Autonomoetan izena ematea langabezia kobratzen ari zaren bitartean

Espainiko gobernuak azken urteotan langileak autonomo bihurtzea bultzatu izan du, “ekintzaile” edo “emprendedor” izatearen balizko onurak saldurik. Honela, langabezia datuak jaistea bilatu izan du; eta, gainera, ikusi dugunez, autonomoek ez daukatenez langabezia prestaziorako eskubiderik, hori ere aurreztu nahi izan du.

Hainbat neurri ipini dituzte martxan 2015ean (31/2015 legea) aukera hau erakargarriagoa izan dadin, hala nola tarifa laua edo autonomo egoera langabeziarekin uztartzeko aukera.

Langabezia prestazioa kobratzen ari bazara (enplegu barik gelditu zarelako) eta autonomoetan alta ematea erabakitzen baduzu (proiektu bat hasteko edo erregimen horretan enplegu bat eskaini dizutelako), hiru aukera dauzkazu:

– Langabezia prestazioa eten, baina autonomoetan alta eman barik (Gizarte Segurantzan ez duzu alta ematen diru sarrerak nahikoak ez direlako). Langabezia prestazioa berreskuratu ahal izango duzu urte bi pasatu baino lehen.

– Autonomoetan alta eman eta langabezia prestazioa eten: langabezia prestazioa eteten baduzu eta Autonomoen Erregimenean alta ematen baduzu, prestazioa berreskuratu ahal izango duzu bost urte pasatu baino lehenago. Adibidez, langabezian geratu zara lanetik bota zaituztelako (demagun 18 hilabetez kobratzeko eskubidea daukazula), langabezia kobratzen hasi zara eta sei hilabete pasatu direnean autonomo lana eskaini dizute (autonomo faltsu moduan aritzeko). Hiru urtez egon zara horrela lan egiten eta horretarako Autonomo Erregimenean eman duzu izena. Hiru urte horiek pasaturik, berriro gelditu zara lan barik. Autonomo moduan ez duzu langabezia prestazio eskubiderik, baina lehendik zeneukan langabeziatik sei hilabete baino ez duzunez gastatu, oraindik 12 hilabete geratzen zaizkizu.

– Autonomoetan alta eman eta, bien bitartean, langabezia kobratu. Honetarako, hainbat baldintza bete behar dira (kobratzen den prestazioa kontributiboa izan behar da, hau da, ez subsidioa ez bestelako laguntzarik; lehenbiziko 15 egunetan eskatu behar da; gehienez 9 hilabetez kobratu ahal izango da…). Aipatzekoa da aukera honetatik kanpo zenbait autonomo faltsu gelditzen direla. Legeak izen hori ez erabili arren, enpresek erabiltzen duten formularik ohikoenetako bat azaltzen du, nolabait autonomo faltsuak onarturik (TRADE edo menpeko autonomo figurapean): enpresa batean langile moduan aritu bagara, langabezian gelditu eta segidan enpresa berean edo enpresa talde berean autonomo moduan lan egiteari ekiten badiogu, ezin gara aukera honetaz baliatu.