Koronabirus kutsapenak: lan istriputzat hartuko dira osasun langileen kasuan

2020/05/27
2020/05/28an eguneraturik

Koronabirusa. Informazioa eta gomendioak alarma egoerarako artikuluan bere momentuan azaldu genizuen bezala, koronabirusagatiko bajak (edozein sektoretan) lan istripuekin parekatu ziren (6/2020 Dekretua, 5. artikulua).

Honek ekarri zuen aldaketa nagusiena prestazioen ordainketa izan zen: gaixotasun arruntatzat jo arren, lan istripuekin ASIMILATU zirenez, prestazioaren zenbateko handiagoa kobratu izan da (%75) eta lehen egunetik jaso da.

Hala ere, orduan azaldu genuenez, era honetan, aitortu barik gelditzen ziren benetan gertakizun edo kontingentzia profesionalengatik izan ziren kutsapenak. Hau da, lanean kutsatu edo kutsatzen bagara, lan istriputzat aitortu beharko litzateke ondorio guztietarako eta ez bajaren edo aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzeko besterik ez.

Ondorio guztietarako gertakizun profesionaltzat aitortuz gero, horrek babes handiagoa ezarriko luke ezintasun iraunkor edo heriotza kasuetan (ezintasun iraunkorretan, prestazio altuagoa eta, prestazioa jasotzeko, gutxieneko kotizazioen premiarik ez; eta, heriotz kasuetan, kalte-ordain espezifikoak). Ikus. Ezintasun iraunkorra.

Baina, prestazioak gorabehera -horrek daukan inportantziarekin-, garrantzizkoa da, era berean, lanak gaixotzen gaituenean hori behar den bezala islatuta eta aitortuta egotea, batez ere kasu gehienetan babes nahikorik gabe lan egitera beharturik egon garenean. Esku hartzeko eta erantzukizunak zehazteko lehen pausoa, lan gertakizunak halaxe aitortzea da.

19/2020 Dekretuaren bitartez (maiatzaren 27ko BOEn argitaratua), 9. artikuluan, osasun arloan (arlo sozio-sanitarioan barne) aritzen diren langileen kasuan, koronabirus kutsapenak ondorio guztietarako lan istriputzat aitortuak izateko aukera zabaldu da.

19/2020 Dekretuaren neurriak. Zehaztapen gutxiko eta zalantza anitzeko Dekretua.
  • Zeintzuk kasu hartzen ditu barne?

— Osasun zentroetan edo zentro sozio-sanitarioetan zerbitzuak ematen dituzten langileak eta, epidemiaren edozein fasetan, arriskuaren esposiziopean egoteagatik, birusarekin kutsatu direnak.

⇒ Dekretuan kontzeptu bi erabiltzen dira. Alde batetik, osasun zentroetan lan egiten duten lagunei begirako neurria dela dio (“el personal que presta servicios en centros sanitarios o socio-sanitarios); beraz, langile guztiak sartuko liratezke hor. Hala ere, honen segidan, honelaxe gehitzen du: por haber estado expuesto a ese riesgo específico durante la prestación de servicios sanitarios y socio-sanitarios”. Honek hainbat langile kanpoan utzi ahal ditu, hala nola garbitzaileak edo administratiboak.

— Baja medikoan egon behar zara.

⇒ Honek, beraz, isolamendu kasuak kanpo utziko lituzke

Alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabetera arteko kutsapenak hartuko dira kontuan, lan istriputzat aitortuak izateko.
            NEURRI HAU LUZATU EGIN DA ⇓

⇒ EGUNERAKETA: 28/2020 Dekretuan, Laugarren Xedapen Gehigarrian, ezarri da neurri hau indarrean egongo dela harik eta “osasun agintaritzek osasun krisiari aurre egiteko neurri guztiak bertan behera utzi arte”.
  • Zelan egiaztatu behar da?

— Enpresak lan istripu partea eman behar digu

— Lan osasun eta prebentzio zerbitzuek egiaztatu behar dute hala izan dela, hau da, gaixotasunaren jatorria lanekoa dela.

  • Heriotz kasuetan

— Heriotzaren arrazoia lan istripua izan dela ulertuko da, gaixotasunarekin kutsatu eta hurrengo bost urteetan zehar gertatzen bada.

Prozedura ez dago zehazturik

Suposatu nahi dugu Dekretu hau argitaratu ostean, osasun langilerik kutsatuz gero, errazagoa izango dela gaixotasunaren lan jatorria hasieratik aitortua izatea. Hala ere, zer gertatzen da honezkero gaixotasuna pasatu duten langileekin?

Maiz gertatzen den bezala, dekretu bidez argitaratzen diren neurrien prozedura, gerora, kudeaketaz arduratzen den erakundeak zehaztu ohi du. Kasu honetan, adi egongo gara ea Gizarte Segurantzak irizpide zehatzagorik ateratzen ote duen edo bestelako instrukzioren batez argitzen ote den. Gogoratu gure telegram kanalean harpidetuz gero, eguneraketa eta abisu guztiak mugikorrean zuzenean jaso ditzakezuela.

Baina, esan bezala, prozedura berezirik ez da ezarri eta hortaz, covid-19 pasatu badugu eta gaixotasun arruntatzat aitortu bazaigu, hau aldatzeko izango genukeen modua hauxe izango litzateke:

– Lehenengo eta behin, enpresarekin jarri beharko ginateke kontaktuan, prebentzio zerbitzuak dagokion txostena egin dezan eta bertan gaixotasunaren jatorria lanekoa izan dela egiazta dezan. Euren zeregin eta betebeharra izan arren, zoritxarrez, hau zenbaitetan ez da erraza, ohiko jokabidea lan jatorria ukatzea izaten baita askotan. Beraz, arazorik izanez gero, jarri kontaktuan sindikatuarekin.

– Gerora, Gizarte Segurantzaren Institutuari jakinarazi beharko litzaioke, seguruenik, eta besterik ezarri ezean, kontingentziak zehazteko edo aldatzeko erreklamazioaren bitartez (“reclamación de determinación de contingencia”).

Edozelan, esan bezala, prozedura ez dago finkaturik eta ezer berririk jakin bezain pronto, helaraziko dizuegu.

Amaitzeko, azaldu dugunez, Dekretuak osasun langileen kutsapenak baino ez ditu kontuan hartu, lanean kutsatu diren beste langile guztiak ahazturik. Eta osasun sektorea bereziki kolpatua izan bada ere, beste hainbat eta hainbat langile hortxe egon dira, lanean eta askotan babesik gabe; honela, esaterako, Correos kutsapen gehien izan duen bigarren sektorea izan da. Sektore feminizatuak ez aipatzeagatik: supermerkatuetako kutxazainak, garbitzaileak, etxeko langileak… Beraz, sektore bakar baten aldarrikapenak kontuan hartzea ez da zilegia egoera bertsuetan egon diren beste sektore eta langile guztiak bazter uzten badira.