ERTEen luzapena VI
2021/10/19
18/2021 Dekretua, irailaren 29an BOEn argitaratua
Izurritearekin batera martxan jarri ziren enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteen seigarren luzapena da hau, bosgarrena irailaren 30ean amaitu behar zen eta. Honela, indarrean egon ahal izango dira 2022ko otsailaren 28ra arte.
Indarrean zeuden espedienteen luzapena
18/2021 Dekretuaren 1. artikulua
2021eko irailaren 30ean indarrean zeuden espedienteak luzatu ahal izango dira. Honako espedienteei aplikatuko zaie:
- Ezinbesteko kausengatiko espedienteak (“fuerza mayor”), covid-19arekin lotuta daudenak. 11/2021 Dekretuaren 1.artikulua
- Jardueraren eragozpenagatiko espedienteak eta jardueraren mugapenagatiko espedienteak. 11/2021 Dekretuaren 2. artikulua
- Covid-19ak eragindako arrazoi ekonomikoengatiko espedienteak (arrazoi ekonomiko eta teknikongatik zein antolakuntza eta ekoizpen arrazoiengatik, gaztelerazko “ETOP”). 8/2020 Dekretuaren 23. artikulua
Luzapena ez da automatikoa, aurretiaz egin izan den bezala. Aitzitik, eskaera berri bat egin behar zaio indarrean dagoen espedientea onartu zuen lan agintaritzari. Eskaera hau egiteko epea: urriaren 1etik urriaren 15 artean.
Eskaerarekin batera, 2021eko uztailean, abuztuan eta irailean murriztu edo bertan behera utzi diren lan egunen edo lan orden zerrenda ere aurkeztu beharko da. Langile bakoitzaren datu zehatzak eman behar dira, behar bezala identifikaturik eta bakoitzaren lan zentroa zehazturik.
Honetaz gain, arrazoi ekonomikoengatiko espedientea balitz, espedientea negoziatu zuen langileen ordezkaritzaren txostena ere atxiki beharko da.
Prestazioak bai luzatuko dira automatikoki urriaren 31ra arte, baina, aurrera begira, enpresak eskaera berria tramitatu beharko du.
Jarduera eragozpen edo mugapenagatiko espedienteak
18/2021 Dekretuaren 2. artikulua
2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean, administrazioek, covid-19a dela eta, neurri berririk hartzen badute eta neurri hauek enpresaren jarduera mugatzen edo eragozten badute, honelako espediente bat eskatu ahal izango da.
Jarduera eragozpenagatiko espedientetik jarduera mugapenagatiko espedientera pasatu ahal izango da (edo alderantziz). Honek barne hartzen ditu oraintxe aipatutako espediente berriak zein lehenagotik indarrean zeudenak eta luzatu direnak (aurreko atalean komentatu ditugunak, alegia). Honetarako ez da beharrezkoa espediente berri bat tramitatzea. Hori bai, egoeraren aldaketa eta kaltetutako langileen zerrenda komunikatu beharko da. Adi! Lan agintaritzari ez ezik, langileen ordezkaritzari ere jakinarazi behar zaio.
Kotizazio salbuespenak
18/2021 Dekretuaren 4. artikulua
2021eko azaroan eta abenduan zein 2022ko urtarril eta otsailean, Gizarte Segurantzaren kotizazioetan honako portzentaje hauetan salbuetsita egongo dira enpresak:
• Jardueraren mugapenagatiko espedientean dauden enpresak:
10 langile edo gehiago:
— %40: enpresak ez badie prestakuntzarik ematen espedientean dauden langileei
— %80: enpresak prestakuntza ematen badu
10 langile baino gutxiago:
— %50: enpresak ez badie prestakuntzarik ematen espedientean dauden langileei
— %80: enpresak prestakuntza ematen badu
• Jardueraren eragozpenagatiko espedientean dauden enpresak: %100
Prestakuntza
18/2021 Dekretuaren 3. artikulua
Ikusi berri dugunez, enpresek, espedientean dauden langileentzako prestakuntza emanez gero, portzentaje handiagoan salbuetsi daitezke kotizazioetatik. Baina, zertan datza prestakuntza hau?
Ez da askorik zehazten ze nolako prestakuntza izan behar den, ezta zelako helburuak bete behar dituen ere. Espedientean dauden pertsonen gaitasun profesionala eta enplegagarritasuna hobetzera zuzendu behar direla esatera mugatzen da (egiten duen aipamen zehatz bakarra gaitasun digitalak dira).
Prestakuntza plangintza hau 30/2015 Legeak ezartzen duen horretara egokitu behar da. Lan Prestakuntzaren Sistema arautzen duen lege honi begirada bat eman nahi badiozu, HEMENDIK egin zenezake. Edozelan, sistema hau laburbilduko dugu:
Prestakuntza enpresak berak, beste enpresa batek edo zerbitzu publikoek eman dezakete. Lan prestakuntzaren sisteman eredu nagusi bi daude honetarako: alde batetik, hobarien bitarteko prestakuntza (edo prestakuntza programatua) eta, bestetik, diru-laguntzen bitarteko prestakuntza.
Hobarien bitarteko prestakuntza: enpresek eurek eman ditzakete kurtsoak, beste enpresa bat kontrata dezakete edo administrazioak ematen dituen kurtsoen artean aukera ditzakete. Prestakuntza hau langileak enpresa barruan kualifikatzeko dago pentsaturik eta hauxe da kasu honetarako Lan Ministeriotik bultzatu nahi dutena.
Diru-laguntzen bitarteko prestakuntza: SEPEk ematen dituen kurtsoetan oinarritzen da. Langileen prestakuntza orokorrari begirakoa da, eta ez enpresa barruko premiei.
Oro har, hobarien bitarteko prestakuntza ematen dituzten enpresek kredituak jasotzen dituzte kurtsoak ordaintzeko. Hau da, enpresak, aurreko urtean egin dituen kotizazio sozialen arabera, diru bat jasotzen du kurtsoak ordaintzeko. Honela, zatirik handiena Estatuak ordaintzen du, SEPEren bitartez. Espedientean dauden langileen prestakuntza emateko kreditu hauek handitu egin dira. Enpresaren tamainaren arabera, honelaxe handituko dira aipatutako kredituak:
• 9 langile edo gutxiago: 425 euro langile bakoitzeko
• 10 eta 49 bitarteko enpresak: 400 euro langile bakoitzeko
• 50 langile edo gehiagoko enpresak: 320 euro langile bakoitzeko
Prestakuntza hau emateko epea: 2022ko ekainaren 30era arte.
Gutxieneko prestakuntza denbora langile bakoitzarentzat:
- 10-49 langile bitarteko enpresetan: 30 ordu
- 50 langile edo gehiago: 40 ordu
Legeak ez dio ezer 10 langiletik beherako enpresen kasuan
Prestakuntza ordu hauek jardunaldi murrizketaren denboran edo lan orduetan eman ahal izango dira. Edozein kasutan, atsedenaldi denborak eta kontziliaziorako eskubidea errespetatu beharko dira.
Adi! Enpresak langileen ordezkaritzari prestakuntza plangintza honen berri eman beharko dio.
Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteak
18/2021 Dekretuaren 5.1. artikulua
Arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik zein antolakuntza edo ekoizpen arrazoiengatiko espedienteak, gaztelerazko ETOP
Urriaren 31ra arte, covid-19arekin lotuta, ezinbesteko kausengatiko espedientean dauden enpresek arrazoi ekonomikoengatiko espedientea martxan jarri ahal izango dute. Prozedura 8/2020 Dekretuaren 23. artikuluaren arabera izango da.
Dakizuenez, ezinbesteko kausengatiko espedienteetan ez bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak ordezkaritza sindikalarekin negoziatu behar dira (“kontsulta epealdia” deritzona). Honen inguruko guztia azalduta daukazue ERTEak galde-erantzunak artikuluan eta ERTEen luzapena I artikuluetan.
Arrazoi ekonomikoengatiko espediente bat tramitatu ahal izango da ezinbesteko kausengatiko espedientean gauden bitartean. Hau da, ez da beharrezkoa ezinbesteko kausengatiko espedientea amaitzea besteari hasiera emateko; zelanbait esateko, kateatu ahal dira.
Honezkero arrazoi ekonomikoengatiko espediente baten barruan bazaudete, honen amaiera data izan beharko da espedienteak dakarrena. Hala ere, luzatu ahal izango da, baina, horretarako, aldez aurretik, kontsulta epealdi berri bati ekin beharko zaio eta akordiora heldu beharko da. Laburbilduz, ERTEa luzatu ahal izateko, adostasuna egon behar da.
Enpresei mugapenak eta kaleratzeen “debekua”
18/2021 Dekretuaren 5. artikulua
Puntu bi hauek ere otsailaren 28ra arte luzatuko dira.
Gogora dezagun zeintzuk diren, besteak beste, mugapen horiek: batetik, paradisu fiskaletan dauden enpresek ezin dutela ezinbesteko kausengatiko espedienterik martxan jarri (izan kontuan jardueraren eragozpen edo mugapenagatiko espedienteak ere ezinbesteko kausengatiko espedienteak direla) eta, bestetik, kotizazioetan salbuetsita dauden 50 langiletik gorako enpresek ezin dutela dibidendurik banatu.
Enpleguaren babesari dagokionez, dekretu berri honek berriro luzatu du 30/2020 Dekretua (hirugarren luzapena ekarri zuen dekretua, alegia), hau da, Gizarte Segurantzako kuotetan salbuespenak jasotzen dituzten enpresek sei hilabete gehiagoz hartu beharko dute kaleratzerik ez egiteko konpromisoa.
Hortaz, enpresa lehenagotik horrelako konpromiso bat hartua balu, sei hilabeteko beste epealdi bat hasiko litzateke zenbatzen, baina beti ere aurreko epealdia behin amaituta.
Beste gai batzuk ere luzatu dira, hala nola aparteko orduak, kontratu berriak edo jardueraren kanporaketak ezin egitea edota aldi baterako kontratuen iraunaldia eten behar izatea. Hau guztia zabalgo azalduta daukazue 30/2020 Dekretua azaltzen duen ERTEen luzapena III artikuluan.
Aldi baterako kontratuak
18/2021 Dekretuaren 5.6 artikulua
Neurri hau ere luzatu da. Hau da, aldi baterako kontratu batekin baldin bagaude eta enpresaren jarduna eteten bada, gure kontratuaren iraunaldia ere eten beharko litzateke. Honek esan nahi du, esaterako, gure kontratua hiru hilabetekoa bazen eta hilabetez baino ez badugu lanik egin, enpresa berriro bere jarduerara itzultzen denean, geratzen zaizkigun bi hilabete horietan lan egin beharko genukeela. Edozelan, neurri honek ere ez gaitu kaleratzeetatik babesten, honezkero hainbatetan gertatu den bezala.
Langabezia
18/2021 Dekretuaren 6. artikulua
Langabezia prestazioari dagozkion neurriak ere luzatu dira
Covid-19agatik ezinbesteko kausengatiko espedienteetan dauden langileek langabeziaren aparteko prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baita kotizazio nahikorik ez badaukate ere. Hau da, aurreko neurriak indarrean iraungo du.
Prestazioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen %70 izango da denbora osoan zehar.
Langabezia 2020ko irailaren 30etik aurrera “kontsumitzen” hasi zen. Salbuespen bi daude. Hauetan kontadorea “zerora” itzuliko da, hau da, ez da kontsumituko:
- 2026ko urriaren 1etik aurrera hasten diren prestazio berrietan
• 2022ko abenduaren 31 baino lehen eskatzen diren prestazio berrietan, beti ere arrazoia honako hau bada:
– Aldi baterako kontratuen amaiera
– Kaleratze indibidual edo kolektiboak arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoengatik (gaztelerazko “ETOP”)
– Kaleratze bidegabeak
Aldizkako finkoak
18/2021 Dekretuaren 7. artikulua
Aldizkako kontratu finkoa daukaten (edo data zehatzetan errepikatzen diren lan finko eta aldizkakoak egiten dituzten) langileentzako aparteko prestazioa ere luzatu da otsailaren 28ra arte. Honetarako, espediente baten barruan egon behar izan dira 2021eko urtean. Hau da, lanera deituak izan behar izan ziren denbora osoz edo zati batez espedientean egon diren langileek aparteko prestazio hori jaso ahal izango dute.
Hau izango da espedientetik kanpo geratzen direnean edo lanean egoten diren sasoia behin amaituta edo amaitzen denean.
Prestazio hau jaso ahal izateko, enpresak eskaera kolektiboa aurkeztu beharko du.
Era berean, aparteko prestazioa jaso ahal izango dute jarduera eten eta langabezia egoerara pasatu diren lagunak, nahiz eta azken kanpainan espediente batek eragin ez izana. Eta, hauetaz gain, otsailaren 28a baino lehen langabezia prestazio kontributiboa agortu dutenek ere bai.
Prestazioa jasoko da kanpaina amaitu eta hurrengo egunetik aurrera edo langabezia prestazioa agortu duten egunetik aurrera, harik eta otsailaren 28ra arte.