2023an indarrean hasi diren azken aldaketak kontsultatzeko, joan beste artikulu berri honetara:

Desgaitasuna duten langileen aldez aurretiko jubilazioa

2020/10/28

Gutxienez %45 edo %65eko desgaitasun graduak dauzkaten langileek euren jubilazio adina aurrera dezakete, pentsioaren zenbatekoa kaltetu barik.

Hau guztia dekretu bitan dago arauturik:

• Gutxienez %45eko desgaitasuna daukaten langileen jubilazio aurreratua: 1851/2009 Dekretua
• Gutxienez %65eko desgaitasuna daukaten langileen jubilazio aurreratua: 1539/2003 Dekretua

Desgaitasunak dauzkaten langileentzat lan jardunak, berez, neke eta esfortzu handiagoak dakartza, baina, honetaz gain, hainbat desgaitasunek bizi itxaropena laburtu ere egin dezakete. Hori dela eta, justua da langile hauek aukera izatea lehenago jubilatzeko desgaitasunik ez daukatenek baino. Beste kontu bat da legea, dagoen moduan, nahikoa ote den eta behar den bezala ematen ote dien erantzuna kolektibo honen premiei.

Hasiera batean, 2003an, %65eko desgaitasuna daukaten langileentzako neurria argitaratu zen, baina hainbat eta hainbat lagun bazeuden, desgaitasun maila txikiagoa izan arren, aldez aurretik erretiratzeko aukera izan behar zuketenak oraintxe aipatutako arrazoiengatik. Honela, 2009an %45eko desgaitasuna daukaten langileentzako neurria ere ezarri zen.

%45eko desgaitasuna duten langileen jubilazio aurreratua

• Erretiroa 58 urteetara aurreratuko litzateke.

• Esan bezala, gutxienez %45eko desgaitasuna aitortuta izan behar da. Gainera, legeak zerrendatzen dituen arrazoiengatik izan behar da. Hauen artean daude, besteak beste: desgaitasun intelektuala; garun-paralisia; anomalia genetikoak, hala nola Down sindromea, akondroplasia edo fibrosi kistikoa; autismo eremuko arazoak; postpolio sindromea; hartutako garun-kaltea; eskizofrenia edo arazo bipolarrak bezalako gaixotasun mentalak; alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) edo esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasun neurologikoak eta abar

Inoren konturako langileak eta langile autonomoak sartzen dira barne.

• Desgaitasun egoera honekin, gutxienez, 15 urtez lanean egon behar izan zara.

Lan egindako denbora efektiboa: ez da zenbatuko lanera huts egin duzun denbora. Salbuespenak:
            – Gaixotasun edo istripuagatiko bajak (arruntak zein lanekoak)
            – Gurasotasun bajengatik edo haurdunaldi zein edoskitzerako arriskuagatik kontratua etenda egon den denbora.
            – Ordaindutako baimen eta lizentzien denbora

• Jubilazioa aurreratzen den denbora kotizatutzat hartuko da oinarri erregulatzailea kalkulatzeko; hortaz, aurrerapen honek ez lioke pentsioaren zenbatekoari eragin beharko.

⇒ 2019ko irailean INSSek irizpide berri bat argitaratu zuen. Honela, %45eko gradua hiru modutan egiazta daiteke:
            – %45 osorik eta bere horretan legeak zerrendatzen dituen desgaitasunen bat dela eta.
            – Hainbat desgaitasun edo gaixotasun ezberdinen portzentajeak batu eta %45era heltzen bagara. (aipatutako baten bat –baina ez denak- zerrendatutako gaitzen artekoa izan behar da).
            – %45era hel gaitezke, era berean, “faktore sozial osagarrien” portzentajea gehituta.

%65eko desgaitasuna duten langileen jubilazio aurreratua

• Erretiro adina aurreratuko litzateke, geroxeago ikusiko dugunez, koefiziente batzuk aplikatuta.

• Kasu honetan edozein arrazoigatiko desgaitasuna hartuko da kontuan (gogoratu aurreko atalean arrazoi zehatz batzuk zirela beharrezkoak).

Inoren kontura aritzen diren langileak hartzen ditu aintzat (nekazaritzan eta itsasoan lan egiten dutenak barne), baina ez dio ezer langile autonomoen inguruan.

• Dagokigun erretiro adina (ikus. Jubilazio pentsio kontributiboa) murriztuko dugu koefiziente batzuk aplikatu eta gero. Hau da, efektiboki lan egin dugun denborari koefiziente hauek aplikatu eta emaitza hori jubilazio adinetik murriztuko genuke.

            – 0,25: gutxienez %65eko desgaitasuna badaukagu
            – 0,50: gutxienez %65eko desgaitasuna badaukagu eta eguneroko bizitzarako norbaiten laguntza behar badugu (hau egiaztatu behar da, jakina)

Bestela esanda, %65eko desgaitasunarekin lan egin dugun urte bakoitzeko, jubilazioa 0,25 urte edo 0,50 urte aurreratu ahal izango dugu.

Lan egindako denbora efektiboa: ez da zenbatuko lanera huts egin duzun denbora. Salbuespenak:
            – Gaixotasun edo istripuagatiko bajak (arruntak zein lanekoak).
            – Gurasotasun bajengatik edo haurdunaldi zein edoskitzerako arriskuagatik kontratua etenda egon den denbora.
            – Ordaindutako baimen eta lizentzien denbora.

• Jubilazioa aurreratzen den denbora kotizatutzat hartuko da oinarri erregulatzailea kalkulatzeko; hortaz, aurrerapen honek ez lioke pentsioaren zenbatekoari eragin beharko.

 

Aurrerapen bien baldintzak betetzen dituzten langileek aukeratu ahal izango dute zein datorkien hobetoen, hau da, ze formula den onuragarriagoa eurentzat, 1851/2009 Dekretuak ala 1539/2003 Dekretuak ezartzen duena, alegia.