Errotze sozialagatiko erresidentzia

Zer da errotze sozialagatiko erresidentzia?

Aldi baterako erresidentzia baimena da. Baimen hau ematen badizute, izan kontuan urtebete baino ez duela irauten. Denbora hau pasatzen denean, beste baimen bat eskatu beharko duzu.

Errotze sozialagatiko baimena daukazunean lan egin ahal duzu. Baimen hau eskatzeko bisatua ez da beharrezkoa.

Zeintzuk baldintza bete behar dituzu?

– Estatu espainolean gutxienez hiru urtez bizitzen egon zarela egiaztatu behar duzu. Denbora hau segidan izan behar da eta, Estatutik irtenez gero, ezin zara 120 egun baino gehiagoz kanpoan egon izan. Horregatik, beste atal batean gomendatzen dizugu ahalik eta lasterren erroldatzeko. Estatuan bizitzen egon zarela egiaztatzeko dokumentaziorik onena errolda da; hala ere, bestelako dokumentu batzuk ere eman ahal dituzu, hala nola, udalaren dokumentazioa edota osasun publikoarena (kontsulta medikoak, ospitalizazioa).

– Lan kontratua behar duzu. Ez da beharrezkoa aldez aurretik lanean egon izana, baina eskaera egiten duzunean, lan kontratua eduki behar duzu eta kontratu hau gutxienez urtebeterako izan behar da. Gogoratu familia baten etxean lan egiten baduzu, lan kontratua egin behar dizutela (ikus. egoera irregularrean dauden etxeko langileak).

– Estatuan legalki bizi den senideren bat izan behar duzu (gurasoak, bikotekidea, seme-alabak…), migranteak izan ala ez. Bestela, zure gizarteratzea egiaztatzen duen txostena aurkeztu dezakezu. Txosten hau Eusko Jaurlaritzan eskatu behar duzu (informazio telefonoa 012 da; telefono honek ez dauka tarifa berezirik). Nafarroan bizi bazara, udalean eskatu behar duzu gizarteratze txostena. Txosten hau derrigorrez aurkeztu beharko duzu lan kontraturik ez badaukazu, baina bitarteko nahikoak baldin badauzkazu, zeure kontura lan egiten hasiko zarelako, adibidez.

– Informazio gehiago bete beharreko baldintzen eta dokumentazioaren inguruan HEMEN

Nora jo errotze sozialagatiko erresidentzia eskatzeko?

Bizi zaren herrialdeko atzerritarren bulegoan eskatu behar da:

ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 490 (informazioa) 945 759 480 (aldez aurretiko hitzordua)
extranjeria_informacion.alava@correo.gob.es

BIZKAIA:
Gran Vía 50 (Bilbo).
944 509 435 (informazioa) 944 509 434 (aldez aurretiko hitzordua)
oficina_extranjeros.bizkaia@correo.gob.es

GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 (Sarrera Javier de Barkaiztegitik)
943 989 122 (informazioa) 943 989 110 / 943 989 120 (aldez aurretiko hitzordua)
oficina_extranjeros.gipuzkoa@seap.minhap.es

NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri)
948 979 200 (informazioa) 948 979 203 (aldez aurretiko hitzordua)
infoext.navarra@seap.minhap.es

Tasa: eskaera egiten duzunean, tasa bat ordaindu beharko duzu. 10 eguneko epea daukazu hau egiteko. Administrazioak 3 hilabeteko epean erantzun beharko dizu. Erresidentzia ematen badizute, hilabete daukazu atzerritarren identifikazio txartela (TIE) eskatzeko.