Riderrak: autonomoen kuoten itzulketa
2021/06/25
Langileen borroka latzaren ondoren eta auzitegietan hainbat eta hainbat ebazpen alde lortu ostean, azkenik, langileen antolakuntza, indar metaketa eta borrokari esker, Madrilgo Gobernuak oinarri-oinarrizko lege bat ateratzea lortu zen. Legearen funtsa zera da, riderren lan harremanaren izaera laborala aitortu behar dutela enpresek eta, hortaz, riderrak autonomo faltsu izatetik inoren konturako langile izatera pasatu behar direla. Hala ere, lege hau ez da inondik inora nahikoa. Gehiago jakin nahi baduzu, gure beste artikulu honi bota ahal diozu begirada bat:
Baina, zer gertatzen da autonomo faltsu moduan aritu bazara eta ez zegozkizun kuotak hilabeteetan edo urteetan ordaintzen egon behar bazara? Ez eman diru hori guztia galdutzat. Erreklamatu ahal duzu.
Bideo honetan gure kideak oso ondo azaltzen du, besteak beste, zeintzuk aukera dauzkazun gastu guztiak berreskuratzeko:
Gure aldetik, artikulu honetan kuoten itzulketa zelan eskatu behar den pausoz pauso azalduko dizuegu. Lasai, izapide administratibo nahiko erraza da.
Autonomoen kuoten itzulketa
Autonomo moduan egon garen bitartean, ez zegozkigun kotizazioak egiten ari izan gara, hau da, autonomoen kuotak ordaintzen egon gara, benetan autonomoak izan barik. Bestela esanda, enpresari zegozkion ordainketak geure poltsikotik atera behar izan ditugu.
Gizarte Segurantzari eskatu behar diogu kuota horiek itzultzeko. Esan bezala, izapide nahiko erraza da. ORRIALDE HONETAN daukazue azalduta:
Ikusi ahal duzunez eta gure kideak bideoan kontatzen duen moduan, itzulketa hauek berandutze interesak (gazteleraz “interés de demora”) barne hartzen dituzte eta lau urteko epea daukazu erreklamazioa egiteko. Honek, berez, esan nahi du eskaera egiten den momentutik eta atzera zenbaturik, azken lau urtetako kuotak baino ezin izango ditugula berreskuratu; lehenagokoak ez dizkigute itzuliko.
Itzulketa eskaera aurrez aurre:
Geroxeago azalduko dizuegu zelan egin ahal den online, baina aukerarik ez badaukazu edo bulegoetan aurrez aurre egin nahiago baduzu, izapidearen orrialdetik bertatik eskaera orria jaitsi dezakezu (goiko irudiko beheko partean dakarren pdf-a da) edo LOTURA HONETATIK zuzenean.
Dokumentuan honako hau azaldu beharko duzu:
• Datu pertsonalak
• Itzulketaren karia: eskaeraren arrazoia edo, bestela esanda, zer den eskatzen duguna
• Epealdia: noiztik nora egon zaren kuota horiek ordaintzen
• Kopurua: zenbat diru ordaindu zenuen guztira
• Kontu korrontea: ze kontu korrontetan nahi duzun Gizarte Segurantzak diru hori sartzea
Hemen daukazue adibide bat:
Ikusten duzuenez, eskaerarekin batera, zenbait dokumentu atxikitu ditugu:
- Autonomoetan egin ditugun ordainketen egiaztagiriak
- Ebazpena (autonomo faltsutzat aitortzen zaituen auzitegietako ebazpenen bat badaukazu, gehitu ezazu)
- Likidazio akta (enpresak ez badauzka langileak dagozkien erregimenean eta, hortaz, ez badu eurengatik kotizatzen, Lan Ikuskaritzak ordainketa horiek erreklamatzeko prozedura has dezake. Prozedura honetarako, enpresari likidazio akta emango lioke eta langileei ere jakinaraziko lieke).
Beraz, itzultzea nahi dituzun kuoten berri ematen duen dokumentazioa atxiki beharko zenuke eta, honetaz gain, zure lan harremanaren iruzurra frogatzen duen dokumentu ofizialik izanez gero, gehitu horiek ere bai.
Hala ere, ez badaukazu auzitegi edo Lan Ikuskaritzaren dokumentaziorik, ez kezkatu. Gizarte Segurantzak ezezkoa emango baligu, honek preskripzio epea etengo luke. Gogoratu lau urte dauzkagula kotizazioen itzulketa eskatzeko; hortaz, denborak aurrera egiten badu, epe horretatik kanpo gelditzen diren kotizazioak ezingo genituzke berreskuratu. Horrexegatik da garrantzizkoa epea etetea, ordaindu ditugun kuotak erreklamazio epetik kanpo geldi ez daitezen. Epeak eten ostean, lasaitasun osoz jo dezakegu Lan Ikuskaritzara eta salaketa bat jarri gure lan harremana aitor dezaten.
Dokumentua beteta, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak zure herrialdean duen ordezkaritzan aurkeztu behar duzu (atxikitzen dituzun beste dokumentuekin batera). Hauexek dira helbideak:
ARABA:
Duque de Wellington, 31. Gasteiz.
Tf.: 945 16 27 00
BIZKAIA:
Kale Nagusia, 89. Bilbo.
Tf.: 94 428 43 00
GIPUZKOA:
Otamendi Anaiak, 13. Donostia
Tf.: 915 41 02 91
NAFARROA:
Conde Oliveto, 7. Iruñea.
Tf.: 948 28 92 00
Itzulketa eskaera online:
Izapide hau online egiteko, hainbat aukera daude: ziurtagiri digitalaren edo NAN elektronikoaren bidez, cl@ve sistemarekin edo SMS bitartez.
Azken aukera hau nahiko berria eta erraza da; izan ere, Gizarte Segurantzari aldez aurretik gure telefono zenbakia jakinarazi badiogu, egin behar dugun gauza bakarra da datu pertsonalak (NAN edo NIE zenbakia, jaioteguna eta telefono zenbakia), sartu eta SMSz erabilera bakarreko pasahitza bidaliko digute.
Gizarte Segurantzarekiko izapideak egiteko sistema hauek detaile guztiekin dauzkazu azalduta ondoko artikulu hauetan:
Eskaera online egiteko, ORRIALDE HONETARA sartu behar gara.
Beheko partean izapidea egiteko aukerak azaltzen dira. Erabiliko duzun metodoa aukeratu eta, lehen komentatu dugun moduan, eskaera orria bete eta atxiki daukazun dokumentazioa.
Gizarte Segurantzak bizpahiru hilabete ematen ditu erantzuteko. Hemen daukazue adibide bat: