Zer da lan enklabea?
Batzuetan, lan merkatu arrunteko enpresa batek (“enpresa kolaboratzaile” izena hartzen duenak) enplegu zentro berezi bat kontratatzen du hainbat lan egiteko edo hainbat zerbitzu emateko. Honetarako, enplegu zentro bereziko langile batzuk enpresara pasatu eta bertan lan egiten dute. Kontratu hauek aldi baterako izaten dira eta enpresa ez dago legez beharturik bertan aritu diren langileak plantilan hartzera.
Langileak, beraz, enpresa arruntean ari dira lanean, baina ez enpresa arruntak kontratatuta. Lan enklabeak irauten duen bitartean enplegu zentro bereziko lan baldintza berberetan aritzen dira (baldintza kaxkarragoak enpresa arruntetan baino). Laburbilduz, toki aldaketa hutsa da eta ez da bermatzen jarraipenik izango duenik ezta langile horiek lan merkatu arruntera igaroko direnik.
Enpresentzat, hortaz, merkeago azpikontratatzeko modua baino ez da. Gainera, lan enklabeak erretserba kuota ez betetzeko legeak ematen dituen aukeretako bat da. Hau da, enpresa, teoriaz, lanpostuen %2 dibertsitate funtzionaldun langileentzat gordetzera behartuta badago ere, lan enklabea erabil dezake langileak zuzen ez kontratazeko.
Zertan datza lan enklabea?
Lan enklabeak 290/2004 Dekretuak arautzen ditu. Honen arabera, lan enklabea kontratua da enpresa arrunt baten eta enplegu zentro berezi baten artean. Enpresa arruntaren ohiko jarduerarekin zerikusi zuzena daukan lan edo zerbitzuren bat gauzatzeko izan behar da. Lan hau gauzatzeko, dibertsitate funtzionala duten eta enplegu zentro berezian aritzen diren langile talde bat enpresa arruntera mugituko da tarte batez.
Lan enklabeko langileen ezaugarriak
Enplegu zentro bereziko langileak izan behar dira eta, gutxienez, %33eko desgaitasun maila izan behar dute. Honetaz gain:
• Lan enklabeko langileen %75ek gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna izan behar dute enplegu zentro berezian.
• Langileen %60 lan merkatu arruntera sartzeko zailtasun bereziak daukaten langileak izan behar dira:
– Garun paralisia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, gutxienez %33eko desgaitasun mailarekin.
– Gutxienez %65eko desgaitasun fisiko edo zentzumen desgaitasuna duten pertsonak
– Gutxienez %33ko desgaitasun maila daukaten eta aurreko paragrafo bietan sarturik ez dauden emakumeak
Enklabearen osaketa
Enpresa kolaboratzailea 50 langiletik gorakoa bada, enklabea gutxienez bost langilek osatu behar dute. Enpresa kolaboratzailea 50 langiletik beherakoa bada, enklabean gutxienez hiru langile egon behar dira.
Enklabearen iraupena
Enklabeak, gutxienez, hiru hilabetez eta, gehienez, hiru urtez iraungo du.
Honela, iraupena hiru hilabetetako epeez luzatu ahal izango da, harik eta hiru urte bete arte.
Hiru urtetatik aurrera, sei urtetara arte luzatu ahal izango da, baina beti ere egiaztatu beharko da enklabeko hainbat langilek lan merkatu arruntean kontratuak lortu dituztela.
Enklabeko langileen kontratazio zuzena
Aipatu dugunez, enpresa ez dago behartuta enklabean lanean aritu diren pertsonak kontratatzera (ez langile guztiak, ez langileen ehuneko bat). Hala ere, enpresak pertsona hauek edozein momentutan kontratatu ahal ditu.
Kontratua: kontratu motaren inguruan, legea zera esatera mugatzen da “lehentasunez mugagabeak izango dira, beste mota batzuetako kontratuak egin daitezkeen arren”.
Proba aldia: ezin zaio langileari proba aldirik egin. Salbuespen bakarra da langileak beteko dituen funtzioak eta aurretiaz enklabean egin zituenak guztiz ezberdinak direnean.
Enplegu zentro bereziko egoera: enpresa arruntak (edo, bestela esanda, enpresa kolaboratzaileak) enklabeko langile bat kontratatzen badu, pertsona hau enplegu zentro berezian borondatezko eszedentzia egoeran egotera pasatuko da.
Enklabeko pertsona bat kontratzen duten enpresek laguntza eta hobari handiak jasotzeko eskubidea daukate. Enpresak jaso lezake, langilearen desgaitasun mailaren arabera, 7.814 euroko dirulaguntza kontratu bakoitzeko, Gizarte Segurantzaren kuoten %100aren hobaria eta lanpostua egokitzeko zein oztopoak eta trabak kentzeko laguntzak. Hala eta guztiz ere, lehen esan dugunez, enpresak ez daude enklabeko ezein langile kontratatzera beharturik eta hauxe da oztopo eta traba handienetako bat.