Zelan egin izapideak internetez? Cl@ve sistema

2020/11/11

Izapideak online egiteko, hainbat modu egoten dira. Horietako bat NAN elektronikoa izaten da edo, bestela, ziurtagiri digitala. Baina bada beste bide bat, pasahitz iraunkorrak, zein behin-behineko erabiletarako pasahitzak, lortzea ahalbidetzen duena: cl@ve sistema.

Cl@ve sistemak Estatuaren administrazioekin egin beharreko izapideetarako balioko digu, baita Nafarroako Gobernuarekin egin behar ditugunak egiteko ere. Bizilanen seguruenik behin baino gehiagotan ikusi duzu bide hau aipatu dugula eta horrako sarbideak ere eman ditugula. Hala ere, gaur sakonago azaldu nahi dizuegu cl@ve izeneko sistema honi dagokion guztia.

Esan dugunez, Estatuko administraziorekin ez ezik, Nafarroako administrazioarekin izapidak egiteko ere balioko dizu. Jaurlaritzarekin, ordea, NAN elektroniko eta ziurtagiri digitalaz gain, B@kq sistema erabiltzen da, Bizilanen behin baino gehiagotan ikusi duzuen bezala. Delako B@kq hau beste artikulu batean azalduko dugu.

Cl@ve sistemarekin aukera bi dauzkagu: behin-behineko cl@vea erabiltzea (behar dugun guztietan berriztu ahal izango duguna) edo cl@ve iraunkorra erabiltzea (izapideren bat egin behar dugun guztietan erabili ahal izango dugun pasahitza). Ez baduzu internetetik izapide askorik egiten, hobe da lehenbiziko aukera, bigarren aukerarako pasahitza gogoratzea beharrezkoa baita.

Ez da prozedura zaila, baina ez da momentuan lor daitekeen zerbait. Izan ere, pare bat buelta eman behar dira: aldez aurretik erregistratu behar gara eta, gerora, cl@vea tramitatu behar dugu.

1. Aldez aurretik, erregistratu

Sistema hau erabiltzeko, aldez aurretik erregistratu beharra dago. Hau hiru eratan egin daiteke:

— NAN elektronikoaren edo ziurtagiri digitalaren bitartez. Egia esan, bi hauetako baten bat baldin badaukagu, posible dugu, berez, administrazioekiko izapideak egin. Beraz, hau izenpentzen duen honek, behintzat, ez dio balio handirik ikusten beste buelta bat eman behar izateari.

Hala ere, honela egin nahi izanez gero, eskatu ORRIALDE HONETAN erregistratzeko eta aukeratu modu hori:

NAN elektronikoarekin identifikatu eta mugikorrera bidaliko dizute Cl@ave sistemara sartzeko PINa.

— Bulegoetan, aurrez aurre. HEMEN badaukazu bulego bilatzaile bat. Hautatu beheko partean bulegoa behar duzula cl@vea egiteko eta aukeran dauden guztien zerrenda azalduko zaizu. Hori bai, momentu honetan aurrez aurre ez da aproposena.

— Internet bitartez ziurtagiri digitalik edota NAN elektronikorik gabe. Aukera hau da interesgarriena. Hala ere, azalpenetan hasi orduko…

⇒ IZAN KONTUAN EGIAZTAPENERAKO KODE SEGURU BAT BIDALI BEHAR DIZUTELA POSTA ARRUNTAZ eta, hortaz, denboratxo bat emango duela. Hau kontuan hartzekoa da, bereziki, prestazio edo antzeko zerbait eskatu behar baduzu eta epe laburtxoa badaukazu horretarako.

Esan bezala, lehenengo eta behin, kode seguru hori eskatu behar duzu internetez (gonbidapen gutuna deitzen diote horri).

  1. Sartu ORRIALDERA eta egin erregistro eskaera:

Zure datuak sartzen dituzunean azalduko dizute gonbidapen gutuna beharrezkoa dela eta galdetuko dizute ea nahi duzun gutuna bidaltzea. Baietz sakatu eta, lehen esan bezala, posta arruntaz bidaliko dizute egiaztapenerako kode segurua daraman eskutitza.

Bertan azalduko zaizu gakoa (16 zenbaki eta letra larriren segida bat), gazteleraz CSV edo “Código Seguro de Verificación” deritzona. Hau beharko duzu cl@ve erregistroa amaitzeko.

  1. Joan berriro lehengo helbide berera, erregistro eskaera egitera, eta egin pauso berberak.

Hori bai, orain, jakinarazten digutenean gonbidapen gutuna behar dugula, sakatu behar dugu gonbidapen gutuna eduki badaukagula.

Honen segidan, egiaztapenerako kode segurua sartzeko eskatuko digute. 16 zenbaki eta letren gakoa sartu.

Ondoren, telefono mugikorra eta posta elektronikoa eskatuko dizkizute eta konfirmazio mezua bidaliko dizute.

Gogoratu hau aldez aurretiko erregistroa baino ez dela. Behin erregistraturik, nahi duzun cl@vea eskatu beharko duzu: behin-behineko cl@vea edo cl@ve iraunkorra.

2. Cl@vea eskatu

Cl@vea eskatzeko, egin nahi dugun izapidearen orrialdetik bertatik egin dezakegu.

Adibidez, demagun Nafarroako laguntzak eskatu nahi ditugula ERTEak osatzeko. Nafarroako Gobernuaren orrialdetik (edo Bizilanen orrialdetik) izapidearen tramitera sartzen garenean, honelako orrialde bat agertuko zaigu:

Bertan, cl@vea aukeratuz gero:

Ikusten duzuenez, hortxe agertzen zaizkigu aukera biak: PIN cl@vea edo cl@ve iraunkorra nahi ote dugun, alegia.

Bide berbera jarraitu beharko dugu Estatuko administrazioarekin edozein izapide egin nahi badugu. Baliteke aldez aurretik erregistro elektronikoaren beste orrialde bat azaltzea edo guk geure izapidea egiteko zuzenean erregistro elektronikora jotzea:

Edozelan, identifikatzeko eskatzen dugunean, oraintxe ikusi dugun orrialdea zabalduko zaigu berdin-berdin, nahi dugun cl@ave metodoa aukera dezagun.

Lehen abisatu bezala, ez da prozedura zaila, baina bai luzetxoa, oraindik behin-behineko cl@vea edo cl@ve iraunkorra aukeratu behar dugulako eta erabili ahal izateko gakoak lortu:

2.1. Behin-behineko cl@vea (PIN cl@vea)

PINa lortzen dugunean, behin baino ezin izango dugu erabili. Hala ere, honezkero sisteman erregistraturik gaudenez, beste izapide bat egin nahi dugunean, PIN berria eskatu baino ez dugu egin beharko.

⇒ KONTUZ! Izapidea egiten ari garen bitartean, egoitza elektronikotik deskonektatzen bazara edo nabigatzailea ixten baduzu, PIN Cl@ve honek baliagarria izateari utziko dio eta beste PIN bat eskatu beharko duzu.

Aipatutako PIN hau modu bitan lor dezakezu, SMSz edo Zerga Agentziaren APP bitartez. APP hau hemendik jaitsi ahal duzu:
            App store
            Google play

Gure datuak behin sartuta, PINa mugikorraren aplikaziora edo SMSra bidaliko digute.

Edozelan, PINa lortzeko prozedura osoa ORRIALDE HONETAN zehazkiago azalduta daukazue. Eta Zerga Agentziaren ORRIALDE HONETAN ere bai.

2.2. Cl@ve iraunkorra

Cl@ave iraunkorrarekin, lehen esan bezala, pasahitza behin baino gehiagotan erabili ahal izango dugu. Horretarako, lehenengo eta behin pasahitz hori lortu beharko dugu edo, bestela esanda, erabiltzailea aktibatu beharko dugu. Hau ORRIALDE HONETATIK egin dezakegu.

“Código de activación” eskatzen digun horretan erregistratu ginenean bidali ziguten gakoa sartu behar dugu (gogoratu, gutun arruntaz bidali ziguten 16 letra eta zenbakidun berifikaziorako kode segurua edo CSV).

Datu horiek sartzen ditugunean, SMS bat bidaliko digute zenbaki batekin eta zenbaki hori sisteman sartzeko eskatuko digu. Dena bete dugunean, pasahitza aukeratu ahal izango dugu.

Gerora, egin nahi dugun izapidearen orrialdera sartzen garenean eta cl@ve iraunkorraz identifikatzeko eskatzen dugunean, honelako orrialde bat azalduko zaigu. Lortu dugun pasahitz horrekin eta gure NAN zenbakiarekin egin ahal izango ditugu izapideak ordutik aurrera.:

Informazio gehiago ondoko orrialde hauetan kontsulta dezakezu:

Cl@ve
Erregistroa
PIN cl@vea
Cl@ve iraunkorra