Jarduera amaieragatiko prestazioa 2020ko uztailean, abuztuan eta irailean
2020/07/03
24/2020 Dekretua, ekainaren 26koa, ekainaren 27an argitaratua.
Jarduera amaieragatiko aparteko prestazioaren iraupena ekainaren 30ean amaitu zen (aurreikusita zegoen alarma egoera amaitzen zen hilabetean berau ere bukatzea). ERTEekin ez bezala, kasu honetan ez da prestazio honen prorrogarik ezarri; aitzitik, uztailetik irailera arte zabaldu den bidea jarduera amaieragatiko prestazio arrunta eskatu ahal izatea izan da, nahiz eta jarduera guztiz ez utzi.
Hau da, gogora dezagun jarduera amaieragatiko prestazio arrunta pentsaturik dagoela jarduera guztiz utzi dugunerako. Momentu honetan aparteko prestazioa jasotzen ari diren autonomoak negozioa ixtera beharturik egon dira edo diru-sarrera oso eskasak jasotzen ari dira, nahiz eta euren jarduera ez utzi.
Prestazio arrunta eskatzeko aukera autonomo hauei bideratuta dago, hau da, momentura arte aparteko prestazioa jasotzen egon direnei. Zenbatekoa berbera izango litzateke: oinarriaren %70. Gutxieneko oinarria badaukazu, prestazioa 661 euro izango liratezke.
Bete beharreko baldintzak
Prestazio arrunta eskatu ahal izateko, hala ere, baldintza bi bete behar dira (ohikoa diren beste batzuen artean, jakina, hala nola, altan emanda egotea eta Gizarte Segurantzaren kuotetan egunean egotea):
• Gutxieneko kotizazio batzuk izan behar dituzu: gutxienez, 12 hilabete kotizaturik (prestazio arrunta jaso ahal izateko eskatzen diren berberak, alegia).
• Honetaz gain hirugarren hiruhilabetekoan (uztailean, abuztuan eta irailean) diru-sarrera mugatuak izan behar dituzu:
– Fakturazioa %75 baxuagoa izan behar da, 2019ko epealdi berberarekin konparatuta.
– Diru-sarrera netoak ezin dira izan 5.818,75€ baino gehiago, hau da, 1.939,58€ hilabetean (hiru hilabeteetako diru-sarrerak prorrateatuko dira hilabeteko gehieneko diru-sarrerak kalkulatzeko).
Prozedura
Mutualitateek kudeatuko dute; hortaz, autonomo bakoitzak bere mutualitateari eskatu beharko dio.
Uztailaren 15a baino lehen eskatuz gero, uztailaren 1eko datarekin kudeatuko da. Uztailaren 15a eta gero eskatzen baduzu, prestazioa kalkulatuko da eskaera egin duzun hurrengo eguneko datatik aurrera.
Eskaera egiten dugunean oraindik ez dakigu baldintza ekonomikoak beteko ditugun ala ez, jakina, gehien jota aurreikus genezake. Hortaz, eskaera orria betetzen duzunean, atal bat bete beharko duzu mutualitateari baimena ematen zure datu fiskalak kontsultatzeko.
Izan ere, esan bezala, mutualitateek kudeatuko dute eta, hortaz, 2020ko urriaren 21etik aurrera zure datuak konprobatuko dituzte ea prestazioa jasotzeko baldintzak bete ote dituzun.
Mutualitateari zure datuak kontsultatzeko baimenik ematen ez badiozu (edo bste arrazoiren batengatik ezin baditu eskuratu), eurei helarazteko eskatuko dizute eta honako hauek eman beharko dizkiozu eskatu eta hurrengo hamar egunetan:
– BEZ zergaren autolikidazioaren 303 ereduaren kopia.
– 2019ko eta 2020ko bigarren eta hirugarren hiruhilabetekoen PFEZ zergaren ordainketa zatikatuaren autolikidazioaren 130 ereduaren kopia.
– PFEZen estimazio objektiboz tributatzen duten autonomoek (131 eredua) behar besteko dokumentazioa eman beharko dute diru-sarrerak egiaztatzeko.
Diru-sarrera gehiago izanez gero
Baliteke diru-sarrerak aurreikusi baino handiagoak izatea eta finkatutako mugak gainditzea. Horrela balitz, mutualitateak prestazioak itzultzeko eskatuko dizu eta itzulketarako data bat emango dizu. Ez bazenu itzuliko, epea pasaturik, Diruzaintza Orokorrak prozedura zabalduko luke eta kasu horretan gankargua ezarri ahal dizu.
Edozelan, irabazi handiagoak izango dituzula ikusten baduzu, prestazioari uko egin ahal diozu abuztuaren 31 baino lehenago edo, bestela, zeure kabuz ere itzul zenezake, mutualitateak eskatu baino lehenago.
Bestetik, prestazioa jasotzen duzun bitartean, kotizazioak ere ordaindu beharko dituzu. Mutualitateak, prestazioarekin batera, gertakizun arruntengatiko kotizazioak ere itzuliko dizkizu. Honek esan nahi du, funtsean, %2 baino ez zenukeela ordainduko (kontingentzia profesionalak, jarduera amaiera eta prestakuntza) eta ez, ohi den moduan %30,3, baina dirua aurreratu beharko zenuke.