplegu arruntera igaro daitezen.

Era berean, enpresa gehienek plangintza indibidualizatuak egiten dituztela esan arren, plangintza hauetan langileek ez dute parte hartzen eta, oro har, ez dira eguneratzen. Hori dela eta, langile hauen garapen profesionala eta lan munduratzeko aukerak oso eskasak dira.

 

Langileen egoera honelako zentroetan

Dibertsitate funtzionala duten langileek prekarietate handiagoa pairatzen dute eta aipatzekoa da prekarietate hau legeak berak ezartzen duela.

Enplegu zentro berezietan lan baldintzak askoz kaskarragoak izaten dira enpresa arruntetan baino. Soldatari dagokionez, esaterako, legeak zera ezartzen du, urritasunen bat daukaten langileei lanbidearteko gutxieneko soldatatik behera ordaindu ahal zaiela (lanbidearteko soldata minimoaren %25 gutxiagora arte: 723,50€ hilean, 2021eko irailetik aurrera). Honek, bere horretan bizi autonomoa izatea galarazten du.

Esan dugunez, zentro hauek ez dute enplegu arruntera zubi lanik egiten. Areago, enpresa barruan normalean estatismo handia dago, hau da, lanpostu errotaziorik ez dago apenas eta promozio aukerarik ere ez. Hori dela eta, langileak funtzio errepikakor bakanetara daude loturik.

 

Enpresentzako hobariak

Enplegu zentro berezietan, langileen egoera prekarioagoa izateaz gain, enpresek jasotzen dituzten diru laguntzak bereziki handiak dira. Hori dela eta, azken hamarkadan zentro hauek biderkatu egin dira. Hego Euskal Herrian 100 zentro baino gehiago daude gaur egun.

Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonak lanera sartzeko administrazioek ematen dituzten laguntzen gehiengo handi bat EZBetara bideratzen da. Enpesa hauek hobari handiak jasotzen dituzte: urritasunen bat daukaten langileen Gizarte Segurantzaren kuoten %100aren finantziazioa, lanbidearteko gutxieneko soldataren %50eko subentzioa langile bakoitzeko, kontratu bakoitzagatik 4.000-12.000 euro arteko diru laguntza, besteak beste.