Zaintza betebeharrengatiko eszedentziak funtzio publikoan

Gure bizitzetan zehar, denok daukagu zainduak izateko premia hainbat sasoitan eta, era berean, denok izaten dugu beste inor zaintzeko betebeharra. Honelako kasuetan, eszedentzia eska genezake lanean. Zaintza betebeharrengatiko eszedentzia mota bi daude:

– Seme-alabak zaintzeko eszedentzia
– Senide bat zaintzeko eszedentzia

Funtzionario guztiak

Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua, 89. Artikulua
Funtzionario guztiak: Estatukoak eta erkidegoetakoak, azken hauei geroaro azalduko duguna ere aplikatzen bazaie ere.

• Seme-alabak zaintzeko: gehienez, 3 urteko iraupena (jaiotze, adopzio edo harrera iraunkorraren datatik aurrera zenbatzen hasiko dena).

• Senide bat zaintzeko: gehienez, 3 urte. Baldintzak:

– Gure kargupean egon behar da.

– Senide horrekin daukagun odolkidetasun edo ahaidetasun gradua lehenengoa edo bigarrena izan behar da (gurasoak, aitite-amamak, neba-arrebak… norberarenak zein bikotekidearenak). Ikus. Odolkidetasun eta ahaidetasun graduak.

– Senide hori ezin da bere kabuz moldatu, adinagatik, gaixotasunen bat daukalako, istripuren bat izan duelako, desgaitasunen bat daukalako…

– Gure senideak ezin du ordaindutako lanik egin. Egoerarik ohikoenak: pentsioduna da edo ez dauka diru-sarrerarik.

Sektore pribatuko eszedentzia mota hau azaldu dugunean, esan dugu Langileen Estatutuak zatika hartzeko aukera ematen duela (seme-alabak zein senideren bat zaintzeko). Enplegatu Publikoen Estatutuak, ordea, ez du honelako erreferenztiarik egiten. Aitzitik, “eszedentzia-epea bakarra” izango dela azaltzen du.

Funtzionario bik, pertsona bebera zaintzeko, eszedentzia hartzeko eskubidea balute, Administrazioak muga lezake biek aldi berean hartzea, beti ere honek zerbitzuen funtzionamendua oztopatuko balu. Erabaki hau arrazoitu eta justifikatu beharko luke.

Eszedentzian ematen den denbora kontuan hartuko da hirurteekoetarako, karrerarako eta Gizarte Segurantzako eskubideetarako.

Funtzionarioaren lanpostua urte bitan gorde edo erreserbatu egingo da. Denbora hau pasaturik, herri bereko eta soldata bereko lanpostua gorde edo erreserbatuko da.

EAEko funtzionarioak

• Seme-alabak zaintzeko.
Eszedentzia hau Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legeak arautzen du.

Kasu honetan ere 3 urteko eszedentzia har liteke (jaiotza edo adopzioagatik) eta kasu honetan ere, Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuan bezala, ez da aipamenik egiten zatika hartu ahal den. Hala ere, ez da zehazten ezsedentzia-epea bakarra izan behar denik.

Kasu honetan, bestalde, legeak espreski dio guraso biek ezin izango dutela eszedentzia aldi berean hartu: “euretako bakar batek erabil dezake eskubide hau”.

Eszedentzian ematen den denbora kontuan hartuko da hirurteetarako, graduaren kontsolidaziorako eta eskubide pasiboetarako.

Eszedentzian egon bitartean lanpostua gorde edo erreserbatu egingo da.

Lana edo ordaindutako jarduera egin daiteke, baina, beti ere, bateraezintasun erregimenaren menpe eta jarduera horrek seme-alaben zaintza oztopatzen ez badu.

Eszedentzia amaitu ostean, berriro lanera itzultzea eskatu behar da. Hau egin ezean, norberaren interesengatiko borondatezko eszedentzia egoerara pasatuko litzateke.

• Senide bat zaintzeko.
Eszedentzia hau Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuaren arabera arautzen da. Funtzionario guztientzako atalean azaldutakoa aplikatuko litzateke, beraz.

Nafarroako funtzionarioak

Eszedentzia mota hau Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 27. Artikuluan arauturik dago, “eszedentzia berezia” izenpean.

Seme-alabak zaintzeko: gehienez, 3 urte (jaiotze, adopzio edo harrera iraunkorraren datatik aurrera zenbatzen hasiko dena).

Senide bat zaintzeko: gehienez, 3 urte. Baldintzak:

– Gure kargupean egon behar da.

– Senide horrekin daukagun odolkidetasun edo ahaidetasun gradua lehenengoa edo bigarrena izan behar da (gurasoak, aitite-amamak, neba-arrebak… norberarenak zein bikotekidearenak). Ikus. Odolkidetasun eta ahaidetasun graduak.

– Senide hori ezin da bere kabuz moldatu, adinagatik, gaixotasunen bat daukalako, istripuren bat izan duelako, desgaitasunen bat daukalako…

– Gure senideak ezin du ordaindutako lanik egin. Nafarroako araudian ezberdintasun bat dago puntu honi dagokionez. Beste kasu guztietan ez bezala, hemen “maiztasunez” zehazten du. Hau da, ordaindutako lanen bat egiteko aukerari atea zabaltzne zaio, nahiz eta ezin duen jarduera hau maiztasunez (“con regularidad”) egin.

Eszedentzia berezi hau hartu ahal izateko, langileak ezin izango du beste lanik egin eta hala deklaratu beharko du.

Betetzen den plaza erreserbatzeko eskubidea dago

Eszedentzian emandako denbora kontuan hartuko da antzinatasunerako eta eskubide pasiboetarako (beti ere langile bakoitzaren erregimenaren araudiak ezartzen duenaren arabera).

Eszedentziaren gehienezko denbora behin amaituta, zerbitzu aktibora itzuli beharko da, amaitu eta hurrengo egunean.

Eszedentzia amaitu baino lehenago ere langileak edozein momentutan eskatu ahal izango du lanera itzultzeko. Itzulera adosten denean, 30 eguneko epean bueltatu beharko da zerbitzu aktibora. Horrela egingo ez balitz, funtzionario izaera galduko litzateke.

Aldez aurretik itzultzen bagara lanera, posible daukagu berriro eszedentzia eskatzea (pertsona berbera zaintzeko) harik eta gehienezko denbora agortu arte. Behin baino ezin izango da hau egin eta, gainera, sei hilabete pasatu beharko dira zerbitzura itzuli garenetik berriro eszedentzia eskatu arte.

Diru-laguntzak

Diru laguntzak eska daitezke eszedentzian ematen dugun (eta, hortaz, soldatarik jasotzen ez dugun) denbora honetarako:

  • Eusko Jaurlaritza:

— Seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia edo jardunaldi murrizketa.
Informazioa eta eskaera, HEMEN

— Menpekotasun egoeran dauden senideak zaintzeagatiko eszedentzia edo jardunaldi murrizketa.
Informazioa eta eskaera, HEMEN

Eszedentziengatiko laguntzen zenbatekoak, besteak beste, kontsultatu nahi badituzu, bisitatu Zaintza betebeharrak: jardunaldi murrizketa eta diru-laguntzak orrialdea.

Eta informazio gehiago nahi baduzu EJren orrialde hauek kontsulta ditzakezu:
• Eszedentzia edo murrizketak, oro har: Lanaldi-murrizketa eta/edo lan-eszedentzia
• Covid-19arekin lotutako murrizketak: https://www.covid19laguntzak.eus eta
https://www.euskadi.eus

  • Nafarroako Gobernua

Honelako kasuak subentzionatuko dira:

1. Seme-alabaren batek istripu larriren bat izan badu, ospitalizatu behar izan badute eta zaintzak behar izan baditu, tarte horretan edota geroago ere bai (artikulu osoan zehar “seme-alaba” diogunean, uler dadila jaiotza, adopzio edo harreragatiko seme-alabak direla).

2. Senideren batek gaixotasun edo istripu larriren bat izan badu, ospitalizatu behar izan badute eta zaintzak behar izan baditu, tarte horretan edota geroago ere bai. Senide hau bikotekidea izan daiteke edo odolkidetasuneko lehen gradukoren bat.

3. Seme-alabak zaintzeko, bigarren semea edo alaba, edo hurrengoa, jaiotzen denean eta jaioberriak (edo beste seme-alabaren batek), gutxienez, %33eko desgaitasuna badauka edo menpekotasun egoeran badago. Kasu honetan, beste umeetako bat 6 urtetik beherakoa izan behar da edo 9 urtetik beherakoa, desgaitasunen bat baldin badauka.

4. Seme-alabak zaintzeko, hirugarren semea edo alaba, edo hurrengoa, jaiotzen denean eta 6 urtetik beherako beste umeren bat badaukazu.

5. Seme-alabak zaintzeko, jaiotza, adopzio edo harrera anizkunen kasuan.

Informazio osoa Diru-laguntzak: zaintza betebeharrengatiko eszedentziak (Nafarroa) orrialdean daukazu

 

ESKAERA ORRIAK

OHARRA: Ez daude eredu guztiak eskuragai, baina online dagoena, behintzat, ekarri egin dizuegu.