Ostalaritzarako laguntzak (Nafarroa)

2020/12/01

Pasa den ostiralean, azaroaren 27an, argitaratu ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialean Ostalaritzari begirako laguntzak (70/2020 Ebazpena).

Covid-19 dela-eta hartutako neurriek kaltetutako enpresa txiki eta ertainek eskatu ahal dute. Aurreko laguntzekin konparatuta, hauxe izango litzateke, agian, alde nagusienetako bat: laguntza hauek autonomoentzat baino, enpresentzat daude, oro har, pentsaturik (nahiz eta negozio bat daukaten autonomoek ere eska dezaketen, jakina). Honela, geroago ikusiko dugunez, 25.000 eurotara arteko laguntza jaso liteke, baina autonomo asko eta askori gutxieneko zenbatekoa baino ez zaie egokituko (2.850 euro, alegia).

Konpentsatu nahi diren kalteak ez daude erabaki edo neurri zehatz bati loturik, baizik eta pandemia sasoi honetan hartutako hainbat erabakik eta neurrik sorrarazi dituzten diru-galerei. Laguntzaren helburua gastu finko operatiboak konpentsatzea da. Beraz, aldagai bi hartuko dira kontuan kalkulua egiteko: gastu finko horiek eta fakturazioaren jaitsiera.

Kontua ez da izango guk egiaztatzea zeintzuk izan diren gure gastuak; aitzitik, hainbat portzentaje aplikatuko dira. Portzentaje hauek ezartzeko, deialdian azaltzen denez, sektorearen diru-sarreren eta gastuen egitura hartu omen da aintzat, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuetan oinarriturik.

Hortaz, eskaera bakoitzaren azterketa indibiduala egingo den arren, ez da benetan kontuan hartuko zein den geure egoera zehatza ezta geure gastuak ere; gure azpisektoreari esleitutako portzentaje bat aplikatuko zaigu.

Beste alde batetik, garaiz aurkezten diren eta baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak aztertuko dira (aurrekontu nahikorik dagoen bitartean, jakina). Laguntza hauetara 20 milioi bideratu dira.

Bete beharreko baldintzak:

• Egoitza fiskala eta lan zentroak Nafarroan egon behar dira (2020ko uztaila baino lehenagotik).

• Ostalaritza edo turismoarekin lotutako jardueraren batean aritzea. Sartzen diren epigrafeak kontsultatu ahal dituzu datorren puntuan ekarri dugun taulan.

• 2019 urteko BEZ zergan deklaratutako bolumena ezin izan da izan 6 milioi baino gehiagorik

• BEZ zergan deklaratu den bolumena 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan (hiru hiruhilekoetan), gutxienez %20 txikiago izan behar izan da 2019ko epe berberarekin konparatuz gero.

⇒ Erregimen sinplifikatuan tributatzen duten autonomoen kasuan, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Dekretuan ezarri ziren laguntzak jaso behar izan dituzte:

Laguntzaren zenbatekoa

Gutxienez, 2.850 euro eta, gehienez, 25.000 euro.

— Esan bezala, azterketa indibiduala izango da eta honelaxe ezarriko da zenbatekoa: lehen hiru hiruhilekoen BEZaren zerga-oinarriari portzentaje bat aplikatuko zaio. Jarduera ekonomikoen zergaren (“IAE”ren) epigrafe bakoitzari portzentaje bat ezarri zaio oinarrietan, gastu finkoa islatu nahi omen duena. Hemen daukazu argitaratu den koadroa:

Honekin batera, enpresa bakoitzaren jaitsieraren arabera haztatu edo kalkulatuko da.

  • Salbuespenak:

– 2.850 euroko zenbateko finkoa izango da baldin eta moduloka tributatzen baduzu (eta, lehe esan bezala, aurrekolaguntza ere jaso behar izan duzu).

– Era berean, 2.850 euroko zenbateko finkoa jasoko da, baldin eta jardueraren hasiera data 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko uztailaren 1era bitartekoa bada.

Ordainketa bakarra izango da eta abenduaren 31 baino lehenago jaso beharko da.

Dokumentazioa

Ez da aparteko dokumentaziorik aurkeztu behar, oro har. Izan ere, nahikoa da eskaera egitea eta formularioa betetzea eta administrazioak kontsultatuko ditu datuak eta egingo ditu egin beharreko kalkuluak.

Bestelako dokumentaziorik atxiki beharko balitz, formularioa betetzen dugunean eskatuko digute eta honakoren bat izango litzateke:

– Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren ordainketetan egunean egotearen egiaztagiriak. Hau eskatuko dizute, baldin eta ez baduzu kontsulta automatikoa egiteko baimenik ematen. Bestela, ez da beharrezkoa.

– Gardentasun aitorpena aurkeztu behar dutenek azken urteko kontuen kopia ere aurkeztu behar dute (trankil, autonomo arruntek ez dute hau egin behar, ez baitute 20.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzarik jasoko sekula ere ez).

Eskaera

Eskera epea: 2020ko abenduaren 1etik 2020ko abenduaren 15era

Eskaera internetez egin beharko da derrigor. Izapidearen ORRIALDE HONETATIK.

Zalantzarik badaukazu, hauexek dira kontaktu helbide eta telefonoa:
            ayudasturismoyhosteleria@navarra.es
            Tf: 848 43 33 00 (goizeko 8:30etatik 14:30etara)

Gogoratu eskaera internetez egin ahal izateko honako identifikazio sistemaren bat beharko duzula ezinbestean:

– NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala
– Nafarroako Ogasunaren PINa
– Cl@ve sistema

Cl@ve sistemaren inguruko detaile guztiak honako artikulu honetan dauzkazu: