Baja parteak administrazioak komunikatuko ditu zuzenean

2023/02/14

— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren II. Tituluko V. Kapitulua (aldi baterako ezintasuna)
— 1060/2022 Dekretua, aldi baterako ezintasun prozesuen kudeaketa eta kontrola arautzen duen 625/2014 dekretua moldatzen duena (urtarrilaren 5ean BOEn argitaratua)
— ISM/2/2023 Agindua (urtarrilaren 13an BOEn argitaratua)
— ISM/2/2023 Aginduaren akatsen zuzenketa, (urtarrilaren 28ko BOEn argitaratua)

 

2023ko apiriletik aurrera ez da beharrezkoa izango baja parteak enpresari ematea. Hau da, langileok ez dizkiogu enpresari ez baja, ez berrespen, ez alta parteak paperean aurkeztu beharko, administrazioak telematikoki eta zuzenean egingo du eta.

625/2014 Dekretuak hainbat aldaketa sartu zituen aldi baterako ezintasunak kudeatzeko orduan eta, 2015eko abendutik aurrera, bajak lau multzotan banatu ziren iraupenaren arabera: iraupen oso laburreko, laburreko, ertaineko eta luzeko bajak. Honekin batera, berrespen parteen maiztasuna ere aldatu zen. Momentura arte, edozein bajatan, astero joan behar ginen berrespen partearen bila. Sistema berriaren aipagarriena zera da, medikua behartuta dagoela gure gaixotasuna horietako batean sartzera eta, hortaz, lehenbiziko azterketatik, zenbat denboraz egongo garen bajan aurreikustera.

 

Baja motak, iraupenaren arabera

Gogora dezagun, 2015etik aurrera ze nolako bajak eman ahal dizkigun medikuak, iraupenaren arabera eta noizero jaso behar ditugun berrespen parteak. Honek guztiak Gizarte Segurantzari zein mutualitateei eragiten die.

  • Iraupen oso laburreko bajak: bost egunetik beherakoak. Kasu honetan medikuak baja eta alta parteak batera emango dizkigu. Hala ere, langileak beste azterketa mediko bat eskatu ahal du eta, medikuak ikusten badu ez dela osatu, bajaren berrespen partea eman dezake.
  • Iraupen laburreko bajak: 5-30 egun bitartekoak. Baja hauetan lehen berrespen partea zazpi egunetara egingo da eta, honen ostean, bi astetan behin. 5 egun baino gehiagoko baja guztietan adierazi beharko da noiz joan behar garen berriro medikuarengana azterketa egitera, hau da iraupen laburreko, ertaineko eta luzeko baja guztietan.
  • Iraupen ertaineko bajak: 31 eta 60 egun bitartekoak. Lehen berrespen partea 7 egunen buruan eta hurrengoak 28 egunetan behin.
  • Iraupen luzeko bajak: 61 egun baino gehiagokoak. Lehen berrespen partea 14 egunetara eta hurrengoak 35 egunetan behin.

Ikusten duzuenez, legeak ondo zehatz markatzen du noizero joan behar garen hurrengo azterketa medikoak egitera (eta, gaixorik jarraitzen badugu, berrespen partea jasotzera). Medikuari eskumena ematen zaio lehenago deitzeko, baina sekula ez beranduago.

Esan beharra dago, oro har, administrazioarentzat, langileok zein familia medikuak susmagarriak izaten omen garela, kontrolatu beharreko gezurti eta iruzurgileak, antza. Hemerotekak honelako adierazpen politikoz beterik daude. Askoz garrantzitsuagoa da enpresen “lehiakortasuna” zaintzea eta absentismoa “borrokatzea”, gure lan baldintzek zelan eragiten diguten eta gure enpleguek zelan gaixotzen gaituzten aztertzea eta horretaz arduratzea baino.

 

Parteak ez dizkiogu honezkero guk geuk enpresari helarazi beharko

Artikulu hasieran esan dugun bezala, 2023ko urtarrilean hainbat moldaketa egin dira, hilaren 5ean BOEn argitaratutako 1060/2022 Dekretuaren bitartez.

Aipagarriena, jakina, hauxe da, apiriletik aurrera ez dizkiogula enpresari parteak helarazi beharko. Lehen, medikuak baja edo berrespen parte bi ematen zizkigun, ale bat guretzat eta beste alea enpresarentzat. Orain bakarra emango digu, enpresari administrazioak berak jakinaraziko baitio zuzenean eta telematikoki. Hau da, Osakidetzak/Osaunbideak edo mutualitateak Gizarte Segurantzaren Institutuari bidaliko dio eta azken honek enpresari.

 
Azterketa medikoetara joateko beharra

Legean ez ezik, geroxeago aurkituko dituzuen parteetan ere, azterketa medikoetara joateko beharra nabarmentzen da (hau ez da kontu berria). Bestela, behar bezala justifikatu barik, azterketetara huts egiten badugu, zuzenean alta eman diezagukete (ESS/1187/2015 Aginduaren 4.2 artikulua) eta prestazioa eten (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 175.3 artikulua).

Adi honekin! Batez ere zure baja gertakizun profesionalengatik bada eta, hortaz, mutualitatea arduratzen bada zure gaixotasunaren kontrolaz. Badakizuenez, mutualitateak patronalaren menpeko enpresak dira eta, zoritxarrez, gehienetan, euren kezka nagusiena ez da izaten langileen osasuna zaintzea.

 
365 egun baino gehiago bajan emanez gero

Aldi baterako ezintasun egoerak, gehienez, 365 egun iraun lezake. Denbora hau pasaturik, prozesuaren kontrola Gizarte Segurantzaren Institutuaren esku geldituko da. Hauxe arduratuko da, bere ikuskatzaile medikoen bitartez, alta emateaz edo baja luzatzeaz. Honek ez du esan nahi Osakidetza/Osasunbidea edo mutualitatearen trataera etengo denik; hala ere, zure medikuak ez du berrespen parte gehiagorik edo altarik emango; eskumena Gizarte Segurantzaren Institutuak izango du hortik aurrera.

Honelakoetan, hiru gauza gerta litezke:

  • alta ematea
    • baja 180 egunez luzatzea (sendatzeko aukera dagoela aurreikusiz gero)
    ezintasun iraunkorra aitortzeko izapideetan hastea

Honetaz guztiaz gehiago jakin nahi baduzu, hala nola zer egin alta ematen badizute eta ados ez bazaude, edo ezintasun iraunkor mota ezberdinen inguruan, bota begirada bat hurrengo artikulu hauei:

Baja eta alta parteak, berrespen parteak

Amaitzeko, hemen utziko dizkizuegu alta eta baja zein berrespen parteen eredu berrituak (ISM/2/2023 Aginduaren akatsen zuzenketa). Irudietan sakaturik, handitu egingo zaizkizue.

 

 

 

 

 

Alta/baja partea.
PDFa jaitsi nahi baduzue, HEMENDIXETIK

 

 

 

 

Berrespen partea
PDFa jaitsi nahi baduzue, HEMENDIXETIK