2023ko lan egutegia

2022/10/25

 

Artikulu honetan, datorren urteko jaiak eta egutegia emateaz gain, enpresa barruan lan egutegiaz jakin beharreko zenbait puntu garrantzitsu ere azalduko dizkizuegu.

 

2023ko jai egunak

Urtero argitaratzen dira BOEn hurrengo urteko jai egunak. Madrilen ezartzen diren jai horietatik, zenbait erkidego guztietan errespetatu beharrekoak dira; hala ere, egun batzuk erkidegoek alda edo truka ditzakete eta beste jai batzuekin ordezkatu.

Urriaren 14an argitaratu dira zeintzuk jai egun izango diren Estatuan 2022rako . Orotara, 14 jai egun izango dira (2022an beste) eta honelaxe daude bereizturik:

  • 8 jai egun, Estatu osoan derrigor bete behar direnak

— Apirilak 7 (ostirala): Ostiral Santua
— Maiatzak 1 (astelehena): Maiatzaren Lehena
— Abuztuak 15 (asteartea): Ama Birjinaren Jasokundea
— Urriak 12 (osteguna): Espainiako jaia
— Azaroak 1 (asteazkena): Domu Santua
— Abenduak 6 (asteazkena): Konstituzio eguna
— Abenduak 8 (ostirala): Sortzez Garbiaren eguna
— Abenduak 25 (astelehena): Gabon eguna

  • 4 jai egun, erkidego autonomikoek ordezka ditzaketenak (zerrendan bost jai azaltzen dira, ohiko bi jai egun igandean izango direlako, baina erkidegoek 4 jai baino ezin dituzte aukeratu; hauek Estatuak proposatzen dituenak izan daitezke, edo erkidegoan ohikoak direnekin ordezka daitezke)

— Urtarrilak 2 (astelehena): Urte Berri eguna, urtarrilaren 1a igandean izango da eta
— Urtarrilak 6 (ostirala): Errege eguna
— Martxoak 20 (astelehena): San Jose eguna, martxoaren 19a igandean izango da eta
— Apirilak 6 (osteguna): Ostegun Santua
— Uztailak 25 (asteartea): Done Jakue eguna

  • Tokian tokiko jai bi

Urtean zehar tokian tokiko jai bi hartu ahal izango dira. Hauek herrialdeko jai eguna eta herriko jai eguna izaten dira.

 

Bai Nafarroan, bai EAEn aukerazko 4 jai berberak izango ditugu 2023an. Honako hauek dira, beraz, erkidego mailakoak zein herrialde mailakoak:

Nafarroan urtarrilaren 6a (Errege eguna), apirilaren 6a (Ostegun Santua), apirilaren 10a (Pazko Astelehena) eta uztailaren 25a (Done Jakue eguna). Herrialdeko jaia: abenduak 4, San Frantzisko Xabier, abenduaren 3a igandean izango da eta -gogoratu abenduaren 3a Euskararen Eguna ere badela-.
EAEn urtarrilaren 6a (Errege eguna), apirilaren 6a (Ostegun Santua), apirilaren 10a (Pazko Astelehena) eta uztailaren 25a (Done Jakue eguna).
Bizkaia: herrialdeko jaia, uztailak 31 (San Ignazio Loiolakoa)
Gipuzkoa: herrialdeko jaia, uztailak 31 (San Ignazio Loiolakoa)
Araba: herrialdeko jaia, apirilak 28 (San Prudentzio)

Hortaz, hauexek izango lirateke Hego Euskal Herriko jaiak:

  • Urtarrilak 6 (ostirala): Hegoalde osoan
  • Apirilak 6 (osteguna): Hegoalde osoan
  • Apirilak 7 (ostirala): Hegoalde osoan
  • Apirilak 10: (astelehena): Hegoalde osoan
  • Apirilak 28 (ostirala): ARABAN
  • Maiatzak 1 (astelehena): Hegoalde osoan
  • Uztailak 25 (asteartea): Hegoalde osoan
  • Uztailak 31 (astelehena): BIZKAIAN eta GIPUZKOAN
  • Abuztuak 15 (asteartea): Hegoalde osoan
  • Urriak 12 (osteguna): Hegoalde osoan
  • Azaroak 1 (asteazkena): Hegoalde osoan
  • Abenduak 4 (astelehena): NAFARROAN
  • Abenduak 6 (asteazkena): Hegoalde osoan
  • Abenduak 8 (ostirala): Hegoalde osoan
  • Abenduak 25 (astelehena): Hegoalde osoan

Jai egun hauei herriko jai eguna gehitu behar zaie. EAEko herri bakoitzeko jai egunak ondoko lotura hauetan kontsulta ditzakezue; Nafarroakoak, ordea, oraindik ez daude argitaraturik, baina udaletako jai egunak, normalean, ez dira aldatzen:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA

Orrialdearen beheko partean egutegi eta kartelerak jaitsi ahal izango dituzue PDF formatuan.

 

Jai iraingarririk ez

Urtez urte, lan egutegiarekin batera, hainbat jai inposatzen zaizkigu, ezinbestez ospatu beharrekoak eta euskal langileriarentzat iraingarriak direnak.

            • Urriaren 12a, gaur egun Espainiako jai nazionaltzat jotzen dena eta aurretiaz Hispanitatearen jaia edo Arrazaren eguna izan zena. Jai honek gure herriaren eta gure eskubideen gainetik hispanitate horren inposaketa suposatzen du. Eta, honetaz gain, Inperio espainiarrak gurutzearen eta ezpataren izenean Latinoamerikako herrietan egindako sarraski guztiak ospatzea ere bai: genozidioa, baliabide ustiaketa, hizkuntza eta kultura akatzea…

            • Abenduak 6, Konstituzio eguna. Hegoaldeko herritarroi gure eskubideak ukatzen dizkigun lege-markoa ospatzea adierazten du. Autodeterminazio eskubidea galarazten diguna, hain zuzen ere.

Egun hauek, jakina, ez dira jai ez Bizilanentzat, ez LAB sindikatuarentzat. Eta guretzat ez diren bezala, hainbat enpresetan ere ez. Negoziazio kolektiboaren bitartez posible baita, bultzatu eta lortu izan dugun bezala, jai egun horiek beste batzuekin ordezkatzea.

 

Lan egutegia enpresan

Lan egutegiaren inguruko arautegia honakoetan aurkituko dugu, besteak beste:

• Langileen Estatutuaren 34.6 artikulua: Bertan egutegia urtero egin beharra eta leku ikusgarrian jarri beharra adierazten da
• 1561/1995 Dekretua, Hirugarren Xedapen Gehigarrian: Langileen ordezkarien parte hartzea lan egutegian
• 5/2000 Dekretuaren 6.1. artikulua eta 40 artikulua: Arau hausteak eta zehapenak
• Hitzarmen kolektiboa. Negoziazio kolektiboaz askotan lan egutegiaren inguruko hainbat puntu adosten dira, sektorean edo enpresan bete beharrekoak direnak.

 

Lan egutegian honako hau islatu behar da: lan jardunaldia, atseden egunak, jai egunak eta oporraldia. Honetaz gain, jardunaldien banaketa irregularra ere azaldu beharko litzateke, hitzarmenak ezartzen duena errespetaturik.

Enpresak urtero egin behar du lan egutegia. Ze epetan izan behar den, normalean hitzarmen kolektiboak adierazten du. Izan liteke, esaterako, hilabeteko tartea egotea administrazioek jai egunak argitaratzen dituztenetik edo adostu den edozein epe.  

Egutegia egin baino  lehen, langileen ordezkaritzari kontsultatu behar dio. Honetaz gain, langileen ordezkaritzak aldez aurretiko txostena eman ahal dio enpresari. Txosten hau loteslea ez bada ere, bertan adierazi behar da enpresak urteko jardunaldia, atseden denborak, jai egunak eta zubiak eta abar betetzen ote dituen.

Enpresak lan egutegia ordezkaritzarekin kontsultatu barik egingo balu, egutegia baliogabetzat jo liteke eta zehapena jaso lezake Lan Ikuskaritzaren aldetik. Era berean, txostena loteslea ez bada ere, erabilgarria izango litzaiguke balizko erreklamazioren bat sartu beharko bagenu.

Adostasunarekin edo adostasunik gabe, egutegia langileen bistan egon behar da (normalean informazio paneletan eskegitzen da). Hau lan zentro guztietan egin behar da eta, beharrezkoa balitz, enpresan dauden sail ezberdinetan. Enpresak eta langileen ordezkariek sinatuta egon behar da. Esan bezala, langileen ordezkaritzak kontrolatu behar du egutegian islatzen den horrek legeak eta hitzarmenak ezartzen dutena betetzen ote duen eta errespetatu egiten ote duen. Izan ere, lan baldintzen aldaketa substantziala ekar lezake egutegiak, behin baino gehiagotan gertatzen den bezala.