Lan eta erresidentzia baimenak 6 hilabetez prorrogaturik
2020/05/20
Krisialdi honetan herritar migranteei begira ez da neurririk bat ere hartu, existituko ez balira bezala, lagun hauek egoera kalteberenean daudela jakinda ere. Ondo dakigunez, botere politiko eta ekonomikoarentzat gure auzokide hauek erabili eta bota daitezkeen baliabideak baino ez dira, ez eskubidedun herritarrak. Eta egoera hau are lazgarriagoa da egoera administratibo irregularrean daudenentzat. Bizilanetik Erregularizazioa orain! aldarrikapenarekin egiten dugu bat, horixe baita migranteek daukaten hasierako oztoporik nagusiena eta sistematik at eta guztiz babesgabe uzteko hartu den erabakia.
Eta guri, europear zurioi ere honelako erabakiek zuzenean jotzen gaituzte, langile kolektibo bat guztiz esplotaturik mantentzeak, esku-lan ezin merkeagorik lortzeko, zeharka, langile guztion eskubideak beherantz jotzen dituelako.
Baina egoera erregularrean daudentzat ere egoera ez da batere samurra izaten ari. Beste artikulu batean azaldu genizuenez, hauei begira hartu den neurri bakarra zenbait izapide atzeratzea izan da, gehienak indarrean egon badira ere. Eta, aurrez aurre ezin izan direnez egin, telematikoki egiteko eskatu zaie, jakinda lagun hauetako askok ez daukatela horretarako bitarteko materialik eta, gainera, hizkera administratibo korapilatsuak galarazten diela izapideak egin ahal izatea.
Maiatzaren 20an argitaratu den Aginduaren bitartez, lan eta erresidentzia baimenak automatikoki prorrogatzea ebatzi da.
Zeintzuk baimen luzatuko dira?
— Aldi baterako lan eta erresidentzia baimenak
— Aldi baterako nortasun txartelak
— Europear Batasuneko herritarren senideen txartelak
— Epe luzeko erresidentziarako nortasun txartelak
Prorrogaren nondik-norakoak
• Alarma egoeran iraungitu edo kadukatu direnak prorrogatuko dira. Hauetaz gain, alarma egoera deklaratu aurreko 90 egunetan iraungiru zirenak ere bai. Hau da, 2019ko abenduaren 15etik aurrera indarraldia galdu zuten baimenak automatikoki prorrogatuko dira.
• Sei hilabetez luzatuko dira.
• Sei hilabete hauek hasiko dira zenbatzen baimena iraungitu zen egunetik aurrera. Hau da, baimenak otsailean galdu bazuen indarraldia, abuztura arte luzatuko da.
• Normala denez, jende askok berrizteko eskaera egin du honezkero. Honek esan nahi du, oraindik erantzunik eman ez badute, automatikoki luzatuko diren horien artean sartuko dela. Hala ere, eskaera eginda badago eta prozedura hasi bada, ebazpena onuragarriagoa bada, ebazpen horrek dioena aplikatuko da luzapen honen gainetik.
• Baimenak edo txartelak berrizteko eskaera berriak edozein momentutan aurkeztu ahal izango dira, prorrogak irauten duen bitartean eta hurrengo 90 egunetan zehar.
Iraunaldi laburreko egonaldiak (90 eguneko baimenak)
Estatu espainolean 90 eguneko baimenarekin egonez gero eta egonaldi hau alarma egoera bitartean amaitu bada, HIRU hilabetez luzatuko da.
Hala ere, ADI! luzatzen den denbora kontuan hartuko da hurrengo batean beste egonaldiren bat eskatuz gero. Gogoratu berez, sei hilabetero, gehienez, 90 egun eman daitezkeela Estatuan. Beraz, hurrengo eskaera egiten denean, Estatuan emandako “soberako” denbora hori kontuan hartu eta egonaldia laburtuko omen da, nahiz eta ez den azaldu zer baldintzatan egin behar duten hori.
Espainiar Estatutik kanpo egonez gero
Estatutik kanpo egonez gero eta txartela edo baimena kadukatu bada, Estatura sartu ahal izango da. Hori bai, ez ahaztu pasaportea edo nortasun dokumentua indarrean egon behar dela. Hau da, atzerritar baimena edo txartela iraungiturik egon daiteke, baina pasaportea edo nortasun agira ez.
Bestetik, ezininezkoa izan bada Estatura itzultzea covid-19 dela eta, denbora tarte hori ez da kontuan hartuko Estatu barruan eman beharreko erresidentzia-denboraren zenbaketarako. Adibidez, iraunaldi luzeko erresidentzia eskatu ahal izateko, Estatuan bost urtez segidan bizi izan dela egiaztatu behar da; hortaz, esaterako, alarma egoerak oporretan harrapatuz gero eta ezinezkoa izan bada bere sasoian itzultzea, hau ez da kontuan hartuko.
Azkenik, bakarrik esan neurri hau askoz lehenago hartu ahal izan zela, hainbat eta hainbat lagun batere segurtasunik gabe egon baitira hilabete hauetan, kanporatuak izan zitekeela beldurrez. Baina, hasieran esan dugun bezala, badirudi gure auzokideak ez direla existitzen, euren lan-indarra ustiatzetik harago.