Soldata gordina eta soldata garbia
Soldata gordina eta soldata garbia kontzeptuek berebiziko garrantzia daukate, hilabetean zenbat kobratuko duzun jakiteko ez ezik, nomina bera zelan dagoen egituratuta ulertzeko ere bai.
Lehenengo eta behin, soldata barruan zer sartzen den eta zer ez ikusiko dugu.
Zelan dago egituratuta soldata?
Soldata negoziazio kolektiboan egituratzen da, hau da hitzarmenetan. Edozelan, enpleatzailearekin zuzenean negoziatu beharko bazenu, kontzeptu hauek argi izan beharko zenituzke.
• Oinarrizko soldata: denboraren araberako soldataren partea da. Hitzarmenetan kategoria bakoitzari dagokion kantitatea adierazten da.
Oinarrizko soldataz gain hainbat osagarri ere jaso daitezke. Hauek ezberdinak izan ahal dira:
– Osagarri pertsonalak: ezagupen bereziengatik (hizkuntzak, adibidez)
– Antzinatasuna
– Lanpostuaren araberako osagarriak: lan nekeza izateagatik (“penosidad”), txandaka edo gauez lan egiteagatik, produktu toxikoekin lan egiteagatik, lan arriskutsua izateagatik.
• Aparteko orduak: hitzarmenetan adierazten da aparteko orduen balioa; hala ere, ezin da sekula izan ordu arrunta baino txikiagoa. Kontuan izan behar da aparteko orduak atsedenaldiaz ordaindu daitezkeela.
• Aparteko ordainsariak: udako eta neguko aparteko pagak izan daitezke (baliteke prorrateaturik jasotzea) edota partizipazioak irabazietan. Hainbat hitzarmenek, geroz eta gutxiago badira ere, 15. paga ere jasotzen dute, “paga beneficios” deitu ohi dena.
• Azkenik espezietan jasotzen den soldata ere aipatu behar da. Hauek zeregin partikularretarako erabiltzen diren enpresaren ondasunak dira. Adibidez, bazkari tikeak, garraio plusa, haurtzaindegi zerbitzua… Espezietan jasotzen den soldata ezin da soldata osoaren %30 baino gehiago izan.
Aitzitik, langileari ematen zaizkion konpentsazioak ez dira soldatatzat jasotzen, hau da, laneko arropa erosteko jasotzen den dirua edota dietak. Era berean, kaleratzeengatik edota leku aldatzeengatik jaso daitezkeen kalte ordainak ere ez dira soldata (tramitazio soldatak izan ezik, jakina).
Zer da soldata gordina?
Hitz bitan azaltzeko, soldata gordina langileak jasotzen duen kantitate osoa da, kenketak eta kotizazioak barne.
Hau da, enpresak nominan ordaintzen digun diru osoa da, baina guk ez dugu kantitate hori guztia jasoko, hortik PFEZ kenketak eta Gizarte Segurantzari kotizazioak ordaindu behar direlako. Soldata gordina nominan “devengos” atalean kontzeptuz kontzeptu agertuko zaizu eta orokorrean “total devengado” izenpean. Era berean, kenketak “deducciones” eta “total a deducir” atalean azalduko dira.
Hau kontuan izan beharko duzu lan eskaintza batean jasoko duzun soldata gordinaz hitz egiten badizute, diru hori ez baita izango etxera eramango duzuna.
Zer da soldata garbia?
Soldata garbia, laburbilduz, langileak eskuratzen duen diru kopurua da, PFEZ kenketa eta Gizarte Segurantzari kotizazioen ostean.
Gizarte Segurantzari zenbat kotizatzen zaion jakiteko, ikusi behar da zure kontratua aldi baterakoa den edo kontratu mugagabea, kontratu motaren arabera portzentaia ezberdinak kotizatzen baitira: aldi baterako kontratua badaukazu, Gizarte Segurantzari soldata gordinaren %6,4 kotizatuko diozu; kontratu mugagabea bada, aldiz, %6,35. Demagun 1.000 euro gordin kobratzen dituzula, aldi baterako kontratua badaukazu, 64 euro Gizarte Segurantzara joango liratezke eta, kontratu mugagabeaz, 63,5 euro.
Bestetik PFEZ kenketa daukagu, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (gazteleraz, IRPF). Hau ez da ehuneko finkoa, jasotzen duzun soldataren eta egoera pertsonalaren arabera (seme-alabarik badaukazu, kasu) aldatzen baita.
EAEn eta Nafarroan bertoko Ogasunek kudeatzen dute zerga hau eta, hortaz, eskalak ez dira Estatuko berberak. Hemen kontsultatu ahal duzu Ogasun bakoitzak ezartzen dituen mailak:
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA
Lan etekinen ehuneko bat kentzen zaigu nominatik bertatik. Hala ere, ehuneko hori berez ordaindu behar duguna baino txikiagoa bada, errenta aitorpena egiten dugunean, diferentzia ordaindu beharko dugu. Beraz, kontuz! enpresak ehuneko oso txikia kentzen badu zure nominatik, baliteke sustua hartzea aitorpena egiten duzunean. Enpresa dagokizun ehunekoa kentzera behartuta dago, baina adi egon, badaezpada. Gainera, oso gutxi kobratu arren, bi ordaintzaile badauzkazu errenta aitorpena egin behar duzu derrigor, eta kontratu hauetako bat urtebete baino gutxiagokoa balitz, baliteke erretentzioa gutxienekoa izatea (hau da, %2). Honelakoetan oso posible da errenta aitorpena egiten duzunean, ordaindu behar izatea.