Egun naturalak, baliodunak, baliogabeak eta lan egunak

2020/09/18
2021/11/19an eguneratua

Termino hauek guztiak seguruenik irakurri dituzu behin baino gehiagotan: hitzarmenetan, esaterako, ordaindutako baimenen edo oporren inguruan; edozein kudeaketa egiteko, dokumentazio aurkezteko edo eskaera egiteko, administrazioak ematen dituen epeetan eta abar. Beraz, ez da huskeria egun mota hauen guztien arteko aldea ondo ezagutzea.

Egun naturalak

Egun naturalak urteko egun guztiak dira, 365ak, alegia. Ez da bereizten jai egunak diren ala ez, edo lan egiten dugun ala ez.

Adibidez, gaur, irailak 18 dituela, 15 egun naturaleko epea eman badizute, epe hau urriaren 3an amaituko litzateke.

Egun baliodunak eta baliogabeak

Egun baliodunak astelehenetik ostiralera artekoak dira. Larunbatak, igandeak eta jai egunak, hortaz, egun baliogabeak dira.

39/2015 Legea indarrean hasi arte, larunbatak egun baliodunak ziren, administrazioari zegokionez eta, hortaz, astelehenetik larunbatera zenbatu behar zen. Gaur egun, ordea, larunbatak baliogabeak dira.

Adibidez, gaur, irailak 18 dituela, 15 egun balioduneko epea eman badizute, epe hau urriaren 9an amaituko litzateke.

Lan egunak eta jai egunak

Berbak adierazten duen bezala, egun hauek lan egitekoak dira. Igandeak eta jai-egunak ez dira lan eguntzat hartzen; hala ere, larunbatak lan egunak izan daitezke ala ez, baina hori enpresa edo sektorearen arabera izango da, hau da, segun eta hitzarmenak zer ezartzen duen.

Baina, jakina, enpresa eta sektore askotan ez da gelditzen igandea edo jai eguna izateagatik. Zer gertatzen da honelako kasuetan? Erreferenztia nagusia lan hitzarmena izango da beti; hala ere, gutxienekoak lan jardunaldia arautzen duen 2001/1983 Dekretuak ezartzen ditu:

44. artikulua:
“Los trabajadores tendrán derecho a un descanso mínimo semanal de día y medio ininterrumpido que, como regla general, comprenderá la tarde del sábado o, en su caso, la mañana del lunes y el día completo del domingo. Todo ello sin perjuicio de que por disposición legal, convenio colectivo, contrato de trabajo o permiso expreso de la autoridad competente se regule otro régimen de descanso laboral para actividades concretas.”

Honela, ostalaritza bezalako sektoreetan asteko atsedenaldiak ez dira igandean izaten, baizik eta, normalean, aste hasieran.

47 artikulua.
“Cuando, excepcionalmente y por razones técnicas u organizativas, no se pudiera disfrutar el día de fiesta correspondiente o, en su caso, de descanso semanal, la empresa vendrá obligada a abonar al trabador, además de los salarios correspondientes a la semana, el importe de las horas trabajadas en el día festivo o en el período de descanso semanal, incrementadas en un 75 por 100, como mínimo, salvo descanso compensatorio.”

Azken artikulu honetan salbuespenezko kasuetan zelan jokatu behar den azaltzen da, baina posible da askotan aldez aurretik jakitea lan egutegiaren arabera urte horretan hainbat jai egunetan lan egitea tokatuko zaigula. Kasu hauetarako ere hitzarmena kontsultatu behar da, konpentsazioak ezberdinak izan daitezkeelako: gehiago kobra genezake, trukean atseden egunak izan genitzake edo sistema mistoa izan liteke.

Egunen edo epeen zenbaketa administrazioan

Arestian aipatu dugun 39/2015 Legeak honako zehaztasunak dakartza, besteak beste:

• Legeak bestelakorik ezarri ezean, epeetarako ematen diren egunak, egun baliodunak izango dira (hau da, larunbat, igande eta jai-egunak aintzat hartu barik). Legeak zehazten duenez, egun naturaletan zenbatu behar balitz, espreski adierazi beharko litzateke. Edozelan, edozein epe ematen dela, beti adierazi ohi da ze egun motatan zenbatu behar den epe hori.

• Egun bat baliogabea balitz interesdunaren udalerrian edo erkideagoan eta administrazio organuaren egoitza dagoen tokian, ordea, balioduna balitz, edo alderantziz, edozein kasutan baliogabetzat joko da.

• Hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasten da epea. Lehen eman dugun adibidearen arabera (15 egun baliodun zenbatzea gaurtik aurrera, alegia), gaur ostirala denez, hurrengo astelehena, hilaren 21a, izan da zenbatu dugun lehen baliodun eguna, eta hortik aurrera urriaren 9ra arte.

Lan egutegiak

Azkenik, Estatuaren Administrazio Orokorrak urtero argitaratzen du BOEn egun baliogabeen egutegia epe administratiboei begira (Estatu osoari zein erkidego bakoitzari dagozkion egunekin).

Bestetik, Erkidegoetako Administrazioek ere urtero argitaratzen dituzte jai-egunen egutegiak euren buletin ofizialetan. Hemen dauzkazue EAE eta Nafarroako 2021eko egutegiak:

Beste artikulu honetan lan egutegiaz askoz gehiago azalduta daukazue: enpresa barruan jakin beharreko kontu garrantzitsuak, herrialde bakoitzeko jaiak zehaztuta, enpresako txandak eta egun libreak apuntatu ahal izateko kartelerak PDFz etab.: