Riderrak (bezeroa bazara, zuri ere interesatzen zaizu informazio hau)

Langile kolektibo honen prekarietate egoera soberan da ezaguna. Txarto deitutako “ekonomia kolaboratiboko” plataformentzat janaria zein bestelakoak etxez etxe banatzeaz arduratzen diren langileak “rider” deituak dira. Rider hauek, plataforma batentzat lan egin ahal izateko, autonomo moduan egitera daude behartuta. Hau da, enpresak ez ditu bere lan ardurak betetzen (ez du kotizatzen, ez du hitzarmenik betetzen, ez du kaleratze-kalteordainik ordaintzen e.a.) eta langileak, ordea, apenas lan eskubiderik gabe aritu behar dira: soldata miserableak jasotzeaz gain, autonomoen kotizazioak ordaindu behar dituzte; jardunaldi maratonianoak bete behar dituzte hilabete amaierara heldu ahal izateko, askotan asteko atsedenaldirik gabe…

Gainera, langile hauen prekarietate egoera covid-19ak sortutako krisialdian areagotu baino ez da egin:

Babes neurririk ez

            — Langile hauei ez zaie babes ekipamendurik eman eta ez da inolako prebentzio planik egin arriskuak ekidin ahal izateko. Gainera, esan behar da Glovok, esaterako, bere biltegietan material hori (maskarak, eskularruak, txaboiak) izan, badaukatela, baina rider langileen artean banatzeari uko egiten diotela.

            — Ez zaie euren lanari egokitutako prestakuntzarik eman. Gehienez marrazkitxo batzuk banandu dituzte, agintaritzek edozein herritarrentzako azaltzen duten berbera azaltzeko. Baina euren lana segurtasunez egin ahal izateko saltokietako langileen, banatzaileen eta bezeroen osasuna babesteko jarraibiderik ez.

            — Segurtasun distantziak ez dira zaintzen. Ez da ezelako protokolorik ezarri establezimenduetan gutxieneko distantziak gorde ahal izateko. Honela, riderrek eurek azaltzen dutenez, ohikoa da establezimendu horietan langileak pilatuta egotea eskaeren zain. Eta, gogora dezagun, gainera, babes indibidualerako batere ekipamendurik gabe egoten direla.

            — Plataforma erabiltzen duten establezimenduetako segurtasun eta osasun baldintzez ere ez dira kezkatzen eta “jatetxe” hauetako askotan, Telepizzan, esaterako, hainbat saltokitan, ez da prebentziorako planik egin eta langileak babes neurririk gabe lan egitera behartuak izaten dira.

            — Ez da prestatu riderrek euren lan-materialak desinfektatu ahal izateko tokirik.

Lan egoera are prekarioagoa:

Behin baino gehiagotan salatu denez, Lan Ikuskaritzako txostenek aitortu eta auzitegiek berretsi dutenez, langile hauek autonomo faltsuak dira. Hau da, autonomo moduan aritzera behartuta daude, baina, berez eta legez, soldatapeko langileak izan beharko liratezke. Enpresekiko lan harremana egon, badago. Hala ere, euren egoera ez da on bidean jartzen. Eta ez da harritzekoa. Eredu honetan aritzen diren enpresa handiak, eta atzetik hainbeste milioitako inbertsioak egiten dituztenek, lobby eratuta, gobernuak etengabean presionatzen dituzte. Horren fruitua da gaur egun Estatuan eta Europa osoan ekonomia kolaboratiboko izenekoak alegalitate egoeran jarraitzen dutela, jurisprudentzia argirik gabe.

            — Autonomo moduan lan egitera behartuta, baina ezin autonomoentzako prestaziorik eskatu. Madrilgo Gobernuak abian jarri zituen autonomoentzako neurriak eskatu ahal izateko, salmentak %75 jaitsi direla egiaztatu behar da. Honetarako, hainbat langilek enpresei informazioa eskatu diete, eurak baitira eskaeren bolumena kontrolatzen dutenak. Hala ere, enpresek langileei eskaeren eta diru-sarreren jaitsieraren inguruko ziurtagiriak emateari uko egin diote.

Honela, langile hauei geratzen zaien bide bakarra betebehar hau egiaztatu ahal izateko, hilabeteko faktura aurkeztea da. Faktura hauek enpresek egiten dituzte eta ez langileek (esan bezala, ez dira benetako autonomoak). Beraz, apirileko fakturari itxaron behar diote (faktura baino, nomina dena), eta hau maiatzera arte ez dute jasoko.

            — Soldata jaitsiera. Hau guztia gutxi balitz, enpresa hauetako batzuk soldata jaitsiera aplikatu diete riderrei. Glovo enpresa da hauetako bat. Gasteizko banatzaileei, lehen, eskaera bakoitzagatik 2,50 euro ordaintzen bazieten, orain, tarifa hau euro bakar batera jaitsi diete. Honetaz gain, euripean banatzeagatik ordaintzen zuren suplementoa 1,3 eurotik 0,3ra jaitsi diete. Baina, hala ere, bezeroei berdin-berdin kobratzen jarraitzen dute.


Hau dela eta, riderrek greba egin zuten pasa den asteburuan (apirilaren 18 eta 19an) eta mobilizazio berriak prestatzen ari dira. Hurrengoa, bihar, apirilaren 22an, izango da eta gehiago deituko dira.


Salaketa Lan Ikuskaritzan eta erabiltzaileei deia

Enpresa hauek Lan Arriskuen Prebentziorako Legea argiki urratzen ari dira (hainbat artikulutan), langileak eta biztanleria osoa arriskuan jartzen. Eta berdin da langile hauek autonomo moduan aritzera behartuta egotea, Legeak berdin-berdin behartzen baititu eurentzat lan egiten duten autonomoen osasun eta segurtasuna babestera. Hau dela eta, LAB sindikatuak, RiderXDerechos plataformarekin batera, Glovo, Deliveroo, Just Eat eta Uber Eat enpresak salatu ditu Lan Ikuskaritzan (Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan) esku har dezaten.

Honetaz gain, Bizilanetik hainbat dei egin behar ditugu:

            — Riderrei, euren artean antola daitezen, egoerari buelta emateko eta euren eskubideen alde borrokatzeko modu bakarra antolakuntza delako. Sindikatua ere hortxe egongo da indar egiteko tresna moduan eta bidean laguntzeko prest.

            — Balizko bezeroei: RidersXDerechos plataformaren eskaerarekin bat egiten dugu. Plataforma hauek erabiltzen ditugun bakoitzean, langile hauek arriskuan jartzen ari gara, askotan, gure apeta hutsagatik (jatekoa prestatzeko gogorik ez daukagulako, kasu). Eta uste badugu kalera ez irteteagatik babestuago gaudela, gogoratu enpresa hauek ez dituztela gutxieneko segurtasun neurriak ere bermatzen.

Eta gogora dezagun, era berean, jende kalteberak babes sareak dituela eskura bere herrian eta bere auzoan, behar dituzten erosketak segurtasun handiagoz egin ahal izateko. Izan ere, sare hauek bitarteko askoz gehiago erabiltzen dituzte, plataforma hauek ez dutelako neurri bat ere jarri. Riderrei eman behar zaizkie eskerrak, borondate on guztiaz eta kontu handiz, kutsapenak ekiditzen ahalegiten direnak eurak baitira.

Glovoko banatzaileak, koronabirusaren krisiaren aurrean

RidersXDerechos Plataformaren komunikatuak:

MARTXOAK 26
APIRILAK 20