Autonomoentzako laguntza zuzenak
2021/03/23
5/2021 Dekretua, martxoaren 13ko BOEn argitaratua
Laguntza zuzenak
Madrilgo Gobernuak ateratako laguntzak dira eta guztira, hau da, Estatu osoarentzat, 7.000 milioi euro izango dira, autonomoentzat ez ezik, enpresentzat ere bai.
Laguntza hauek zorpetze mailak murriztera bideratuta daude. Hau da, gastu finkoak edo zorrak ordaintzeko erabili behar dira. Gastu finko hauen artean egon daitezke alokairuak, soldatak, elektrizitatea, hornitzaileei ordaintzea…
Nork eska ditzake?
• 2020ko diru-sarrerak, 2019ko diru-sarrerekin konparaturik, gutxienez %30 jaitsi badira.
• Jarduera ekonomikoa Dekretuko eranskinean zerrendatzen direnetako bat izan behar da. Hauen artean daude, besteak beste, jatetxeak, tabernak, sagardotegiak, okindegiak, taxi gidariak, hainbat salgairen txikizkako salmenta (elikagaiak, arropa eta zapata dendak, kiosko eta paper dendak…).
Zenbatekoak
Laguntza hauek Madrilgo Gobernuak atera dituen arren, kudeaketa erkidego autonomoen esku egongo da. Honela, gure kasuan, Nafarroako eta EAEko Gobernuak izango dira irizpideak ezarri beharko dituztenak. Dekretuan gutxieneko eta gehieneko mugak finkatu dira.
• 3.000 euro, gehienez, Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Zergan moduluka (estimazio objektiboaren arabera) tributatzen dutenentzat.
• Gainontzeko kasuetan, BEZ zergan deklaratu den (edo administrazioek egiaztatzen duten) bolumena %30 baino gehiago txikitu bada 2020an, 2019. urtearekin konparatuta, gehienezko laguntza honakoa izango da:
— Operazioen bolumenaren jaitsieraren %40, PFEZ zergan estimazio zuzenaz tributatzen duten autonomoak edota, gehienez, 10 langile dauzkaten establezimenduak.
— Operazioen bolumenaren jaitsieraren %20, 10 langiletik gorako establezimenduak.
Kasu bi hauetan diru-laguntzak ezingo dira izan 4.000 eurotik beherakoak, ezta 200.000 eurotik gorakoak ere.
Bete beharreko baldintzak
Jarduerari eutsi beharko zaio 2022ko ekainaren 30era arte. Honek esan nahi du laguntza jasoz gero, ezin izango duzula negozioa itxi edo bertan behera utzi aipatutako datara arte, behintzat.
Baldintza honetaz gain, ohikoak diren beste batzuk ere bete behar dira: Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean egon behar da; laguntza publikoak ez jasotzera zigortua izan ez izana; hartzekodunen konkurtsoan ez egotea…
Azkenik, aipatu beharra dago enpresek laguntza hauek jasoz gero, ezin izango dutela dibidendurik banatu 2021. eta 2022. urteetan eta ezin izango dutela goi zuzendaritzako karguen soldatak igo hurrengo bi urteetan zehar.
Noiz eskatu ahal izango dira laguntza hauek?
Lehenengo eta behin, Madrilgo Gobernuak funts hauek banatzeko agindua eta erkidego bakoitzarekiko hitzarmena sinatu behar ditu. Dekretuan aurreikusten da hitzarmen horiek hilabetean egongo direla sinatuta eta funtsen transferentzia hurrengo hamar egunetan egingo dela. Hortaz, orotara, baliteke apirilaren bigarren hamabostaldira arte ez egotea prest.
Gerora, jakina, erkidego bakoitzak erabiliko dituen irizpideak eta laguntzak eskatzeko prozedura argitaratu beharko ditu buletinean. Hortaz, horren berri daukagunean jakinarazi egingo dizuegu.
Gogoratu Bizilaneko azken albisteak, abisuak eta eguneraketak zure mugikorrean jaso ditzakezula zuzenean, gure telegram kanalean harpidetuz gero: