Egoera irregularrean dauden etxeko langileak

Etxeko langile asko beltzean lan egitera behartuta egoten dira. Honek esplotazio bideak biderkatu egiten ditu. Askotan enpleatzaileak dira kotizazioak ordaindu nahi ez dituztenak eta, gainera, legeak ezartzen dituen minimoetatik behera kontratatu nahi dutenak eta prekarietate egoeraz aprobetxatu. Zenbaitetan langileak prestazio edo subsidioren bat kobratzen ari dira, baina 400 eurotara ozta-ozta heltzen diren diru laguntza hauek ez dira inondik inora nahikoak bizirauteko eta, hortaz, beltzean ere aritu behar dira familia aurrera atera ahal izateko.

Guztien artean langile migranteak izaten dira esplotaziorik handiena pairatzen dutenak, lan egiteko baimenik gabe, askotan esklabutzatik hurbil dauden baldintzetan lan egitera behartuta ikusten baitute euren burua. Honi gehitu behar zaio gehien-gehienak emakumeak direla eta honek, egoera prekarioa areagotzeaz gain, askotan beldurragatik salatzen ez diren sexu jazarpen eta erasoak ere ekartzen ditu, lau hormen inpunitatean.

Honen erakusgarri, Mujeres con Voz taldeak eta Sortzen kontsultoriak egindako ikerketa: Informe acoso sexual y mujeres migradas

Langilea migrantea bada eta egoera irregularrean badago, kontratua egin dakioke?

Egoera irregularrean dauden migranteei ezin zaie, berez, lan kontraturik egin. Orduan, paperik ez daukan langile batek zelan erregularizatu ahal du bere egoera ezin badu lanik egin? Lan eta erresidentzia baimenen atalean luzeago jorratzen ditugu existitzen diren bideak.

Legea aldatu zenetik, etxeko langile guzti-guztiei egin behar zaie lan kontratua, berdin zenbat orduz aritzen diren. Hau ez egitea enpleatzailearen hutsegitea da eta isun altua jaso dezake. Izan ere, langilea, egoera irregularrean egon arren, edozein langileren eskubide berberak dauzka eta kontraturik ez egitea enpleatzailearen hutsegite larria da langilearen eskubideen kontra.

Denok dakigunez, egoera irregularrean dauden langileetaz enpleatzaile asko aprobetxatzen dira, eta ez dira gutxi honengatik salaketa jaso dutenak. Izan ere, lan errotzeagatiko baimena lortzeko modua lan egiten egon zarela frogatzea da eta lan hau kontraturik gabekoa izan bada, lan harremana frogatzeko modu bakarra salaketa da.

Baina badaude beste bide batzuk, hala nola errotze sozialagatiko erresidentzia baimena eskatzea. Kasu honetan, erresidentzia baimena eskatzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik lan egin izana, hiru urtez Estatuan bizitzen egon izana eta kontratu bat besterik ez da behar (urtebeterako gutxienez). Baimena lortuta, ez litzateke batere arazorik egongo kontratua formalizatu ahal izateko.

Zelan ematen zaio etxeko langileari alta Gizarte Segurantzan?

Esan bezala, enpleatzaileek etxeko langile guztiei (edozein jardunaldi egiten dutela ere) Gizarte Segurantzan alta eman behar diete.

Hala ere, oraindik kasu askotan etxeko lana ez da modu legalean burutzen. Batzuetan ezjakintasunagatik izaten da, beste batzuetan oso garestia izango dela uste dutelako edo enpleatzaileak beldur direlako prozedura oso konplexua izango ote den, kontuan izan behar da batzuetan jende nagusia ere badela. Ondo azaldu beharko diezu zure enpleatzaileei legeak derrigortzen dituela eta, gainera, askoz hobe dela denontzat, bestela, adibidez, lan istripu bat badaukazu, zer gertatuko litzateke? alta emanda bazaude, Gizarte Segurantzak ordainduko luke zure baja eta, zer esanik ez, egoera irregularrean egoteagatik isunik ez lukete hartuko.

Hemen azalduko dugu zelan egin behar den. Ez da gauza zaila (inprimakiek izan dezaketen zailtasunaz gain), eta ez da buelta askorik eman behar, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean egiten baita dena.

1. Lan kontratua

Lehengo eta behin lan kontratu bat egin beharko dugu. SEPEren orrialdean kontratuak pausoz pauso egiteko formularioa daukazue: http://www.sepe.es/contratos/

Eta hemen Etxeko Langileen Elkarteak proposatzen dituen eredu batzuk:
Barneko langileak
Kanpoko langileak
Kanpoko langileak orduka

Orduka edo jardunaldi partzialaz lan egin behar ote duzun eta ordaindu beharreko minimoak zeintzuk diren jakiteko: etxeko langileen erregimena eta zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara? atalak ikusi.

2. Non egiten dira izapideak?

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean eman behar da alta (TGSSen). Ez nahastu hau Gizarte Segurantzaren Institutuarekin (INSSekin). Helbideak:

Araba eta Bizkaia
Gizpuzkoa
Nafarroa

3. Ze dokumentazio behar da?

• Lan kontratua, beteta eta sinatuta

• Identifikazio dokumentuak (DNI edo TIE), enpleatzailearena eta langilearena

• Kotizazioak ordaintzeko kontu korrontea. Hau banku domiziliazio bitartez egiten da

• Gizarte Segurantzan alta emateko inprimakiak:

– Enpleatzailea Gizarte Segurantzan izena emateko inprimakia (T6-0138). Enpleatzaileak, lehenengoz kontratatu badu langile bat, inprimaki hau bete beharko du, aitzitik, ez bada lehen aldiz eta jadanik egin badu, ez luke errepikatu behar.
Euskaraz
Gazteleraz

Lan istripuetaz arduratuko den erakundea eskatzen denean, Gizarte Segurantzaren Institutua (INSS) ipini daiteke, ez da mutualitate bat kontratatu beharrik.

– Langilea altan emateko inprimakia (TA 2/S-0138). Hau kasu guztietan bete beharko da.
Euskaraz  
Gazteleraz

Zenbat orduz lan egingo den azaltzean, ordu osoak izan behar dira, hau da, ezin da ipini, esaterako, 22 ordu eta erdi izango direla. Honelako kasuetan gorantz borobilduko dugu (eman dugun adibidean, 23, alegia). Bestetik, hilabetean jasoko den soldataren atalean aparteko pagak ere sartu behar dira, hau da, aparteko pagak prorrateatu beharko dira. Demagun astean 15 orduko jardunaldia dela eta hilabetean 500 euro jasoko direla. Honetaz gain, 500 euroko bi aparteko paga ere sartuko liratezke. Hortaz, 500 euro bider 14 ordainketa izango liratezke urte osoan (6.300 euro urtean) eta hau zati 12 hilabete 525 euro izango liratezke hilabetean.

4. Nork egin behar ditu izapideak?

Enpleatzaileak egin behar ditu. Edozelan, ezinezkoa balu edo ez balitu berak egin nahi, beste pertsona batek egin ditzazke, baita zeuk ere. Hori bai, izapideak egiteko baimena eta enpleatzailearen NANaren fotokopia beharko dituzu.
Baimen eredua (Etxeko Langileen Elkartea)

Bestetik, kontratua ez bada 60 ordutara heltzen, adostu daiteke langilea izatea alta ematen duena eta kotizazioak ordaintzeaz arduratzen dena. Edozelan, zu horretaz arduratzeak ez du esan nahi zure dirutik ordaindu behar duzunik. Kotizazioak enpleatzaileak pagatu behar ditu (zuri dagokizun partea nominatik kentzen badizu ere).

5. Zenbat ordaindu behar da kotizazioetan? (2019)

Kontingentzia arruntak: %28,30; hemendik enpleatzaileak %23,60 eta langileak %4,70 ordaindu behar dute
Kontingentzia profesionalak: ezintasun, heriotz eta biziraupena, %0,70; aldi baterako ezintasuna, %0,80 Hau enpleatzaileak baino ez du ordaintzen.

2019. urtean enpleatzaileak kontingentzia arruntengatik ordaintzen duen kopuruan %20ko deskontua izango du. Kide ugaridun familien kasuan murriztapena %45 izango litzateke.

Edozein enpresatan egin bezala, enpleatzaileak kotizazio guztiak ordainduko lizkioke Gizarte Segurantzari (banku domiziliazioaz) eta zuri dagokizun zatia zure nominatik kenduko lizuke.