Asilo eskatzaileek, azkenik, erresidentzia baimena ere eskatu ahal izango dute

2020/09/10

Momentura arte, Estatu espainolarentzat, asilo edo nazioarteko babesa eskatzea eta erresidentzia baimena tramitatzea baterazinak omen ziren. Hau da, pertsona batek asiloa eskatzen bazuen eta, gerora, erresidentzia baimena tramitatzen ahalgiten bazen, edo erresidentzia eskaera atzera botatzen zioten edo errefuxiatutzat hartzeko eskubideari uko egin behar zion.

Asilo eskaera egiten denetik erantzuna jaso arte hiru urte baino gehiago pasa daitezke. Hori dela eta, lagun asko, bipahiru urte pasatuta, errotzeagatiko erresidentzia baimena lortzen saiatzen dira, euren egoera, zelan edo halan, administratiboki erregularizatzeko. Hala ere, migratzaile eta errefuxiatu estatusak ez dira berdinak. Errefuxiatuek nazioarteko babes maila handiagoa izaten dute, euren herrialdeetara itzultzera behartzea (erresidentzia baimena berriztatzen ez zaielako, adibidez) ondorio oso larriak izan ahal dituelako beraientzat, heriotza arriskua barne.

Gai honekin lotuta, datu batzuk eman nahi ditugu: Asilo eskaerak 2019an bikoiztu egin ziren 2018koekin alderatuta: EAEn, 4.826 lagunek eskatu zuten nazioarteko babesa; Nafarroan, 709k, eta Estatu osoan, 118.264k. Hala ere, 3.000 pertsona ingururi baino ez zitzaien babes hau eman Estatu mailan. CEAR erakundeak azaltzen duenez, %5ek baino ez zuten baiezkoa jaso, 2018an baino 20 puntu gutxiago. Europako batezbestekoa, nahikoa ez den arren, %30era heltzen da eta honek argi uzten digu ze errespetu merezi dion Espainiako Estatuari nazioarteko giza eskubide honek.

Honekin batera, hau da, gutxi balitz Estatuak berez ukatzen dituen eskaerak, gainera, arestian azaldu dugun jokabideak hainbat lagun eramaten ditu asilo eskatzeko daukaten eskubideari uko egitera.

Zenbait erakundek behin eta berriz aldarrikatu dute prozedura biak baterazinak izateari uzteko eta, erakunde hauetaz gain, Espainiako Arartekoak ere hala egin du 2017tik. Bada, azkenik, Migrazioen Estatu Idazkariak eskaera honi baiezko erantzuna eman dio.

Oraindik ez da instrukzioa gauzatu; hau da, oraindik ez da idatziz argitu prozedura bi hauek zelan bateratuko diren edo bateragarriak izateko baldintzarik eskatuko ote den. Momentuz, Ministerioaren prentsa oharra baino ez dago eskuragai, baina bertan garrantzitsuena azaltzen da: nazioarteko babesa eskatu duen lagun batek erresidentzia baimena ere eskatzen badu, ez dela behartuta egongo asilo eskaera bertan behera uztera eta erresidentzia baimen hori tramitera onartu beharko dela derrigor. (Kontuz! Tramitera onartzeak ez du esan nahi ezinbestean onartuko denik).

Informazio gehiago daukagunean, helaraziko dizuegu. Gogoratu gure telegran kanalean harpidetuz gero, azken albisteak zuzenean zuen mugikorrean jaso ahal izango dituzuela.

https://t.me/BizilanEus

Momentuz, hemen utziko dizkizuegu Ministerioaren prentsa oharra eta Espainiako Arartekoak egin zion eskaera: