[Bete beharreko baldintzak berberak dira inoren konturako langileentzat zein langile autonomoentzat]


Denok ondo dakigunez, 2011n erretiro adina atzeratu eta kotizatu beharreko urteak luzatu ziren. Hau progresiboki ari da aplikatzen ordudanik, 2027. urtera arte.

Kotizatu ditugun urteen arabera, aukera bi dauzkagu: oraindik posible da 65 urterekin erretiratzea, baina, horretarako, kotizazio karrera luzea beharrezkoa da (2026an, 65 urterekin erretiratu ahal izateko, gutxienez, 38 urte eta 3 hilabete kotizaturik izan beharko genituzke). Bestela, gutxieneko kotizazio horien ezean, erretiro adina luzatuko litzaiguke.

Honetaz guztiaz gehiago jakin nahi baduzu, begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikulu honi:

Edozein kasutan, erretiro adina aurreratu ahal da.

Aldez aurretiko erretiroa hainbat arrazoirengatik edo hainbat kasutan har daiteke:

– Langilearen borondatez: erretiro adina urte bi aurreratu ahal dugu, beti ere hainbat baldintza betetzen baditugu. Hauxe da artikulu honetan jorratuko dugun kasua.

– Jarduera edo lan bereziki arriskutsu, toxiko edo kaltegarriak direnean, hala nola, meatzaritzan aritu diren langileak, trenbideetako zein hegaldietako langile zehatz batzuk, suhiltzaileak…

– Nahitaezko erretiroa (langilearen borondatetik haragoko arrazoiengatik). Erretiroa lau urtez aurrera daiteke, beti ere zenbait baldintza betetzen badira eta lanaren amaiera honako kasuren batengatik suertatu bada: kaleratze kolektiboagatik, kaleratze objektiboagatik, enpresarioaren heriotzagatik, enpresaren desagerpenagatik…

%45 edo %65eko desgaitasun mailak dauzkaten langileen kasuan.

Zenbat urterekin eskatu ahal da aldez aurretiko borondatezko erretiroa?

Erretiro-adin legalera heldu baino urte bi (24 hilabete) lehenago hartu ahal da. Hau gehienezko aurrerapena da, baina hortik behera, nahi dugun denbora aurreratzeko eska genezake, baita hilabete soil bat ere.

Hortaz, ezer baino lehen, argi izan behar dugu zein izango litzatekeen erretiro-adin legala gure kasuan.

Honela, 2026an, erretiro-adin legala honakoa da:
               – 65 urterekin, baldin eta, gutxienez, 38 urte eta 3 hilabete kotizaturik badauzkagu.
               – 66 urte eta 10 hilabeterekin, 38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago kotizatu badugu.

Eta aldez aurretiko erretiro-adina, bestetik:
               – 63 urterekin eska genezake, baldin eta, gutxienez, 38 urte eta 3 hilabete kotizaturik badauzkagu
               – 64 urte eta 10 hilabeterekin, 38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago kotizatu badugu

Laburbilduz, urtero aldez aurretik erretiratu ahal izateko gutxieneko adina atzeratzen da, erretiro-adin legalak egiten duen bezalaxe.

Hasieran esan dugunez, erretiro adinaren atzerapen progresibo hau 2011ko erreformak ezarri zuen eta 2027an amaituko da. Beraz, aldez aurretiko borondatezko erretiroa honelaxe izango da aurten eta datorren urtetik aurrera:

URTEA

Zenbat urte kotizatuta

Adina

2026

Gutxienez 38 urte eta 3 hilabete

63 urte

38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago

64 urte eta 10 hilabete

2027tik aurrera

Gutxienez 38 urte eta 6 hilabete

63 urte

38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago

65 urte

Bete beharreko baldintzak

– Oraintxe esan bezala, erretiro-adin legala baino urte bi gutxiagorekin jubila gaitezke, gehien jota. Hau da, gehienez urte bi aurrera dezakezu, nahiz eta denbora laburragoa ere izan daitekeen. Izan kontuan aurreratzen duzun hilabete bakoitzeko pentsioa murriztuko zaizula, geroxeago ikusiko dugunez.

Alta egoeran edo alta pareko egoeran egon behar zara.

GABEALDIAK:
Gutxienez, 35 urte efektiboki kotizaturik izan behar dituzu (gabealdi orokorra). Kotizazio hauen zenbaketarako gizonezkoen derrigorrezko soldadutza, soldadutzaren ordez egindako prestazio soziala edo emakumeentzako derrigorrezko zerbitzu soziala ere hartu ahal izango dira kontuan. Gehienez, urtebete gehitu ahal izango da gure kotizazioetara.

Kotizatutako urte hauetatik 2, gutxienez, azken 15 urteetan izan behar izan dira (gabealdi espezifikoa).

Gabealdiez gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Baldintza hauetaz gain, geratuko zaizun pentsioaren zenbatekoa ezin izango da gutxieneko pentsioa baino baxuagoa izan. Puntu hau hobeto azalduko dizuegu apur bat aurrerago.

Koefiziente murriztaileak

Aldez aurretik erretiratu nahi baduzu, kontuan izan behar duzu pentsioari koefiziente murriztaile batzuk aplikatuko zaizkiola. Honek pentsioaren zenbatekoa jaitsiko du.

Koefiziente murriztailea zera da, pentsioaren zenbatekoari deskontatzen zaion portzentaje zehatz bat. Aurreratzen duzun hilabete bakoitzeko portzentaje handiagoa izango da eta, honetaz gain, pilatuta dauzkazun kotizazioen arabera ere aldatuko da (zenbat eta kotizazio gehiago, orduan eta penalizazio txikiagoa). Koefiziente hauek %21tik %3,26ra artekoak izan daitezke, ondoko taulan ikusiko duzunez.

Esan behar da zigor edo penalizazio hauek lehen hiruhilekoka ezartzen zirela. Hala ere, PSOEren 2021eko erreformarekin hilabeteka zenbatzera pasatu zen. Honek esan nahi du koefiziente murriztaileak are gehiago gogortu zirela edo, bestela esanda, pentsioaren zenbatekoa are baxuagoa dela orain.

⇒ Aldez aurretiko erretiroa eskatzen duzunean langabezia subsidioa jasotzen ari bazara (eta, gutxienez, hiru hilabetez jasotzen egon bazara), beste murriztapen koefiziente batzuk aplikatuko zaizkizu: nahitaezko erretiroagatik (langilearen borondatetik haragoko arrazoiengatik) aplikatzen diren berberak. Hauek ere kotizatutako denboraren arabera eta aurreratutako hilabeteen arabera aldatzen dira, baina onuragarriagoak dira: %15 eta %0,50era bitartean. Beste taula hau Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 207 artikuluan kontsulta dezakezu.  

Geldituko zaizun pentsioa gutxienekoa baino altuagoa izan behar da

Badakizuenez, legez gutxieneko pentsioak ezartzen dira urterik urte. Gutxieneko zenbateko hauek langilearen egoera pertsonalaren arabera aldatzen dira. Honela, esaterako, 2026rako gutxieneko pentsioak honakoak dira:

— 65 urte edo gehiago: 13.106,80€ urtean
— Bikotekidea kargupean baduzu: 17.592,40€ urtean

Aldez aurretik erretiratu nahi bazenu eta, kalkulu guztiak behin eginda, legokizukeen pentsioaren zenbatekoa aipatutako kantitateetatik beherakoa balitz, ezingo zinateke erretiratu (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 208.1.c) artikulua).

Arau espezifiko honen arrazoia argia da. Kantitate hauetatik behera dagoen pentsioa onartzen bazaizu, gutxienekoen osagarria eska zenezake. Honek aparteko kostu bat ekarriko luke eta, gainera, koefiziente murriztaileak neutralizaturik geratuko lirateke. Bestela esanda, araua bera ezerezean geratuko litzateke, Gizarte Segurantzak batetik kentzen dizuna (penalizazioak) bestetik osatu beharko litzaizukeelako (osagarrien bitartez).