Nahitaezko eszedentziak sektore pribatuan

2020/05/19

Eszedentziak Langileen Estatutuaren 46.1 artikuluan arauturik daude. Hauxe dio nahitaezko eszedentziaren inguruan:

“La excedencia podrá ser voluntaria o forzosa. La forzosa, que dará derecho a la conservación del puesto y al cómputo de la antigüedad de su vigencia, se concederá por la designación o elección para un cargo público que imposibilite la asistencia al trabajo. El reingreso deberá ser solicitado dentro del mes siguiente al cese en el cargo público.”

Ze kasutan eska daiteke nahitaezko eszedentzia?
  • Kargu publiko bat betetzeko aukeratuak izan bagara.
  • Funtzio sindikalak betetzeko
  • Betebehar publiko bat betetzeko

Honelako kasuetan enpresa behartuta dago nahitaezko eszedentzia ematera, langileak hala eskatuz gero.

– Langileen Estatutuak ez du zehazten zer den “kargu publikoa”, baina jurisprudentziak kontzeptua garatu egin du. Kargu publikoa, hortaz, kargu politikoa da, behin-behinekoa, eta aukeratuak edo izendatuak izan behar gara. Zinegotzi kargua, esaterako, kargu publikoa izango litzateke. Aitzitik, ez dira kontzeptu honetan sartzen enplegu publikoak edo enpresa publikoetako lanpostuak.

– Eszedentzia hau funtzio sindikalak betetzeko denean, Askatasun Sindikalen Lege Organikoaren 9.1.b artikuluan arauturik daukagu. Eszedentzia hau eska dezakete herrialde, Erkidego edo Estatu mailako kargu sindikalak bete behar dutenek eta beti ere sindikatu errepresentatiboenetan baldin bada.

– Langileak betebehar publiko batera derrigortuta dagoenean eta ezin denean lanpostura jarraian joan edo bere jardunaldia bete. Betebehar saihestezin eta izaera pertsonalekoa izan behar da. Honelako kasuak izan litezke, adibidez, zinpeko epaimahaikide (gaztelerazko “jurado popular”) izateko hautatu bazaituzte. Honelakoetan, enpresak ere eszedentzia eman ahal dio langileari, langileak eskatu ez badu ere, hiru hilabetetan zehar langileak lan jardunaldiaren %20 baino gutxiago betetzen badu.

Zelan eskatu nahitaezko eszedentzia?

Jokabiderik egokiena idatziz eta behar besteko denboraz eskatzea da (balizko arazoen aurrean, jasota eta erregistraturik gera dadin). Eskaeran honako hau azaldu beharko litzateke:

            – Langilearen datu pertsonalak eta enpresaren datuak
            – Eszedentziaren hasiera data
            – Eszedentzia ze arrazoigatik eskatzen den
            – Tokia, data eta sinadura (noreberena eta enpresak jaso izana egiaztatzen duena).

Gorde ezazu kopia bat (enpresak sinatutakoa), esan bezala, balizko arazoen aurrean babesteko, batez ere, lanera itzultzea eskatzen duzunean sor daitezkeen arazoak, alegia.

Lehen esan dugunez, enpresa nahitaezko eszedentzia onartzera behartuta dago. Hortaz, ukatuko balizu edo erantzungo ez balu, jarri kontaktuan sindikatuarekin.

Enpresak lanpostua gorde behar dizu

Nahitezko eszedentzian dagoen langile oro bere lanpostua gordetzeko eskubidea dauka, eszedentziak irauten duen denbora edozein dela ere eta langilearen kontratua mugagabea edo behin-behinekoa izanda ere.

Gainera, eszedentzian emandako denbora guztia kontuan hartuko da antzinakotasuna zenbatzeko. Baina, adi, ez egoera guztietarako: ez da aintzat hartuko langabezia prestazioa kalkulatzeko.

Lanera itzultzea

Enpresari, aldez aurretik, lanera itzuli nahi duzula abisatu eta hala eskatu behar zaio. Kasu honetan ere onena da idatziz egitea.

Kargu politiko edo sindikala amaitu eta 30 egun natural dauzkazu lanpostura itzultzeko. Ez bada lanera itzultzeko eskatzen, ulertuko da langileak bere enpleguari uko egiten diola, honek dauzkan ondorio guztiekin (kalte ordainik ez eta langabezia prestaziorik ez). Beraz, pauso oso garrantzitsua da hau.

Esan dugunez, enpresak zeure lanpostua gordetzera eta, eszedentzia amaitutakoan, zu berriro hartzera behartuta dago. Hala ez balitz eta enpresak itzulera ukatuko balizu, hau kaleratze bidegabe edo baliogabea izango litzateke.