Autonomoak eta amatasuna. Prestazioak eta hobariak.

2020/09/16

Amatasun prestazioa (amatasun baja)

Oro har, berezitasun batzuk gorabehera, autonomoek Erregimen Orokorreko langileen eskubide berberak dauzkate gurasotasun prestazioari begira.

Gogoratuko dugu amatasun eta aitatasun bajak 2019tik prestazio bakar batean batu direla: jaiotza eta umearen zaintza izenpean. Baimen berbera da guraso bientzat, hortaz, nahiz eta oraindik ez diren biak guztiz parekatu.

“Aitatasun” baja deritzona (beste gurasoak disfrutatu ahal duena, alegia) 2020an 12 astekoa da (aste hauek ezin zaizkio amari pasatu, jakina). Datorren urterako 16 astetara parekatzea aurreikusita dago. EAEn falta diren aste horiek osatzeko aukera dago zaintza betebeharrengatiko eszedentziaren bitartez. Aukera hau langile guztiek har dezakete: inoren kontura aritzen direnek zein autonomoek. Nafarroan baimen hau 17 astetara luzatuta dago, baina funtzio publikoan besterik ez.

“Aitatasun” baimenaren inguruko guztia ondoko artikulu honetan kontsulta daiteke:

Iraupena

Autonomoek, inoren konturako langileek bezala, 16 asteko amatasun baja hartzeko eskubidea daukate. 16 aste hauek segidan hartu beharko dira eta lehenbiziko 6 asteak amak hartu behar ditu derrigor, beste 10etatik parte bat beste gurasoari pasatu ahal badizkio ere.

16 asteetako batzuk erditu aurretik har daitezke. Izan ere, posible da lehenagotik lana utzi behar izatea osasun arazoengatik, baina amatasun bajaren asteak gastatzea ez da daukagun aukera bakarra. Amatasun baja jaiotzagatik (edo adopzio edo harreragatik) eta umea zaintzeko disfrutatu beharko litzateke eta ez haurdunaldiarekin lotutako osasun arazoengatik.

Beraz, gaixotasun arruntagatiko baja edo haurdunaldirako arriskuagatiko baja har genezake.

Gogoratuko ditugu gaixotasun arruntagatiko bajaren nondik norakoak:
              — Lehen egunetik hirugarrenera, ez da ezer kobratzen
              — 4. egunetik 21.era, oinarri arautzailearen %60 jasotzen da
              — 22. egunetik aurrera, oinarri arautzailearen %75

Haurdunaldirako arriskuagatik ere baja har daiteke, baina hau beti izango da baldin eta gure jarduera arriskutsua bazaigu haurdun gaudenean. Hau da, fetuari edo guri arriskuren bat badakarkigu egiten dugun lanak. INSSek edo mutualitateak eman behar du honen egiaztagiria. Jasotzen den kopurua oinarri arautzailearen %100 da.

Bete beharreko baldintzak

Ohiko bete beharreko baldintzen gain (hala nola, Autonomoen Erregimenean eta Ogasunean altan egon eta Gizarte Segurantzan ordainketetan egunean egon), gutxieneko kotizazio batzuk ere izan behar dituzu:

— 21 urtetik beherakoentzat: ez da gutxieneko kotizaziorik eskatzen.
— 21 eta 26 urte bitartekoentzat: 90 egun kotizatu behar izan dituzu aurreko zazpi urteetan zehar edo 180 egun bizi laboral osoan zehar.
— 26 urtetik gorakoentzat: 180 egun aurreko zazpi urteetan edo 360 egun bizi laboral osoan.

Zelan eskatzen da?

Gizarte Segurantzan honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzu (eskaera orriaren amaieran zehazkiago daukazu azalduta aurkeztu beharreko guztia):

— Eskaera orria (HEMENdik jaitsi dezakezu)
— NAN edo NIE
— Familia liburua, datuak erregistro zibilean automatizaturik agertzen ez badira.
— Ebazpen judiziala, adopzio kasuetan, edo ebazpen administratiboa, harrera izan bada.
— Jardueraren egoeraren aitorpena.

Prestazioa erditze (edo adopzio edo harrera) momentutik jasoko da, ez badugu arinagotik eskatu, jakina, eta 15 eguneko tartea daukazu Administrazioari jakinarazteko eta dokumentazioa emateko.

Zenbat jasotzen da?

Aurreko 6 hilabeteetako oinarri arautzailearen %100. Beraz, aukeratuta daukazun kotizazioaren araberakoa izango da jasoko duzun prestazioa.

Hau kalkulatzeko, aurreko sei hilabeteetako oinarri arautzailea batuko da. Gero, emaitza hau zati 180 egingo dugu.

Adibidea:
Gutxienekoa kotizatzen baduzu, hilabeteko zure oinarri arautzailea 944,40€ dira (2020an). Beraz:
944,40 X 6 = 5.666,40
5.666,40 / 180 = 31,48€
Hortaz, prestazioa 31,48 euro eguneko izango litzateke.

Amatasun subsidioa

Ez badaukazu kotizazio nahikorik amatasun prestazioa jasotzeko, INSSen subsidioa eska zenezake.

Subsidio honek 42 egun irauten ditu. Hurrengo kasuetan luza litekeen arren:

— familia ugaria edo guraso bakarrekoa bada
— erditze anizkoitza izan bada
— gurasoetako batek %65eko desgaitasuna badauka, gutxienez

Jasotzen den zenbatekoa IPREMaren %100 da

Autonomoen kuotaren hobaria edo bonifikazioa

Gurasotasun bajan zauden bitartean (amaren zein beste gurasoaren bajaren kasuan) autonomoetan ordaindu beharreko kuota %100 bonifikatuko da, hau da, praktikan, hilabete horietan ez duzu kuotarik ordainduko. Gauza bera gertatzen da haurdunaldirako arriskuagatik baja hartu behar baduzu.

Hobariak lanera itzultzen zarenean

Amatasunagatik zure jarduera utzi behar izan baduzu (amatasun bajagatik barne) eta ez bada urte bi baino denbora luzeagorik pasatu, lanera itzultzen zarenean, tarifa laua ordaindu ahal izango duzu autonomoen kuotan urtebetez.

60 euroko tarifa laua ordainduko zenuke, baldin eta aukeratzen duzun oinarria gutxienekoa bada. Oinarri altuagorik aukeratuz gero, %80ko murrizketa aplikatuko litzaizuke.

Ez da beharrezkoa Autonomoen Erregimenean baja eman izana. 2017ko irizpidea hori bazen ere, Gizarte Segurantzak irizpide hau 2019ko urtarriletik aldatu zuen eta.