Nahitaezko eszedentziak funtzio publikoan

2020/05/22

Sektore pribatuko nahitaezko eszedentzia kargu publiko edo sindikalak betetzeko edo betebehar publikoak egiteko bada ere, funtzionarioen nahitezko eszedentzia figura ezberdina da eta beste egoera batzuetarako erabiltzen da.

Eszedentzia hau ez du langileak eskatzen; Administrazioa da langileari, hainbat arrazoirengatik, ezartzen diona. Arrazoi eta kasu hauek, gainera, ez dira berberak administrazio guztietan eta aldeak badaude Estatuko, EAEko edo Nafarroako administrazioen artean.

Estatuko funtzionarioak (365/1995 Dekretua)

Nahitezko eszedentzia 365/1995 Dekretuaren 13. artikuluan dago arauturik. Arrazoi birengatik deklaratu ahal da futzionario bat nahitaezko eszedentzian:

— Funtzionarioa destinoaren zain dagoenean (gaztelerazko “expectativa de destino”). Egoera hau, gehienez, urtebete luza daiteke; denbora hau behin pasaturik, langilea nahitaezko eszedentzia egoerara pasatuko litzateke. Bestetik, langilea nahitaezko eszedentzian deklara dezakete, baldin eta, destinoaren zain dagoen bitartean, bere betebeharretan huts egiten badu: eskaini zaion destinoari uko egiten badio, konkurtsoetan parte hartzen ez badu eta trebakuntza ikastaroetan parte hartzen ez badu.

Suspentsio irmoan deklaratua izan den eta lanpostua gordeta ez daukan funtzionarioak berriro lanera itzultzea eskatzen badu eta sei hilabetetan lanposturik ematen ez bazaio (epe hau erantuzkizun penal edo diziplinarioa iraungitzen denetik hasiko litzateke zenbatzen).

• Kasu bietan langileek zenbait betebehar dauzkate nahitaezko eszedentzia dauden bitartean, hala nola zenbait kurtso eta konkurtsotan parte hartzea. Betebehar hauetan huts eginez gero, norberaren interesagatiko borondatezko eszedentzia egoerara pasatuko lirateke (365/1995 Dekretuaren 13. artikuluko 2,3 eta 4 atalak)

• Nahitaezko eszedentzia egoeran dauden langileek honako eskubide hauek dauzkate:

– oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte
– seme-alabengatiko prestazio familiarra jasoko dute
– eszedentzian emandako denbora tartea kontuan izango zaie eskubide pasiboetarako eta hirurtekoen zenbaketarako

EAEko funtzionarioak (6/1989 Legea)

EAEko funtzionarioen nahitaezko eszedentzia 6/1989 Legearen 65. artiluluan dago arauturik. Egoera honetara pasatuko dira honako kasuetan:

Langileak betetzen duen lanpostua deuseztatzen bada eta ezinezkoa denean langileari beste destino bat ematea.

Funtzioen suspentsio epea betetzen denean, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzia behin amaituta, langileak berriro lanera itzultzea eskatzen badu eta lanpostu hutsik ez badago.

• Egoera honetan dauden langileek honako eskubide hauek izango dituzte:

– Oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte

– Eszedentzian emandako denbora tartea kontuan izango zaie eskubide pasiboetarako, hirurteen zenbaketarako eta graduaren kontsolidaziorako.

Bestetik, bere eskalarako edo kidegorako (administrazio atalerako) lanpostuak betetzeko egiten diren konkurtso guztietan parte hartu beharko dute. Edozelan, Administrazioak langilea zerbitzu aktibora itzultzera behartu ahal du lanpostu hutsik dagoen momentuan.

Konkurtsoetan parte hartzen ez duten edo, Administrazioak derrigortu arren, zerbitzu aktibora 30 egunetan itzuli ez diren langileak norberaren interesagatiko eszedentzia egoerara pasatuko dira.

Azkenik, Estatuko araudiak ezartzen duen antzera, destinoaren zain dauden funtzionarioak ere nahitaezko eszedentzia egoerara pasa daitezke, bai destinoaren zain egoteko epea gainditu delako, bai langileak Legearen 63.2 artikuluan zerrendatzen diren betebeharretan huts egin duelako.

Nafarroako funtzionarioak (251/1993 Foru Dekretua)

Nafarroako funtzionarioen nahitaezko eszedentzia 251/1993 Foru Dekretuaren 28. artikuluan dago arauturik. Egoera honetara pasatuko dira honako kasuetan:

Zerbitzu berezietan egon diren funtzionarioak. Egoera hori behin amaituta, langilea zerbitzu aktibora itzuli behar da, bere jatorrizko lanpostura, 30 eguneko epean. Hau egin ezean, nahitaezko eszedentziara pasatuko lirateke.

Bateragarria ez den jarduera batean aritzen diren eta jarduera horri uko egin ez dioten funtzionarioak.

Nahitaezko eszedentzian dauden langileek maila, gradua eta antzinakotasuna gordeko dute, baina denbora tarte horretan emandako denbora ez zaie ezein ondoriotarako zenbatuko; era berean, ez dute eskubide ekonomikorik sortuko, hau da, ez dute soldatarik jasoko.