Langile interinoen behin-behinekotasuna. Europako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia.

2020/06/26

Administrazio publikoek, Estatukoek zein EAE eta Nafarroakoek, behin-behinekotasuna neurrigabe eta gehiegikeriaz erabiltzen dutela gauza jakina eta zabaldua da. Honela, hainbat eta hainbat langile interinok aldi-baterako kontratuak kateatzera beharturik egoten dira, ordezko kontratuekin egiturazko lanpostuak betetzen dituztela eta batere ziurtasunik gabe euren enpleguan.

Iruzur hau administrazio guzti-guztiek erabiltzen dute, salbuespen barik: Estatukoek, erkidegoek, udalek… Gurean, behin-behinekotasun tasa %40tik gorakoa da (Nafarroan, esaterako, %48 inguru da, Kontuen Ganberak ere abisatu bezala) eta etengabe doa hazten. Gasteiz eta Iruñeko Gobernuek Madrildik datozen mugapen eta debekuak erabiltzen dituzte aitzakiatzat, baina hori ez da arazo bakarra: lehenagotik ere aldi baterakotasun tasa %30 inguruan zegoen eta hainbat kolektibotan ez da deialdirik egin azken 20 urteotan.

Honek guztiak aldi baterakotasunaren gehiegizko erabilera debekatzen duten Europako Zuzenbidearen arauak urratzen ditu (Enplegatu Publikoaren Estatutua ere urratzeaz gain) eta, hori dela eta, berriki gaia Europako Justizia Auzitegi Gorenera arte heldu da, egoera honetan dauden hainbat langileren kasuarekin. Auzitegi honek aurtengo martxoan eman du epaia.

Europako Epaiaren nondik norakoak

Madrilgo Administrazioko zenbait langilek (prozedura ezberdinetan),  aldi baterako kontratuekin denbora luzea eman ostean, Erkidegoari eskatu zioten langile estatutario finkotzat hartzeko edo, honen ezean, antzeko estatutu bat emateko. Erkideagoaren ezezkoaren ostean, errekurtsoa sartu zuten Administrazioarekiko Auzien Epaitegi bitan. Epaitegi hauek, prozedura aurretik, Europako Auzitegiari hainbat galdera luzatu eta zehaztapenak eskatu zizkioten Akordio Markoaren inguruan.

Gogora dezagun zein den Akordio Marko hau eta zer esaten den bertan. 1999an sinatutako Akordio Markoa da, behin-behineko lanaren ingurukoa. Printzipio orokorrak eta gutxieneko neurriak ezartzen ditu, hala nola zer ulertzen den behin-behineko kontratutzat, diskriminaziorik ezaren printzipioa, behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera ekiditeko neurriak…

Izan ere, neurri horiexen ingurukoak argitu behar zituen Europako Auzitegiak, besteak beste (5. klausulan azaltzen direnak). Hala ere, Akordio Marko hau ez doa jarraibideak ematetik baino askoz harago, hau da, ez du neurri zehatzetara behartzen; aitzitik, Estatuen esku uzten du erabakitzea ze nolako neurriak hartuko dituzten jarraibide horiek betetzearren.

Europara heldu dena zera izan da, Madrilgo auzitegiek hainbat galdera hara bideratzea, gutxi gorabehera honela laburbildu ahal ditugunak: ea Estatuan gertatzen ari dena Akordio Markoaren Zuzentaraua urratzen ote duen; urraketa hau dela eta, administrazioak zehatu edo zigortu behar ote diren eta, balizko zigor honetarako, egokia ote den administrazioek ekidin nahi izan duten horrexetara behartzea, hau da, langile hauek finko bihurtzera.

Zer erantzun du Europako Auzitegiak zehazki?

Lehen begiratu batean, esan genezake Europatik ez dela etorri hainbat eta hainbat langile interino itxaroten ari zirena. Izan ere, administrazioaren jokabidea gogor gaitzesten du, baina ez du hainbesteko gogortasunik erakusten hartu beharreko neurrien inguruan edo ezarri beharreko zehapenei dagokienez.

Epaiak Estatu espainolaren abusuzko jokabideak kondenatzen ditu eta ebazten du inork, ezta administrazio publikoek ere, ezin erabil ditzaketela aldi baterako kontratuak gehiegikeriaz. Langileak pairatutako abusuagatik konpentsatuak izan behar direla dio, baina ez du konpentsazio honetarako bide zehatzik ematen; aitzitik, Estatuko epaitegiei dagokiela esatera mugatzen da.

Zehapenen balizko aukeren inguruan zera azaltzen du

— Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe ez finko bihurtzea: honek ez duela ekiditen langile horiek kaleratuak izatea, ordezkatzen duten langilea bere lanpostura itzultzean, plaza amortizatzen bada edo langilea zesatzen bada.

— Kontratu mugagabe bihurtzea: epaiak azaltzen du Akordio Markoak behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera debekatzen duela, baina ez duela langileak finko bihurtzera behartzen (lehen esan dugun bezala, ez du neurri zehatzetara lotzen). Eta zehazten du, bere ustez, Estatuko zuzenbideak aukera hau kanpo uzten duela, finko bihurtzeko modu bakarra hautapen prozeduraren bitartez baita.

— Konpentsazio ekonomikoa: konpentsazio moduan ez ezik, sektore publikoaren aurkako zehapen moduan ere kokatzen du. Eta puntu honetan bai zehazten du ze nolako konpentsazioa izan beharko litzatekeen: “proportzionala, eraginkorra eta disuasorioa”.

Ez du behin-behineko langileak finko bihurtzeko bidea hobesten eta nahiko argi makurtzen da konpentsazio ekonomikoaren biderantz. Jakina, Europako Auzitegiak dioen hau ez da loteslea, baina jarraibidea izan daiteke Estatuko auzitegiek euren erabakia hartzeko momentuan.

Hala ere, epaia errieta izan da Estatuko administrazio publiko guztien kontra –eta hemen sartzen dira, jakina, EAE eta Nafarroakoak, euren jokabidea administrazio espainolena bezain lotsagarri eta iruzurrezkoa baita-. Eta hainbat puntu argi utzi ditu, langile interinoen aldarrikapenei arrazoia emanda:

Egiturazko plaza guztiak lanpostu finkoekin bete behar direla.

— Ordezko langileen figura bakarrik erabil daitekeela aldi baterako bajak betetzeko edo plantilak osatzeko hautapen prozedura egin artean.

— Administrazio publikoek ezin dutela aitzakiatzat erabili oposaketen balizko izozketa.

— Behin-behineko langileen eskubideak errespetatu behar direla, areago, administrazioak berak egiten baitu huts bere betebeharretan, hau da, hautapen prozedurarik gauzatzen ez badu.

Esan bezala, konpentsazio ekonomikoa hobestu arren, Estatuko epaitegien esku uzten ditu hartu beharreko neurriak. Eta, oraintxe aipatutako oinarrietan finkatuta, Alacanteko auzitegi batek finkotasunaren aldeko ebazpena eman berri du.

Alacanteko auzia

Europako sententziaren ostean izan den lehenbiziko epaia daukagu Alacanteko hau. Ekainaren 8koa da, baina, ezer baino lehen, kontuan izan behar dugu lehen instantzian izan dela, hau da, ez da behin-betikoa eta errekurtsoa jar litekeela; eta halaxe egingo duela iragarri du Alacanteko Udalak.

Izan ere, Alacanteko Udaleko langile honek 13 urte emanak zituen zerbitzua ematen, interino moduan, baina “ez aldi baterako eta ohiz kanpoko funtzio koiunturaletan, baizik eta betebehar iraunkor, egonkor eta egiturazkoetan”.

Epai honek, langilea finko egiteko agindu du eta, gainera, argudio interesgarriak ere ematen ditu:

— Erantzun eraginkor, proportzional eta disuasorioa zein izan behar den aztertzera sartzen denean, kalte-ordainaren aukera baztertzen du, behin-behineko kontratazio neurrigabea zehatzeko edo eragin disuasorio izateko baliorik izango ez lukeelakoan. Eta sektore pribatuan erabitzen diren kalte-ordainak jartzen ditu adibidetzat: hauen helburua ez da enpresa zigortzea, aldi-baterakotasunaren gehiegizko erabileragatik, baizik eta langilea konpentsatzea. Eta gehitzen du, benetan eraginkorra eta disuasorioa izateko, kalte-ordainaren zenbatekoa hain altua izan beharko litzatekeela, ezen Administrazioak ezin izango bailioke aurre egin.

— Hortaz, epaileak ebazten du Akordio Markoaren Zuzentarauaren helburuak betetzeko zehapen neurri egokiena dela abusuzko behin-behineko lan harremana lan harreman finko bihurtzea. Honek enplegu egonkortasuna bermatzen duelako, administrazioa disuaditzen duelako eta langileak konpentsatzen dituelako.

— Erabaki honek ez duela araua urratzen zehazten du, zeren eta langileak “interino/laborala izatera heltzeko, hautapen prozedura gainditu baitu […] eta langile poltsetara sartu baita meritu-lehiaketaren hautaketa prozeduraren bitartez” eta gehitzen du zerbiztuetan emandako denbora efektiboa ere baliozta daitezkeen gaitasun eta merituak izan daitekeela.

— Edozelan, lan harreman finkoa izan behar dela ebatzi arren, ez du ezartzen karrerako funtzionarioaren izaera emango zaionik. Hau da, bere lantokian jarraitzeko eskubidea onartzen zaio langileari, baina karrerako funtzionarioaren izaerarik gabe.

Ondorioak

Lehen esan dugun bezala, Alacanteko epai hau lehen instantziakoa da eta errekurritua izango da. Mahai gainean jartzen dituen argudioak direla eta, jarraipen estua egin beharko zaio honen garapenari eta jurisprudentziaren bilakaerari, honek zabal ditzakeen aukerak neurtu ahal izateko.

Hala ere, administrazioetan dagoen behin-behinekotasunaren arazoa ez da epaitegietan konponduko, are gutxiago epaile bakoitzaren borondatearen menpe utzita. Horrek ez du esan nahi baztertu beharreko bidea denik, nahiz eta, momentuz, ez dagoen baldintza egoki gehiegirik. Hala ere, esan dugunez, ikusi beharko da ze nolako bideak zabal daitezkeen, bai epaitgietan, bai epaitegietatik harago, honek izan ditzakeen ondorioetan.

Bestetik, langile interinoen eskubideak bermatu ahal izateko, kontsolidazio prozesuak ezinbestekoak dira. Urteetan hutsik egon diren lanpostuak deialdira atera behar dira, baina administrazioan dagoen egoera kontuan hartuta: urteetan lanpostu horietan egon diren lagunei lanpostua egonkortzeko aukera onartu, beti ere administrazioko lanpostu hori eskuratzerakoan berdintasun eta gardentasun printzipioak gorde badira. Honetarako, tresna legal propioak beharrezkoak dira, kontsolidazio prozedura horiek dauzkagun arazo eta premia propioei erantzuna eman ahal diezaioten.