Profesionaltasun ziurtagiriak
2020/11/26
Azken eguneraketa: 2022/07/08
5/2002 Lege Organikoa, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketarena
34/2008 Dekretua, profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituena
1224/2009 Dekretua, lan eskarmentuz lortutako lanbide gaitasunak aitortzekoa
Profesionaltasun ziurtagiriak dokumentu ofizialak dira. Hauen bidez egiaztatzen da pertsona batek badituela lan jarduera zehatz bat egiteko beharrezko konpetentzia edo gaitasun profesionalak. Enplegurako heziketa eta tituluak dira eta, hortaz, informazioa aurkitu ahal izango duzue bai Enplegu Sailetan (Lanbiden edo Lansaren), bai Hezkuntza Sailetan ere. Hala ere, profesionaltasun egiaztagirien kudeaketa Hezkuntza Sailetik bideratu behar da, geroxeago hobeto zehaztuko dugunez. Izan ere, 2020an, hainbat dekreturen bitartez, Estatuko Ministerioak berrantolatu ziren eta lan heziketa osoa, bai hezkuntza sisteman, bai enplegu sisteman, Hezkuntza Ministerioaren esku gelditu zen (2/2020 Dekretua, 139/2020 Dekretua, 498/2020 Dekretua).
Hortaz, Lanbiden edo Lansaren informazioa topatu ahal duzuen arren, gogoratu kudeaketa Hezkuntza Sailetik egin beharko duzuela.
⇒ Emango dizuegun informazioa (dokumentazioa, baldintzak eta abar) baliteke, zenbait ataletan, erkidego bakar batena izatea eta ez biena, gehienetan ez bikoizteagatik. Hala ere, nahiz eta erkidegoek kudeatu, araudi estatala da eta, hortaz, ez da alderik batetik bestera. Hau da, nahiz eta bizkaitarra izan, esaterako, Nafarroako bideoetan azaltzen dena guztiz baliagarria da profesionaltasun ziurtagirien ingurukoak ulertzeko.
Zertarako balio dute?
Ziurtagiri hauen bitartez lanbide zehatz batean dauzkagun konpententzia teknikoak, hau da, daukagun kualifikazio profesionala egiazta dezakegu. Honela, honek balioko liguke, beste titulazio edo prestakuntza batzuekin bezala, ziurtagiri horrekin zerikusia daukaten lanpostuetara sartzeko.
Zelan lortzen dira?
Profesionaltasun ziurtagiriak hainbat konpetentzia edo gaitasun unitatek osatzen dituzte. Konpetentzia unitateak dira lanbide hori egiteko beharrezkoak diren ezagupen eta gaitasunen multzoak. Profesionaltasun ziurtagiria jasoko dugu konpetentzia unitate guztiak egiaztatzea lortzen dugunean. Hau bide bitatik egin daiteke:
• Prestakuntzaren bitartez: ziurtagiria osatzen duten prestakuntza unitate edo moduloak (ikastaroak) gaindituta. Hurrengo puntuan (Lanbide arloak eta kualifikazio mailak atalean) azaldurik dauzkazu kualifikazio mailak eta maila bakoitzeko ziurtagiria lortzeko eskatzen diren gutxieneko ikasketak.
• Lan eskarmentuaren bitartez: sektore batean lan esperientzia zabala baduzu, baina ez baduzu egiaztagiri ofizialik, lanbide-gaitasunak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuaren bidez lor dezakezu egiaztagiri ofizial hori. Aurrerago azaldurik daukazu zelan egiaztatu behar den hau.
Lanbide arloak eta kualifikazio mailak
Profesionaltasun ziurtagiriak 26 lanbide arlotan daude banandurik (lanbide heziketa banandurik dagoen 26 arlo berberetan) eta hiru kualifikazio maila izan ditzakete.
• 1. mailako ziurtagiria lortzeko, ez da eskatzen ikasketa edo prestakuntza zehatzik eta ez da beharrezkoa aldez aurretiko lan eskarmenturik. Hau da, 1 . mailako ziurtagiri bat atera zenezake, zelan edo halan esateko, zerotik. 1. mailako ziurtagirietan gaitasun oso oinarrizkoak egiaztatzen dira, baina lehen pausoa izan daitezke 2. eta 3. mailako ziurtagiri espezializatuagoak lortzeko.
• 2. mailako ziurtagiria lortzeko aldez aurretiko ikasketak beharrezkoak dira: DBH titulua; beste profesionaltasun ziurtagiri bat (2. mailakoa edo 1. mailakoa lanbide-arlo berekoa bada); LHko maila ertaineko ziklo batera sartzeko proba, edo unibertsitatera sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba.
• Azkenik, 3. mailako ziurtagiria lortzeko: batxilergo titulua; beste profesionaltasun ziurtagiri bat (3. mailakoa edo 2. mailakoa lanbide-arlo berekoa bada); LHko goi mailako ziklo batera sartzeko proba, edo unibertsitatera sartzeko 25/45 urtetik gorakoentzako proba.
⇒ Bada beste modu bat 2. edo 3. mailako ziurtagiriak atera ahal izateko eskatzen den titulaziorik gabe. Maila bakoitzari dagozkion oinarrizko konpetentziak (matematikak, hizkuntza, inglesa…) badauzkazula froga zenezake. Horretarako, administrazioak deialdi bereziak egin ohi ditu. Informazio telefono eta helbideak aurrerago daukazu; galdetu eta eman izena.
Bestalde, hauexek dira aipatu ditugun 26 lanbide arloak:
– Administrazioa eta kudeaketa
– Arteak eta eskulangintzak
– Arte grafikoak
– Beira eta zeramika
– Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza
– Elektrizitatea eta elektronika
– Elikagaien industriak
– Energia eta ura
– Eraikuntza eta obra zibila
– Erauzketa industriak
– Fabrikazio mekanikoa
– Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak
– Gizarte eta kultura zerbitzuak
– Informatika eta komunikazioak
– Instalatze eta mantentze lanak
– Irudia eta soinua
– Irudi pertsonala
– Itsasoa eta arrantza
– Jarduera fisikoak eta kirolak
– Kimika
– Merkataritza eta marketina
– Nekazaritza
– Osasungintza
– Ostalaritza eta turismoa
– Segurtasuna eta ingurumena
– Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa
Orrialde honetan familia bakoitzean sakatu eta azpi-multzoak azalduko zaizkizu. Oraintxe zerrendatutako familia berberak dira, baina, ikusiko duzuenez, gaztelerazko orden alfabetikoari jarraitzen diote (😬). Azpi-multzo bakoitzean hainbat profesionaltasun egiaztagiri posible ikusiko dituzu. Honek ideiatxoa emango dizu dauden aukera guztien inguruan, sistema domotiko eta immotikoen muntaketatik menpeko pertsonei osasun arreta emateraino, web programaziotik, estetika zerbitzu edo arrantza lanetaraino.
Lan eskarmentuaren aitorpena
Esan dugun bezala, agian ez daukazu titulaziorik, baina lan eskarmentuaz (edota prestakuntza ez formalaz) hainbat konpetentzia eskuratu dituzu. Honelakoetan, posible da gaitasunen egiaztapen prozesu baten bitartez konpetentzia horiek egiaztatzea eta profesionaltasun ziurtagiria lortzea. Izan kontuan gutxienez, bi edo hiru urteko (1.200/2.000 orduko) lan eskarmentua beharko duzula. Esperientzia laboral hau egiaztatu nahi duzun ziurtagiriarekin lotuta egon behar da, jakina.
Prozesu honek hiru pauso dauzka:
- Aholkularitza fasea:
Eskaera egiten duzunean, pertsona bat jarriko da zurekin kontaktuan. Zure lan eta prestakuntza ibilbidea aztertu eta aholkatuko dizu zeintzuk gaitasun-unitate egiaztatu ahal dituzun. Hurrengo fasera pasatzea komenigarria ote den esango dizu eta aparte ikastarorik egin behar ote duzun.
- Ebaluazio fasea:
Fase honetan zure konpetentziak egiaztatu beharko dituzu. Beraz, eman duzun dokumentazioa aztertuko da eta ebaluazio modu egokienak proposatuko dira. Ebaluazio modu hauek izan daitezke elkarrizketa profesional bat, gaitasun probaren bat, erakustaldi praktikoren bat egitea…
- Akreditazio eta erregistro fasea
Ebaluazio fasea gainditzen baduzu, administrazioak akreditazio bat emango dizu gainditu duzun konpetentzia unitate bakoitzeko. Lehen esan bezala, profesionaltasun ziurtagirirako eskatzen diren konpetentzia guztiak behin pilaturik, ziurtagiria eskuratu ahal izango duzu.
Profesionaltasun ziurtagiriak eta lanbide heziketa
Lanbide Heziketaren tituluak iraupen luzeagoko ikasketak dira eta eduki gehiago eman eta jasotzen dira. Lanbide heziketako ikasketak amaitzen dituzunean, titulazio akademikoa jasotzen duzu eta titulazio horrekin lan mundura sar zaitezke edo, bestela, goragoko prestakuntza mailetan ikasten jarraitu ahal duzu.
Profesionaltasun ziurtagiriak iraupen laburragoko ikasketak dira eta ziurtagiriak berak eskatzen duen prestakuntzan zentratzen dira. Prestakuntza honekin amaitzen duzunean lan egin ahal izateko titulazioa jasoko duzu, hau da, lan mundura sartzeko edo ure lanbidean promozionatu ahal izateko titulua izango duzu.
Edozelan, ziurtagiriak eta LH lotuta daude:
Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzunean, profesionaltasun ziurtagirien batekin edo batzuekin lotuta dauden hainbat konpetentzia unitate lor ditzakezu (hau oso interesgarria da LH ikasketetan hasi, baina amaitu ez badituzu eta, hortaz, oraindik titulurik ez badaukazu).
Era berean, ikusi dugunez, profesionaltasun egiaztagiriak blokeetan antolatuta daude. Honela, Lanbide Heziketaren tituluekin bat egiten duten konpetentzia unitateak ere lor ditzakezu eta administrazioak konbalidatu ahal dizkizu. Bestela esanda, Lanbide Heziketako titulu batekin lotuta dauden hainbat profesionaltasun ziurtagiri badauzkazu eta LHko titulu hori ateratzea erabakitzen baduzu, konpetentzia horiek guztiak konbalidatzeko eska zenezake. Horrela, eduki gutxiago ikasi beharko zenituzke titulua atera ahal izateko.
Bete beharreko baldintzak
— EAEn edo Nafarroan erroldatuta egotea
— Espainiar nazionalitatea izatea edo Europako Batasuneko herritarren erregistroan izena emanda egotea edo lan eta erresidentzia baimena izatea.
— 18 urte izan behar dituzu 1. mailako kualifikazioen konpetentziak egiaztatzeko eta 20 urte 2. edo 3. mailako konpetentzietarako.
— Egiaztatu nahi dituzun konpetentzia horietarako lan eskarmentua edo prestakuntza izan behar duzu.
Baldintzak zerrendatzen dituen dokumentua HEMEN kontsulta dezakezu.
Eta hemen daukazu baldintzen berri ematen duen bideo bat (erdaraz):
Dokumentazioa
Hemen zerrendatuko dizkizuegun dokumentuak dira administrazioak kontuan hartuko dituenak. Hau da, administrazioak informazio hau kontsultatu behar du baldintzak betetzen dituzula egiaztatzeko eta prozedura martxan jartzeko. Edozelan, Nafarroan, eskaera online egiten badugu, ez da beharrezkoa ezein dokumentu atxikitzea, formulario hau betetzearekin nahikoa omen da.
Eskaera EAEn egiten badugu, ordea, dokumentu guztiak atxiki beharko ditugu (dokumentuak jaitsi nahi badituzu, sakatu zuzenean eta leiho berri bat zabalduko zaizu):
- Eskaera orria
- Identifikazio dokumentua -NAN, NIE, pasaportea…- (jatorrizkoa eta fotokopia)
- Errolda agiria
- Bizi laborala (jatorrizkoa eta fotokopia)
- Zure lan eskarmentuaren berri ematen duen ziurtagiria:
- Enpresa ziurtagiria, soldatapeko langilea izanez gero.
- Autonomoa bazara, zinpeko aitorpena
- Bekaduna edo bolondresa bazara, lan egiaztagiria
- Soldatapekoa bazara edo izan bazara eta enpresa ziurtagiririk ez badaukazu (edozein arrazoirengatik), zinpeko aitorpena
- Zure prestakuntza eta lanbide ibilbidea edo historia (zer ikasi duzun eta zertan egin duzun lan)
Beharrezko dokumentazio guztia PDF honetan daukazu zerrendaturik. Eta azalpen sakonagoa topatuko duzu artikuluaren amaieran txertatu dugun “Bete beharreko baldintzak eta dokumentazioa” bideoan.
Nora jo?
Hasieran esan bezala, Hezkuntza Sailak kudeatzen du. Honelako prozedura batean izena eman nahi baduzu, biderik zuzenena lanbide heziketa zentroren batera jotzea da, izena ematearekin batera, prozesu osoaren inguruko zalantzak argituko dizkizuetelako eta bideratzen lagunduko dizuetelako.
EAEn hauxe da izena emateko modu posible bakarra, Lanbide Heziketa zentro batean aurrez aurre egitea, alegia.
Ikastegien zerrendak utziko dizkizuegu hemen:
EAE
Nafarroa
Eta beste dokumentu HONETAN aurkituko duzue EAEn izena emateko jarraibideak
Edozelan, Nafarroan aurrez aurre egin dezakegun arren, online aukera ere badaukagu ORRIALDE HONETATIK. “Tramitazio” atalera sartu eta “tramitar” botoia sakatuta, formulario bat zabalduko zaigu. Formulario horretan gure datuak behin sartuta eta bidalita, prozedura martxan hasiko omen da.
Azkenik, hemen dauzkazue prozedurei buruzko informazio zehatza lortzeko telefono eta helbide elektronikoak (zalantzarik badaukazue, galdetu zuzenean, lotsa barik; hobetoen kontrolatzen dutenak bertako langileak dira eta):
NAFARROA:
Telefonoak: 848 42 61 30 / 848 42 89 85 / 848 42 89 83
Posta elektronikoa: inacuali@navarra.es
EAE:
Telefonoa: 688 69 95 65
Posta elektronikoa: peac-euskadi@ivac-eei.eus
Europass gehigarria
Beste Estatu batera lan egitera joan nahi baduzu, profesionaltasun ziurtagiriaren Europass gehigarria eska zenezake. Dokumentu honek zure titulazioaren inguruko informazioa ematen du, inglesez edo beste hizkuntza batzuez. Honela, tituluaz gain, eskuratu dituzun konpetentzien berri ere ematen du, beste Estatu batzuetako enpleatzaileek edo instituzioek uler dezaten. Ondorengo informazio hau ematen du, besteak beste: eskuratu dituzun konpetentziak eta lortu dituzun ikasketen emaitzak, ze nolako tituluekin parekatu ahal den nazioartean, ze beste akreditazio ofizialak ikasteko aukera ematen duen…
Europass gehigarriaren inguruko informazio gehiago daukazu SEPEren ORRIALDE HONETAN.
Eta SEPIEren BESTE HONETAN (SEPIE hezkuntza internazionalizatzeko zerbitzua da). [Erdaraz]
Informazio gehiago:
Informazio webgune nagusiak:
EAE:
Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua
NAFARROA:
Acreditación de competencias profesionales en Navarra (erdaraz)
Nafarroako Hezkuntza Saila
Profesionaltasun ziurtagirien inguruko informazioa eskuratzeko beste webgune erabilgarri batzuk:
TodoFP: Acreditación de competencias [erdaraz]
LANBIDE: Profesionaltasun ziurtagiriak
NAFAR LANSARE: Certificados de profesionalidad [erdaraz]
INSTITUTO NAVARRO DE LAS CUALIFICACIONES [erdaraz]
SEPE: Profesionaltasun ziurtagiria
Zer da profesionaltasun ziurtagiria eta zertarako balio du?
[Erdaraz]
Bete beharreko baldintzak eta dokumentazioa
[Erdaraz]
Egiaztapen prozesuaren faseak
[Erdaraz]