ERTEen luzapena V
2021/06/01
11/2021 Dekretua, maiatzaren 28an BOEn argitaratua
Izurritearekin batera martxan jarri ziren enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteen bosgarren luzapena da hau, laugarrena maiatzaren 27an amaitu behar zen eta. Honela, indarrean egon ahal izango dira irailaren 30era arte. Dekretu hau aurrekoaren termino oso antzekoetan adostu da. Berritasunetako bat, halere, aldizkako finkoen egoerari dagokio: lanean egon beharko liratekeenak, lanera itzuli beharko dira edo, bestela, espediente bat tramitatu beharko da, baina ezin izango dute, zelanbait esateko, “linboan” jarraitu.
Ezinbesteko kausengatiko espedienteak
Gazteleraz “fuerza mayor” deitzen diren horiek, alegia.
8/2020 Dekretuaren 22. artikuluaren arabera tramitatu ziren ezinbesteko kausengatiko espedienteak irailaren 30era arte luzatuko dira automatikoki.
Jardueraren eragozpenagatik edo mugapenagatiko espedienteak
Bestetik, gogora dezagun jardueraren eragozpenagatik edo mugapenagatiko espedienteak hirugarren luzapenean sortu zirela. Artikulu honetan zabalago azalduta daukazue, baina, laburbildurik, honetan dautza:
– Jardueraren eragozpenagatiko espedienteak: administrazioek –Estatukoek zein Estatuz gaindikoek- enpresaren jarduera eragozten duen neurririk hartuz gero, enpresek honelako espediente bat tramitatu ahal izan dute, baldin eta neurri horiek euren lantokiren bati eragiten bazioten. Edozein sektore edo jardueratakoak izan zitezkeen enpresa hauek. Hau urriaren 1etik aurrera hasi zen indarrean eta, orain, martxan dauden honelako espedienteak irailaren 30era arte luzatu ahal izango dira.
Kotizazio salbuespenak ekainetik irailera:
– 50 langiletik beherako enpresak: %100
– 50 langiletik gorako enpresak: %90
– Jardueraren mugapenagatiko espedienteak: Estatuko administrazioek enpresaren baten jarduera arrunta mugatzen zuen neurririk hartu edo hartzen bazuten, enpresa horiek kaltetutako lan zentroetan honelako espediente bat martxan jarri ahal izan zuten. Espediente hauek irailaen 30era arte luzatu ahal izango dira.
Kotizazio salbuespenak:
– 50 langiletik beherako enpresak:
Ekainean, 85%.
Uztailean, 85%.
Abuztuan, 75%.
Irailean, 75%.
– 50 langiletik gorako enpresak:
Ekainean, 75%.
Uztailean, 75%.
Abuztuan, 65%.
Irailean, 65%.
Luzapenaz gain, enpresek 2021eko ekainaren 1etik irailaren 30era arte eragozpen edo mugapen espediente berriak tramitatu ahal izango dituzte, baldin eta agintaritzak hartutako osasun neurriek euren jardueran eragiten badute. Hau 30/2020 Dekretuaren 2. artikuluak jasotzen dituen terminoetan izan beharko da.
Gogora dezagun espediente hauetarako Lan Agintaritzaren baimena beharrezkoa dela eta, honetaz gain, enpresak langileen ordezkaritza informatu behar duela.
Honelako espediente batean dauden enpresak (eragozpenagatiko espedientean edo mugapenagatiko espedientean, alegia) espediente mota aldatu ahal izango dute, eragozpen espedientetik mugapen espedientera edo alderantziz. Honetarako ez da beharrezkoa izango espediente berri bat tramitatzea. Hala ere, esan bezala, Lan Agintaritzari eta langileen ordezkaritzari jakinarazi beharko diete. Hau da, administrazioek osasun neurriak aldatzen badituzte, posible izango da espediente mota batetik bestera pasatzea, aldaketa behin komunikaturik.
Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteak
Arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntza edo ekoizpenagatiko espedienteak, gaztelerazko ETOP
Irailaren 30era arte, covid-19arekin lotuta, arrazoi ekonomikoengatiko espedienteren bat martxan jarriz gero, 30/2020 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuko zaio. Eta, hortaz, prozedura 8/2020 Dekretuaren 23. artikuluaren arabera izango da.
Dakizuenez, ezinbesteko kausengatiko espedienteetan ez bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak ordezkaritza sindikalarekin negoziatu behar dira (kontsulta epealdia deritzona). Honen inguruko guztia azalduta daukazue ERTEak galde-erantzunak artikuluan eta ERTEen luzapena I artikuluetan.
Aurretiaz ezarri zen bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTE bat tramitatu ahal izango da ezinbesteko kausengatiko ERTE batean gauden bitartean. Hau da, ez da beharrezkoa ezinbesteko kausengatiko espedientea amaitzea besteari hasiera emateko; zelanbait esateko, kateatu ahal dira.
Honezkero arrazoi ekonomikoengatiko ERTE baten barruan bazaudete, ERTEaren amaiera data izan beharko da espedienteak dakarrena. Hala ere, luzatu ahal izango da, baina, horretarako, aldez aurretik, kontsulta epealdi berri bati ekin beharko zaio eta akordiora heldu beharko da. Laburbilduz, ERTEa luzatu ahal izateko, adostasuna egon behar da.
Enpresei mugapenak eta kaleratzeen “debekua”
Puntu bi hauek ere irailaren 30era arte luzatuko dira.
Gogora dezagun zeintzuk diren, besteak beste, mugapen horiek: batetik, paradisu fiskaletan dauden enpresek ezin dutela ezinbesteko kausengatiko espedienterik martxan jarri (izan kontuan jardueraren eragozpen edo mugapenagatiko espedienteak ere ezinbesteko kausengatiko espedienteak direla) eta, bestetik, kotizazioetan salbuetsita dauden 50 langiletik gorako enpresek ezin dutela dibidendurik banatu.
Enpleguaren babesari dagokionez, dekretu berri honek berriro luzatu du 30/2020 Dekretua (hirugarren luzapena ekarri zuen dekretua, alegia), hau da, Gizarte Segurantzako kuotetan salbuespenak jasotzen dituzten enpresek sei hilabete gehiagoz hartu beharko dute kaleratzerik ez egiteko konpromisoa.
Hortaz, enpresa lehenagotik horrelako konpromiso bat hartua balu, sei hilabeteko beste epealdi bat hasiko litzateke zenbatzen, baina beti ere aurreko epealdia behin amaituta.
Beste gai batzuk ere luzatu dira, hala nola aparteko orduak, kontratu berriak edo jardueraren kanporaketak ezin egitea edota aldi baterako kontratuen iraunaldia eten behar izatea. Hau guztia zabalgo azalduta daukazu 30/2020 dekretua azaltzen duen ERTEen luzapena III artikuluan.
Aldi baterako kontratuak
Neurri hau ere luzatu da. Hau da, aldi baterako kontratu batekin baldin bagaude eta enpresaren jarduna eteten bada, gure kontratuaren iraunaldia ere eten beharko litzateke. Honek esan nahi du gure kontratua hiru hilabetekoa bazen eta hilabetez baino ez badugu lanik egin, enpresa berriro bere jarduerara itzultzen denean, geratzen zaizkigun bi hilabete horietan lan egin beharko genukeela. Edozelan, neurri honek ere ez gaitu kaleratzeetatik babesten, honezkero hainbatetan gertatu den bezala.
Langabezia
Covid-19agatik ezinbesteko kausengatiko espedienteetan dauden langileek langabeziaren aparteko prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baita kotizazio nahikorik ez badaukate ere. Hau da, aurreko neurriak indarrean iraungo du.
Prestazioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen %70 izango da denbora osoan zehar.
Langabezia 2020ko irailaren 30etik aurrera “kontsumitzen” hasi zen. Salbuespen bi daude. Hauetan kontadorea “zerora” itzuliko da, hau da, ez da kontsumituko:
• 2026ko urriaren 1etik aurrera hasten diren prestazio berrietan
• 2022ko urtarrila baino lehen eskatzen diren prestazio berrietan, beti ere arrazoia honako hau bada:
– Aldi baterako kontratuen amaiera
– Kaleratze indibidual edo kolektiboak arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoengatik (gaztelerazko “ETOP”)
– Kaleratze bidegabeak
Aldizkako finkoak
Hasieran esan dugunez, hauxe da azken dekretu honek dakarren berritasuna (aurreko puntuetan kontatu duguna, detaileren bat gorabehera, aurretiaz ezarritakoaren luzapenak baino ez dira). Hirugarren Xedapen Gehigarrian aurkituko duzue.
Izan ere, aurreko dekretuek langile hauek ez deitzeko aukera ematen zuten eta, hortaz, langile hauek “linbo” moduko batean egoten ziren: enpresak ez zituen deitzen lanean hasteko, baina ez zeuden espediente batean sartuta.
Honela, enpresek aldizkako langile finkoak (edo data zehatzetan errepikatzen diren lan finko eta aldizkakoak egiten dituzten langileak) lanera efektiboki sartu beharko dituzte teorikoki deituak izan behar diren epean. Epe hau zein den jakiteko, kontuan hartuko da 2019ko ekainaren 1etik irailaren 30era artean pertsona hauek egin zuten lan efektiboa.
2019ko irailaren 30 ondoren kontratatuak izan ziren pertsonentzat 2020ko ekainaren 1etik irailaren 30era artean egindako lan efektiboa hartuko da kontuan.
Indarrean jarritako osasun neurriak direla eta, langile hauek ezingo balira lanera berriro itzuli, indarrean dauden ERTEetan -edo lan agintaritzak onartzen duen ERTE berri batean- sartu beharko dira eta espedientean egon beharko dira, harik eta lanean hasi arte edo, bestela, erreferentziazko lan efektiboaren epea (arestian aipatutakoa) amaitu arte.
Enpresek 15 egun izango dituzte pertsona hauen espedientean sartzeko eta langabezia prestazioak tramitatzeko.
Aldizkako kontratu finkoa daukaten (edo data zehatzetan errepikatzen diren lan finko eta aldizkakoak egiten dituzten) langileentzako aparteko prestazioa ere irailaren 30era arte luzatu da. Hala ere, hau bakarrik aplikatuko da langilea ez bada deitua izan behar ekainaren 1etik irailaren 30era, hau da, aldizka egiten duen lana beste sasoi batean izaten bada.